Bueltan da Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte eszenikoen Jaialdia. Hamaika modu izateko, sentitzeko, maita-tzeko eta bizitzeko izango da aurtengo edizioaren leloa, eta bere programazioan islatuko du hori jaialdiak. Aurten, zehazki, garrantzia berezia emango diote genero identitateari eta adierazpenari. Horretarako, 150 proiekzio eta jarduera antolatu dituzte. Sexu orientazioaz harago joan, eta sexu aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi diete. Astelehenean hasi eta martxoaren 8an amaituko da jaialdia.

Programazioan leku berezia izango du LGTBI+ pertsonek jasaten duten indarkeriak eta suizidioen ikusgarritasunak. Hain zuzen, horrekin hasiko da jaialdia; astelehenean, Arriaga An-tzokian egingo den inaugurazio ekitaldian Mi pequeño gran samurai film laburra estreinatuko dute. 2018an bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi Ondarroako trans gaztearen bizitza kontatzen da lan horretan.

3 KATEGORIA, 22 FILM

Guztira 22 film luze lehiatuko dira Sail Ofizialean, hiru kategoriatan banatuta: FIK, DOK eta KRAK. Lehenengoan, nazioarteko jaialdietatik heldutako fikziozko film luzeak izango dira. Bigarrenean, film luze dokumentalak, eta azkenengoan, proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak bilduko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Sail Ofizialean Euskal Herrian sortutako lan bat egongo da; Iban del Camporen (Arrasate, 1971) Glittering Misfits. Del Campo “gogotsu” dago azken hamar urteetan eskuartean izan duen lana ikusleekin partekatzeko eta zer harrera izango duen jakiteko. Zinema industria “oso kontserbadorea” dela uste du arrasatearrak eta “baztertu” egin izan direla Zinegoak-en ikusgarritasuna ematen zaien errealitateak. “Nire pelikulako pertsonaientzat, adibidez, burlesquea askatasun bidea izan da, eta horrelako jaialdiak antzeko zerbait dira”, azaldu du.

Film laburrak ere izango dira Zinegoak-en, guztira, 45. Hainbat herrialdetakoak dira, baina badaude euskal produkzioak ere; zazpi, hain zuzen. Nora Alberdiren (Azpeitia, 1997) Kuraiosa da horietako bat. Lehenengo dokumentala du, eta “sexualitatea, edertasuna eta gorputza” izan ditu ardatz, besteak beste. “Gai horiek oraindik ere ikusarazi egin behar dira, eta beharrezkoa iruditzen zait horrelako jaialdiak antolatzea”, adierazi du Alberdik.

Zinegoaken film laburren hautaketa zabala izango da aurten ere: guztira 45 lan izango dira, nazioarteko hainbat herrialdetatik jasotakoak, eta hainbat gairi buruz. Beste urte batez, Emakumeak eta Haurtzaroa eta Nerabezaroa zikloak izango dira, eta berritasun nagusi bi izango dira: alde batetik Indarkeria patriarkalak, patriarkatuak hainbat arlotan bultzatzen duen bortizkerien inguruan; eta, bestetik, Gorputz errebeldeak, gorpu-tzek har ditzaketen hamaika forma eta identitateen ingurukoak.

LAU LAN ESZENIKO

Horrez gain, lau lan eszeniko ere izango dira jaialdian. Besteak beste, Lurrun Minez antzezlanaren aurrestreinaldia egingo da, La Fundición-en eta Loraldiaren lankidetzarekin. Berritasun moduan, Bilgune Vermut saioak egingo dituzte, hainbat proiekzioen inguruko eztabaidak egiteko beta bezala, eta Europa hegoaldeko LGTBI+ jaialdien arteko topaketa bat ere antolatuko dute, Paristik, Lisboatik, Tesalonikatik eta Milanetik iritsitako jendearekin.

HEDAPENA

Behin jaialdia amaituta, martxotik aurrera, Euskal Herriko hainbat txokotara eramango dituzte Zinegoak jaialdian eskainitako lanak. 60 udalerri baino gehiagotan 70 proiekzio inguru egingo dituzte, eta hala, herri txikienetan ere aukera izango da ohiko zinema zirkuituetan egoten ez diren filmak ikusteko.