Musika

Skakeitan: "Aspertzea oso garrantzitsua da sortzeko"

'Nola galdu denbora' estudioko laugarren diskoa aurkeztu du Skakeitan taldeak. Rocka eta doinu elektronikoak dira nagusi, hastapenetako ska erritmoetatik aldenduta. Otsailaren 14an egingo dute zuzeneko aurkezpena, Donostiako Dabadaban

24.01.2020 | 12:33
Argazkian, Skakeitan taldea osatzen duen zortzikotea: Pello Armendariz, Julen Idigoras, Borja Anton, Asier Iriondo, Olatz Salvador, Aitor Valcarlos, Gorka Valcarlos eta Ander Zabala.

Hamaika urte pasa dira Skakeitan taldea publiko egin zenetik, eta bidean ehunka kontzertu eman, hainbat proiektutan parte hartu eta lau disko kaleratu dituzte: Ahots gabekoen ahotsa (Mauka, 2012), Orekariak (Mauka, 2014), Galera (Mauka, 2016) etorri ziren lehenago; orain heldu da Nola galdu denbora (Mauka, 2019) lan berria. Egun, zortzi taldekidek osatzen dute taldea. Pello Armendariz (Donostia, 1991) abeslaria eta Olatz Salvador (Donostia, 1990) teklatu-jotzailea eta koroetako abeslaria taldearen eboluzioaz, estilo aldaketaz eta Skakeitan eta egunerokoa uztartzeko egindako ahaleginaz mintzatu dira. 

'Estudioko laugarren lana plazaratu berri duzue: Nola galdu denbora'. Aurrekoak 'Galera' zuen izena. Bietan dago galtzearen inguruko hausnarketa. Arrazoiren bat?

Pello Armendariz: Zintzoak izanda, kasualitatea izan da. Disko berri honetan, Bi minutu deitzen den abestiak egiten du diskoaren laburpena, esanahi indartsua hor dago. Ideia da egun ez daukagula gaitasunik denbora edo agenda markatzeko, gure egunerokoa besteek baldintzatzen digute. Norberak ez du benetan aukeratzen zer egiten duen. Nola galdu denbora-k, egia esan, galtzearen esanahi despektiboa dauka, baina abesti honek hitz egiten du guzti honetaz: nola gauden desjabetuak era horretan; ihesbide bat da abesti hori. Gainon-tzeko kantetan ere gauza horietaz hitz egiten dugu. Baita ere nola pasatzen ditugun egunak idealei jarraitzen, perfektua denaren esperoan, baina ez dena iristen.

Olatz Salvador:  Azken batean, gizarte honek gutaz espero duena da produktibo izatea eta hori denbora guztian daukagu inposatuta. Denbora galtzea ekintza iraultzaile bat da, ez delako gutaz espero daitekeena.

P.A: Bai. Nagitasun eskubidea aldarrikatu nahi izan dugu diskoan, nolabait.  

O.S: Izan ere, denbora galtzean, agian, denbora irabazten ari zara, zure denbora dena, eta bizitzak markatzen dizkigun erritmoekin ezinezkoa da hori. Sorkuntzarako ere oso garran-tzitsua da edukitzea orri zuri hori.

P.A: Aisialdia oso garrantzitsua da; eta asper-tzea ere oso garrantzitsua da sortzeko.

Hamaika urte igaro dira Skakeitan izenpean bidea hasi zenutenetik. Estilo aldaketa "nabarmena baina progresiboa" izan dela diozue, eta baita doinu eletronikoen presentzia handia duela disko honek. Zer nolako bilakaera izan duzue?

P.A: Garai ezberdinak egon dira Skakeitanen. Lehenengo diskoa aurkezpena izan zen eta Skakeitan izenak esaten duen bezala, ska mugimenduan mugituz hasi ginen.

O.S: Ska, reggae eta rocka beti egon dira. Jendeak asko gogorarazten digu: "zenbat aldatu zareten!". Eta bai, baina hamar urtean zein ez da aldatu? Eta eskerrak aldatu garen! Nik uste dut hori dela naturalena, eta hori dela bizirik jarraitzen dugunaren seinalea. Ez zaigu hainbeste inporta zein etiketatan sartuko garen: oraintxe bertan jendeak ez daki gu non sartu ere. Orain rocka da nagusi gure musikan, baina jendeak ikusten du elektronikoa balitz bezala, eta egia da elektronika badagoela, baina? momentuan momentukoa.

P.A: Beti. Guri asko gustatzen zaigu rocka. Nik uste dut egin izan dugula beti guri gustatzen zitzaiguna, guk entzun nahi genuena. Baditugu gure barne iraultzak eta ez dugu izan nahi errepikapen bat. Disko berdina egin dezakegu behin eta berriz, baina zintzoak eta gardenak izanez, hau da gu garena. Eta hori gertatu da garai guztietan, hori izan da uneoro. Horregatik izan da pixka bat graduala.

Aurretik egindakoa entzutean zer sentitzen duzue?

O.S: Oso atzera joanda, gaztetasun eta esperien-tzia falta bat ikusten duzu, distantziatik. Eta letrei erreparatuz pentsatu dezakezu: "gaur egun hori ez nuke horrela egingo".

P.A: Espontaneotasuna. Eta gaur egun ez genuke horrela esango; gizartea eta gu ere zen-tzu horretan aldatu gara. Aspaldi idatzitako letra batek dituen konnotazioak gaur egun ez ditugu berriro ikusten. Ez pertsona bezala, eta ezta ere gizarte ikuspegitik. Halere, badaude abesti batzuk zure ikusten dituzunak, eta oraindik ere badago lotura hori. Azkenean, zuzenekoetan ere hori eramaten dugu gurekin. Gu gara azkenean. Banaketa horretan badago gure izaeraren zati bat.

Badago aldaketa, garai eta disko guztiak batzen dituen zerbait?

P.A: Hasieratik hona dagoen haria da gu garela.

O.S: Nik ere hori esango nuke. Gure aldaketa guztiekin gu gara. Hasieran gu ginen eta orain ere gu gara, gu gara momentu bakoitzeko gu. Azkenean, letra gehienak Peiok egiten ditu eta letra gehienetan ikusten da Peioren marka.

P.A: Dena den, Galera-rekin egin genuen apustu ausartena, hor hasi zen aldaketa. Baina kuriosoa da. Orain egiten dizkiguzuen galdera guztiak Galera-n ez ziren horrela etorri. Asko harritzen nau zergatik galdetzen diguten hainbeste estilo aldaketagatik, orduan ez zigutenean galdetu. Orekariak diskotik Galera-ra dago saltorik handiena, hor izan zen apustu ausartena. Eztabaida bat izan zen: sartuko ditugu berriz ska erritmoak, edo ez? Ba gogorik ez badaukagu, zergatik sartu? Kasu horretan abestiren baten edo bestean agertzen dira reggae eta ska erritmoak, baina gehienak rocka ziren eta hip-hopari indar gehiago eman genion. Rocka eta elektronika gehiago.

Urte eta erdiren ondoren bueltatuko zarete Donostiara, etxean jotzera, otsailaren 15an. Prest al zaudete?

O.S: Badakigu sarrera guztiak agortu direla, eta horrek ematen dizu abiapuntu bat oso polita, berme bat edukiko duzulako. Donostian, gure jendearekin, egingo dugu; eta, aldi berean, izan daiteke baita ere urduritasun puntu bat. Azkenean, etxean jotzea berezia da eta beti da urduri jarriko gaituen zerbait. Gauza horiek ez dira pasatzen urteak joan ahala, jarraitzen dugu ilusio berdinarekin eta orain entsegu pila batekin. Nik uste dut zerbait oso polita hasiko dela berriro. Kontzertu gehiago egiten goazen neurrian joango gara erosoago sentitzen, baina lehenengoa oso garrantzitsua da ondo eta sentsazio onekin hasteko.

P.A: Babestuta ere egongo gara. Indar gehiagorekin sartzeko indarra ematen dizu lokal horrek; eta segurtasuna urduritasunarekin batera. Agian lokal bat ez betetzeak bai ematen dizula urduritasunak gora egiteko motibo gehiago. Egia da etxekoak kontzertu zailak izaten direla. Kanpoan jo izan dugunean jotzen dugu erlaxatuta, barrura begira. Baina etxean denean hurbileko jende asko dago; familia, lagunak, eta kasu horretan zure barruaren parte dira,  sumatzen duzu presio hori. Haien aurrean zaude, eta haiek badakite zure maskara zein den. Ezin dituzu engainatu. Polita baina arraroa da sentsazioa.

O.S: Niri askotan pasatzen zait nire munduan  egonda, bat-batean aurrera begiratu eta jende ezaguna ikusten baldin badut, atera egiten nautela. Badakit hor daudela, eta hor sentitzen ditut, baina, aldi berean, apur bat deskontzentratzen naute.

Gainera, zortzi taldekide zarete. Nola antola-tzen zarete zuen bizitza pertsonala eta Skakeitan tartekatzeko, eta zuen artean kointziditzeko?

O.S: Honetan meritu bat aitortu behar diogu gure buruari, eta da lehentasun handia eman diogula taldeari; dedikazio handia eduki dugu betidanik. Ni taldean sartu nintzenetik bi entsegu egiten ditugu astean, eta hori bada lehentasun bat markatzea zure bizitzan, eta gauza askori uko egitea baita ere, plan askori ezetz esatea. Plan pila bat galdu ditugu Skakeitanengatik, eta hori ere aukerabat izan da. Bere fruituak eman ditu, baina lan eta denbora handia inbertitu dugu honetan. Gure artean ere beti eduki ditugu gorabeherak, azkenean, familia bat bezala garelako. Konfiantzak ere ematen dizu testuinguru bat eta azkenean harreman bat egoteak baldintzatzen du beste guztia. Baina nik uste guztiaren gainetik nabaritzen dela elkarri estimu handia diogula, eta hori da gakoa. 

P.A: Ardatz bat izan da hori. Skakeitaneko jendea da haiekin egon nahi dudan jendea, eta horrek asko egiten du. Gauzei errazago esaten diegu ezetz ardatza izan delako gu hasieratik lagunak ginela. Hori izan da klabea. Azkenean bi lan dira. Guk gure lana daukagu, dirua ateratzeko egiten dugun lan hori, eta gero Skakeitan edo ditugun beste proiektuak daude. Denak dira lanak, baina hau da gustura egiten dugun bat.

Diskoan kolaborazio bat dago Tremenda Jauria taldearekin, 'Me Voy' kantuan.

O.S: Oso pozik gaude. Tremenda Jauriakoen musika gustatzeaz gain, harreman bat sortu dugulako beraiekin. Kontzertuetan kointziditu dugu eta tratu oso sanoa eta ona eduki dugu beti, eta nik uste abestiak eskatu zigula beraiengan pentsatu izana.

P.A: Tremenda Jauriak abesti honetan egon behar zuen. Abesti hori festa askeen errebindikazio bat da. Euren filosofia gustatzen zaigu, estilo aldetik ere abestirik elektronikoena da hau. 

Beste berritasun bat izan da hiru ekoizle berrirekin jardun zaretela eta Euskal Herritik kanpo ere, Londresen, grabatu dituzuela hainbat kantu. Nolako esperientzia izan da?

P.A: Prozesu polita izan da, ikusi dugu gure abestien potentziala zein den. Masterclass bat izan da, zuzenean ikusi genuen Londresen Eliot Jamesek bertan nola lantzen zituen gure doinuak. Jendeak magia egiten du, eta ongi inbertitutako dirua izan da diskoa Euskal Herritik kanpo nahastea.

O.S: Hau da arriskatzearen isla, pausu bat gehiago eman nahi izatea eta talde bezala hazi nahi izatea. Emaitzan nabaritzeaz gain, Londresera joatearen esperientzia hori konpartitzea bada prozesuaren parte inportante bat. Ni eszeptikoagoa nintzen eta lehenengo entzunalditik ikusi dut merezi duela. Beti ez zaizu hori gertatuko, baina beti ikasiko duzu prozesu berriak edo bide berriak hartzen badituzu.