Sarraskiaz hitz egiten dute Ximun Fuchs Zaldi urdina antzezlanaren zuzendariak eta Ander Lipus aktoreak 80ko hamarkadan drogak Euskal Herrian eragindakoa adierazteko. Ez da gutxiagorako, tragedia hura jendartean orohar ia oharkabean pasatu bazen ere, heroinak ia belaunaldi oso bat heriotzara eraman zuen. “Esango nuke gaia tabu bat dela; bat-batean belaunaldi oso bat desagertzen da eta ez dago inolako erantzukizunik, ez da horretaz gogoetatzen. Horrelako mantxa beltz bat bezala irudikatzen da”, uste du Ander Lipusek.
Zaldi urdina antzezlana garai hartan gertatu zenaz kontzientzia hartzeko baliatu nahi izan dute eta, era berean, gertatutakoa kontatzeko, gaia gaur egunera ekarrita. “Iragana presente dago, baina kasu honetan oso hurbila da eta istorio horren kontakizuna nahiko isila, familia barruan geratzen da; beraz, beharrezkoa da hori plazan kontatzea, familia horiek pisu hori pixka bat askatu dezaten”, iritzi dio Ximun Fuchsek.
Lipusek azaldu duenez, denborarekin jolastu nahi izan dute: “obra bera ez genuen irudikatu nahi 80ko hamarkadan, gaur egungo istorio bat kontatu nahi genuen. Planteatzen duguna da gaur egun zer gertatuko litzatekeen heroina edo bestelako droga bat sartuko balitz. Hortik dator zaldi urdinaren metafora, beste droga mota bati egiten zaio erreferentzia, heroinaren antzekoa izan daitekeena eta belaunaldi oso bat heriotzera eraman dezakeena”, zehaztu du markina-xemeindarrak.
THRILLER BIZIA Oholtza gainean thriller bat ikusiko dela aurreratu dute bi sortzaileek, “publikoak ekintza asko ikusiko ditu, baina batez ere familia baten ondoeza, arrangura edo bizipena ikusiko da, drogek eragindakoa”. Pertsonaia asko agertzen dira obran eta denak ari dira Aingeruren bila. Aingeruk droga poltsa bat lapurtu du bere laguna den Katurekin batera, eta droga horren eraginez gazte bat koma egoeran gelditu da. Gertaera horretatik abiatuta, pertsonaia nagusiaren arreba, Amets, bere amona, herriko aguazila eta beste hainbat lagun bere bila ikusiko ditugu. Horrek beste hamaika istorio eta egoera desberdin ekarriko ditu.
Lipusek azaldu duenez, “obrak erritmoa izango du, thriller batek izan dezakeen atmosferarekin”. “Umoreak, baina, beti du leku bat antzezlanetan”, gehitu du Fuchsek. “Umorea eta tragedia euskal formetan beti doaz elkarrekin, malkoak eta irriak anai-arrebak dira, gure historia oso bortitza izan da beti eta, zorionez, beti izan dugu irribarre txiki bat aurrera begiratu ahal izateko”. Antzezlanarekin, ikuslea sentipen guztietatik igaroko dela dio Lipusek.
Taula gainean arituko diren pertsonaiei dagokienez, lan egiteko modu berezia izan du taldeak oraingoan. “Koro lana egin dugu; hau da, oholtza gainean aktore guztiak eszena eta pertsonaiak pixka bat zerbitzatzen ibili gara”. Mota guztietako pertsonaiak daude: Amets neska gaztea, errebeldea eta gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea; bere ama, aita eta amona; bere neba Aingeru eta Katu, drogen munduan sartuta dagoen ijitoa. “Nire Pertsonaia Simon deitzen da” -zehaztu du Lipusek- “esperientzia gogor bat bizitako udaltzaina da, izan ere, bere seme Xabier heroinaren erruz hiesaz hil zen”. Egoera traumatiko batean bizi du hori pertsonaiak, Lipusek jakitera eman duenez: “bere lana ondo egiten du, baina gauean mozkortu egiten da eta alkoholarekin izugarrizko arazoak ditu, ezin izan duelako bere semearen heriotza gainditu. Beraz, guzti hau berriz ateratzen denean, Amets laguntzera eramaten du, baina baita beste zurrunbilo emozional ikaragarri batean murgiltzera ere”, kontatu du Lipusek.
GAZTEAK JOMUGA Ikuskizun honen helburuetako bat gazteria hunkitzea izan da, bere sortzaileen esanetan. “Ez dizkiogu ikusle gazteari antzerki obrak ikusteko aukerak eskaintzen pertsona gisa hezteko, ezta ikusle on bilakatzeko ere. Gure benetako eginbeharra, kalitatezko obra batek eskaini dit-zakeen plazer, emozio eta gogoetak bidera-tzea da. Bere baitako begirada eta, bide batez, inguratzen duen munduarekiko duen begiradari buruzko hausnarketa egin dezan”. Horretarako, gaiari dagokionez, oso zeha-tzak eta dokumentatuak izatea izan du xede lantaldeak. “Fikzioaren indarrean sinistu arren, uste dugu beharrezkoadela dokumentazio zabala eta adituen babesa”. Horrez gain, gaur egungo estetikekin jolastu nahi izan dute, bai musikari dagokionean eta bai irudiari dagokionean ere. “Obrarekin gazteengan zerbait piztea nahiko genuke”, nabarmendu du Lipusek, “batez ere 80ko hamarkada horretan bizi izan zen hori ez errepika-tzeko. Esaten da, adibidez, heroinak Durangon jende gehiago eraman zuela bertako bonbardaketak baino. Bistan da oso datu kezkagarria dela. Gazteei azaldu behar diegu drogak zer diren, zertarako dauden hor, nola maneiatzen diren?”.
Zaldi urdina obraren lantaldeak lan handia egin du drogek eragin duten guztia islatzeko. Justo Arriolak idatzitako A los pies del caballo liburuan, esaterako, sekulako ikerketa lana dagoela dio obraren zuzendariak; hala, bere aztarnak jarraitu dituzte. Horrekin batera, Ekaitz Goienetxeren Zaldi mamarroa edota Uxue Alberdiren Jenis Joplin eleberriak ere irakurri eta aztertu dituzte. “Sor-tze prozesuetan iturrietara jotzea eta gaiari buruzko ikerketak, irakurketak egitea eta telesailak eta filmak ikustea ezinbestekoa” dela iruditzen zaio Lipusi. “Nire kasuan, adibidez, Ai Laket elkarteak egiten dituen drogen inguruko testetan parte hartu dut, gauetan gazteekin egon naiz test horiek nola egiten diren ikusteko”.
MATERIAL PEDAGOGIKOA Francoren bilobari gutuna antzezlanarekin egin zuten bezala, oraingoan ere webgune bat martxan jartzen ari direla iragarri du lantaldeak eta bertan, besteak beste, ikerketa prozesuan esanguratsua izan den materiala bilduko dutela aurreratu dute: artikuluak, filmak eta baita gida pedagogiko bat ere. “Guk erabilitako material guztia bertan eskainiko dugu, jendeak bere istorio propioa egin dezan, nahi duenak bere onura pertsonalerako edo taldean erabili ahal izateko”, azaldu du Fuchsek. Material pedagogikoa ere landu dutela aipatu du Lipusek: “guretzako antzerkia ez da ikuskizun hutsa. Antzerkiak gizarte bati hitz egiten dio eta kasu honetan gizarte hori Euskal Herria da. Lantzen dugun gai horri buruzko zubi lanak egitea garrantzitsua da guretzat, hau da, institutuetan, jende gazteari zertaz ari garen transmititzea, zer nolako gaiak ukitzen ditugun, 80ko hamarkadan gure herrian zer gertatu zen azaltzea eta horretarako ezinbestekoa iruditu zitzaigun material pedagogiko bat sortzea, gero elkarteetan edo institutuetan gazteek erabil dezaten”.
LEKU BAT EUSKAL ANTZERKIAN Euskal Herri osoko aretoak bete-bete eginda ikusi genituen Francoren bilobari gutuna an-tzezlanarekin eta orain presio puntu bat sentitzen duela onartu du Lipusek: “sekulako oparia daukagu, izugarrizko lana egin da produkzioan eta banaketan eta izugarrizko bira antolatzea lortu dugu. Antolaketa hori lan handi baten ondorioa da, ez dugulako ahaztu behar antzerkia ez garela bakarrik aktoreak edo gidoilariak, atzean izugarrizko proiektua daukagu”. Fuchs, bere aldetik, arduraz mintzo da: “leku bat egin dugu euskal antzerkian, milaka eta milaka pertsona gure lana ikustera joaten da eta bada itxaropen bat”. Gaiaren beraren garrantzia azpimarratu nahi izan du zuzendariak: “istorio horrek hainbat eta hainbat pertsona hunkituko ditu eta horrek ardura bat ematen digu”.
Urriaren 11n estreinatuko dute obra Luhuson, eta handik Angelura, Donostiara, Bilbora? Agenda bete-betea dute jada. Taldearentzat poz handia da Euskal Herrian bira egitea: “gure herriari antzerkia euskaraz eskaintzea pozgarria da eta espero dugu maila eder batean eskaintzea, euskal publikoak merezi duelako”.