Gure Zirkua herriz herri dabil berriro, “iaz iritsi ez ginen tokietara iristeko asmoz”, dio Iker Galartza aktoreak eta zirkuko sortzaileak. Euskal Herriko lehen zirku ibiltariak 2018an egin zuen bere lehen bira eta 25.000 ikusle baino gehiago bildu zituen, egondako hamabi herrietan eskainitako 97 emanalditan: Amezketa, Aia, Ordizia, Zarautz, Zumaia, Ondarroa, Gorliz, Urretxu, Zumarraga, Eskoriatza, Elgeta eta Urdiainen. Lau hilabetez ibili ziren hara eta hona eta sarritan eskegi zuten Sarrerak agortuta kartela.
Aurtengo bira sei hilabetera luzatzeko gogoa dute, udazken-neguraino: “Arrakastaren arabera egun gehiago edo gutxiago egingo ditugu batean edo bestean, baina helburu horrekin irten gara errepidera. Araba aldean egon nahi dugu, baita Iruñean, Baztanen eta Iparraldean ere. Indarberrituta gatoz, iazkoa hobetzeko helburuarekin”, kontatu du Galartzak. Maiatzaren 3an ekin zioten Gure Zirkukoek bigarren birari eta momentuz lepo bete dute karpa Oiartzunen, Berrizen, Gasteizen eta Mungian. Bakiok hartuko du Mungiaren lekukoa, uztailaren 12tik 20ra, eta Hernanin pasako dituzte hileko azken egunak, uztailaren 25, 26 eta 27an. Sarrerak salgai dituzte jada sare sozialen bitartez zabaldutako esteken bidez.
ZIRKUA euskaraz Euskara hutsean egiten den lehen zirku ibiltaria da Gure Zirkua: “Batzuek galdetzen dute: euskaraz al da zirkua?, zoritxarreko izango balira bezala. Guk beti eran-tzuten dugu: Hala da bai, zorionez”, kontatu du Galartzak. Dena den, zirkuak hizkuntza mugak gainditzen dituela argitu nahi izan du aktoreak: “Zirkua internazionala da. Malabarerak, kontortsioa, zuzeneko musika, magia, labana jaurtitzailea, akrobatak? Horiekin guztiekin hizkuntza unibertsalean gozatuko dugu. Jakina, pailazoak euskaraz aritzen dira eta boluntarioak ere euskaraz eska-tzen ditugu, zirkua osatzen dugunon hizkuntza euskara delako. Euskaraz ulertzen ez duen norbait badago, ordea, ulertzen duen hizkuntzan egiten saiatuko gara; eta ez badakigu, keinu bidez konponduko gara”, azaldu du aktoreak.
Galartzak Poxpolo pailazoa gorpuztuko du berriz ere, eta bere ondoan Don Martin izaten jarraituko du Joseba Usabiaga aktore tolosarrak. Biek dute ordu eta erdi irauten duen zirku ikuskizuna gidatzeko ardura: “Hobekuntza batzuk daude iaztik hona, eta biran zehar ere aldaketak egongo dira, ziur. Artistak garen aldetik, gure proposamenak nola hobetu daitezkeen asmatzen ari gara etengabe”, dio Galartzak. Diziplina ezberdineko hamabi artistak osatzen dute lantaldea, nahiz eta laguntzera hurbiltzen diren lagun eta senideak batuta 30era ere iristen diren batzuetan.
Izan ere, Gure Zirkuan ez da ezer falta: atarian palomiten eta edarien karretilla dago, eta karparen inguruan lotarako karabanak eta furgonetak, makillajerako txokoak, komunak eta kamerinoak. “Elkarrekin bizi gara birak iraun bitartean. Hamabost egun pasatzen ditugu toki batean, eta bukatzen denean, dena batu eta zegoen bezala uzten dugu lekua”. Tartean, asko dira konpondu eta moldatu beharrekoak: lesioak, matxurak, bonbila aldaketak, energia-sorgailuen mantenua, karparen zainketa...
Aitorpenik gabe Zirku nomada bat izateaz gain, Gure Zirkua “euskal artisten topagunea” ere badela uste du Galartzak. Izan ere, arte eszeniko ia guztiak biltzen ditu Gure Zirkuak: zuzeneko musika, magia, akrobaziak, antzerkia, mimoa, kontortsioa? Baina zirkua ez dago arte eszeniko gisa sailkatua: “Zirkua feria da, inork gutxik hala uste badu ere. Barraka, tiropitxon eta txurreroen maila berean gaude, eta ondorioz, diru-laguntzarik gabe aritzen gara”, kritikatu du Galartzak. Jendearen berotasunak, baina, aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkiela aitortu du aktoreak: “Taldea erabat konprometitua dago, zirkuan sinisten dugu, kalitatezko ikuskizuna prestatu dugu eta jendeak hala transmititzen digu emanaldia bukatu ondoren. Ume zein heldu, ederto pasatzen dugu guztiok elkarrekin”.