Olerkari eta literatura kritikari ezaguna da Beñat Sarasola (Donostia, 1984). Bi poema liburu idatzi ditu, Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009). Telebista aurkezle lanetan ere ikusi dugu, Euskal Telebistako literaturari buruzko Sautrela saioan. Urtebetez eutsi zion ardura horri, 2017ko urrian azken emankizuna emititu zuten arte. Orduantxe otu zi-tzaion Sarasolari aspaldian buruan bueltaka zuen Daniel Arrutiren pertsonaia istorio batean txertatzeko aukera, eta hiru urteko idazketa prozesuaren ondoren, Deklaratzekorik ez liburua du esku artean. Susa argitaletxearekin argitaratu du liburua, 90eko hamarkadan kale borroka besarkatu zuen belaunaldi baten ajea eta ondorenari tiraka.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Gure herriaren azkenengo 30 urteetan zehar garatzen da istorioa, bi plano ezberdinen bidez: gaur egungo testuinguruan kokatutakoa bata eta 90eko hamarkadakoan bestea. Euskal gatazka da eleberriaren eszenatokia eta horrek eragiten die pertsonaiei. Gaztetan militante politiko inplikatua izandakoa da protagonista, eta inplikazio horren kontrakarrean bizi nahi du orain, 90eko mundu gatazkatsu harekiko destaina azalduz. Liburuaren muina, baina, pertsonaia nagusiaren harremanetan ardaztu dut: lagunartean, amodiozko harremanetan eta gaixorik dagoen aitarekin duen harremanean.
Giro horretan, beldurrak eta borroka dira nagusi.
Beldurraren sentimenduak zeharkatzen ditu nobelak: pertsonaien bizitzan, jokamoldeetan, espektatibetan eta ideologian ere ikus daiteke hori. Diskurtso gogorren atzeko errealitatea azaltzen saiatu naiz, pertsonaiei eragiten dizkien zimurrak eta zikinkeriak gordin samar agertzen, baina gordinkerian erori gabe. Egoera latzen aurrean sarritan zeinen kontraesankorrak izaten garen deskribatzen ahalegindu naiz, testuinguru gatazka-tsu batek harreman afektiboak nola zailtzen dituen.
Garai bateko ajea kudeatzea egokituko zaio Daniel Arruti pertsonaiari.
Garai hura kudeatzea egokituko zaio, garai horien oihartzuna ez baita egundo itzali. Daniel Arrutik ikusiko du iraganeko pasarte ahaztuak nola berpizten zaizkion, eta horrek jokoz kanpo utziko du protagonista, iraganeko mamu horiei nola aurre egin jakin gabe.
‘Deklaratzekorik ez’ eleberriko pertsonaiak ez dira pertsonaia sinpatikoak.
Hala da, bai. Irakurlearentzat deserosoak suerta daitezkeen jokabideak dituzte pertsonaiek, baina uste dut nobelaren osotasunak horren arrazoiak azaltzen dituela. Hots, pertsonaiak horren mingotsak izatera nola iritsi diren ulertuko duela irakurleak. Pertsonaia hauek gauza bat esan eta bestea egiten dute, ez dira eredugarriak, irakurlearen konfort egoera zirikatzeko asmoa dute. Bizitzaren zurrunbilo horretan ahalik eta bizitza errazena izaten ahalegintzen dira, gehienok bezala. Egia da kutsu lazgarria soma daitekeela nobelaren pasarte gehienetan, errealitatea mingarria den heinean, eleberria ere mingarria izan daitekeelako. Hala ere, umorerako izpirik ere antzeman daiteke zenbait pasartetan, arnasbiderako bidea dago.
Pertsonaiek diotenaren erantzulea ez zarela diozu.
Fikzioaren magiak beste pertsonaia baten mozorroa janztea ahalbidetzen dizu, eta sor-tzailearentzat sekulako esperientzia da hori. Beste batzuen psikologian barneratzea eska-tzen dizu horrek, istorioaren sormen prozesuan ezezagunarekiko enpatia puntu bat lan-tzea. Irakurleari ere ezberdina den horren buruan sartzea baimenduko dio fikzioak, eta irakurle bezala, asko estimatzen dut nik hori. Askotan protagonistaren, narratzailearen eta autorearen arteko identifikazio erraza proposatzen dugu idazleok, eta hortik aldentzen saiatu naiz ni eleberri honetan. Geruza askoren lanketa dago Daniel Arrutiren fikziozko pertsonaiaren osotasunean.
Istorio errealista bat kontatzeko asmoarekin idatzi duzu nobela, baina fikzioaren bidez.
Azken urteetan boladan egon da “Nia”ren literatura: autobiografia, auto-fikzioa, memoria liburuak... Niri ere interesatu izan zaizkit liburu hauek, baina oraingoan fikzioaren aldarria egin nahi izan dut. “Nia”ren literaturaren aurreran, “hura”ren literatura aldarrikatu, hirugarren pertsonaren literatura. Edozein testu mota historia liburuak izango balira bezala idazteko eta irakurtzeko joeratik aldendu nahi izan dut, fikzioaren magiarekin jolastuz, irakurketa sinplista, erraz eta panfletarioak ekidinez. Pertsonaia errealista batzuekin nobela errealista bat egin dut, fikzioaren bidez historia eta gizarteari buruz asko ikasi daitekeela sinetsiz. Modu ezberdin batean, konplexuagoan agian. Izan ere, fikzioa deserosoa izan daiteke, puntu anbiguo bat duelako.
40 urte izan arte ez zenuela nobelarik idatziko esan zenuen behin.
Askotan esan izan da lehenengo bizi egin behar dela, gero bizitako horretaz idazteko. Nik ere hala pentsatzen nuen, nonbait. Nire bigarren poema liburua argitaratu nuenean, ordea, Daniel Arrutiren pertsonaia jaio zen nire buruan. Istorioa baino, nobelako pertsonaiaren izaera deseroso hori nuen bueltaka, eta horri tiraka hasi nintzen gainontzekoa eraikitzen. Ni poesia irakurlea eta idazlea naiz, baina eleberriekin ere asko gozatzen dut, eta berehala konturatu nintzen buruan nuen ideia gorpuzteko nobela bat idatzi behar nuela. Eleberri baten luzera eskatzen zuen ideiak, bai eta genero guztiak uztartzea ahalbidetuko zidan genero baten lanketa ere: istorioaren eta pertsonaiaren garapena azaltzeko nobela bat behar nuen, ez poema ez ipuin libururik.
Nola joan da idazketa prozesua?
Uste baino hobeto moldatu naiz eleberriaren idazketarekin. Honek zerikusi handia izan du, nire ustez, idazketa dezente atzeratu izanarekin. Ideia sortu zitzaidanean lanez gainezka nengoen, tartean Sautrela telebista saioko aurkezle lanetan eta tesia idazten. Ondorioz, idatzi baino, neure buruan ondo mamitu ditut nobelaren nondik norako guztiak. Idazten hasi nintzenerako, beraz, nahiko mamituak nituen ahotsa, narratzailea eta pertsonaiak. Jakina, hori guztia gauzatu egin behar da gero. Hasierarekin zertxobait trabatu nin-tzen, bizpahiru hasiera idatzi nituen, baina ez nintzen eroso sentitzen. Tonuarekin asmatu bezain pronto baina, gainontzeko guztia nahiko errez etorri da. Idazleek esaten dute eleberri luze bat idaztea lan neketsua izaten dela, gorabehera askokoa. Nire kasuan, uste baino erosoagoa izan da dena. Hauxe da nire lehen nobela eta idazterakoan sentitu dudan plazerak harritu nau.
Emaitzarekin pozik zaude, beraz.
Erabat. Idatzi dezakedan bezain ongi idatzi dudala uste dut. Sentsazio horrekin bukatu nuen liburua eta norberari ezin zaio askoz gehiago eskatu. Ez dakit ondo edo gaizki dagoen nobela, baina ni oso pozik nago. Garrantzitsua da norberaren lana bukatzerakoan egindakoaz harro sentitzea. Deklara-tzekorik ez presarik gabe, gustura ondutako liburua da. Literaturan gure burua konben-tzitzen dugu maiz zerbait publikatzeko, publikatu behar delako. Nik gustura geratu naizen arte idatzi dut, lasai.
Hasier Etxebarria gogoan izan zenuen liburuaren aurkezpenean.
Liburua idazten ari nintzela hil zen Hasier. Pena handia ematen dit lana bukatu eta Hasierrek ezin irakurtzea. Daniel Arruti pertsonaia osatzen joan bitartean, berarekin gogoratzen nintzen, ez berarekin lotura berezirik duelako, baizik eta fikziozko mundu horretan elkarrekin biziko zirenaren esperantza nuelako. Hori ere ematen du fikzioak.