TXIKITATIK egin izan du dantza Telmo Esnalek (Zarautz, 1967). Zinema ikasketetan murgildu zenean mundu hori alde batera utzi zuen arren, beti izan du euskal dantza tradizionalaren inguruko proiektu bat egiteko gogoa. Urteberri on, amona filma egin ondoren, Koldobika Jauregi eskultorearekin batera hasi ziren proiektu berri batean pentsatzen eta, horri forma emateko, Juan Antonio Urbeltz koreografo eta folkloristarengana jo zuten. “Berak zabaldu zidan mundu bat niretzat erabat ezezaguna zena, dantzaren atzean dagoen sinbologia eta berak urte luzez egindako lan hipotesiak”, azaldu du zuzendari zarauztarrak. Horri buruz hitz egiten hasi zirenean, Esnalek berehala ikusi zuen pelikula bat egin zezaketela, “bazegoela zer kontatu” eta horretan hasi ziren, duela zazpi urte jada.
Prozesu guzti horren emaitza da Dantza. Dan-tzaren bidez, herri baten istorioa kontatzen du filmak. Euskal dantza tradizionala oholtzatik ateraz, horren ikuspuntu berri bat ematen du Esnalen lan berriak. Dantza “nekazal munduarekin lotutako istorioa” dela dio bere zuzendariak. Izan ere, antzinako dantzak lurrarekin eta uztarekin lotuta zeudela konturatu zen Esnal, eta hortik abiatu zen kontakizunari forma emateko.
Fikziozko pelikula bat izan arren, filmak “herri baten istorioa” kontatzen duela dio zuzendariak: “istorio imajinarioa, baina unibertsala da. Pelikulak herri baten izaera kontatzen du, nolakoak garen. Ahaztuta ditugu natura eta gure inguruko gauzak, baina esen-tzian bizitza hori da: lurra landu, fruitua lortu bizitzeko eta ingurukoekin harremanak izan. Eta hori guztia agerian geratzen da gure dantzetan”.
Dantzen interpretazioari buruzko jakintza zabaldu du Esnalek Urbeltzekin. Izan ere, ezagutza historiko aparta izateaz gain, hainbat ikerketa eta hipotesiren sortzailea da folklorista eta antropologo nafarra. “Gauzarik bitxiena, gehien harritu ninduena izan zen Urbeltzek ezpata dantzaren inguruan egiten duen interpretazioa”, azaldu du Esnalek. “Beti pentsatu dugu ezpatena gerrarako dantza dela, baina berak ematen dion interpretazioa erabat ezberdina da, interesgarriagoa”. Ezpatie mandeulia da Durangaldean, eta beraz, ezpata dantza izurriteen kontrako dantza zela, garai hartan uzta izorratzea gerta zi-tzaizukeen gauza okerrenetakoa zelako. Dan-tza hori ekiditeko “arao” bat zen, beraz.
“Inauteriak ere hortik datoz, inausi hitzetik; soka dantzaren sinbologia ere bai, gu herri bezala nolakoak garen azaltzen du, herri kolektiboa garela, komunitate bat. Euskal Herrian ez dugu figura historiko potenterik, ez dago heroirik”, azaldu du Esnalek. Bestalde, soka dantzak komunitate sentimendu hori kontatzen du, udaletxeetan dantzatzen zen, lehena alkatea eta azkena gazteena izanik, “transmisio intentzioa” dagoela dio Esnalek. Hala, hainbat dantza beste era batera interpretatzen hasi zen Esnal, istoriorako askatasun handia emanez.
Istorio unibertsala Filmean euskal dan-tza protagonista nagusia den arren, zuzendariak argi utzi du pelikulak ez duela Euskal Herriaren historia kontatzen. “Euskal dan-tzen bidez kontatzen da, bai, baina munduko beste toki batzuetan egiten dira antzeko dan-tzak, esaterako, Europa eta Asian. Ezpata dantzak Balkanetan ere egiten dira, zinta dantzak badaude beste leku batzuetan ere? Horietako bakoitzak bere ezaugarriak ditu, azkenean horien atzean dagoena berdina da herri guztietan”, uste du Esnalek. Istorioa “gurea” dela dio zuzendariak, baina izan daitekela Bulgariakoa ere. “Japonian ere badaude esanahi aldetik oso antzekoak diren elementuak: guk Mari dugu eta eurek antzekoa den pertsonaia bat dute. Horregatik diogu kontatzen duguna unibertsala dela”.
Dantza “pelikula dantzatua” dela kontatu dute filmaren egileek, dantza istorioa kontatzeko elementu garrantzitsua delarik. Dantzaren lengoaia eta zinearen lengoaiak uztartzen dira bertan. “Piezak lotzen doaz, pelikulak berak eraman egiten zaitu”, dio Esnalek. Dantza bakoitza zerbait kontatzeko erabili dute, denak batera istorio bat sortuz. “Balleta ikustera zoazenean istorio bat kontatzen dute, gu euskal dantzekin ez gara kapaz zerbait kontatzeko? Hor dago pelikularen hasierako beste gai inportante bat, gure dantzen bitartez istorio bat kontatu nahi izatea eta lortzea. Beste diziplinetan egiten bada, guk zergatik ez? Bodas de sangre flamenkoaren bidez dago kontatuta, dantza garaikidean istorioak kontatzen dira eta guk gauza bera egin dugu dan-tza tradizionalarekin”.
Euskal dantza tradizionalaren bidez istorio garaikide bat kontatzen du filmak. “Betiko dantzari beste ikuspuntu bat eman diogu”. Dantza tradizionala dantzatzen den momentuan garaikidea bilakatzen dela uste du Esnalek. Hala, dantzak eszenatokitik atera dituzte, ikuspuntu berri bat emanez: “Sekula ez da horrela ikusi euskal dantza; ohituta gaude euskal dantzak beste era batera ikustera, jan-tzi tradizionalekin eta oholtza batean. Hemen beste atmosfera batean kokatu ditugu”.
Prozesu malkartsua Zazpi urteko prozesu luzea izanagatik ere, ezer gutxi aldatu dute hasierako istorioa. “Dantzak ezagutzen joan ahala, horiek txertatu ditut filmean, egoera bat edo beste hobeto kontatu zezaketelako, baina ildo nagusiak ez du aldaketa nabarmenik izan”, azaldu du zuzendariak. Dena dela, ez da prozesu xamurra izan, duela lau urte laguntza bat jaso zuten, baina hortik aurrera zenbait geldiune egon direla kontatu du Esnalek, prozesua gehiegi luzatuz; gainera, finantzazio falta dela-eta birritan egon da pelikula ez egiteko zorian.
Bestelako zailtasunak ere izan dituzte. Dan-tza ez da “pelikula arrunt bat” eta filmatzea ere ez da erraza izan, Esnalen esanetan. “Kasu honetan, ezin izan dugu hilabete eta erdi edo zazpi astez ekipo osoarekin lanean aritu”, kontatu du zuzendariak. Horrez gain, urtaroek baldintzatu egin dute filmaren grabazio prozesua: zati batzuetarako udaberria behar zuten, udazkena beste batzuetarako? Horrek urte osoko prozesua izatea eskatu du. Horri gehitu behar zaio filmean parte hartu duten dantzariak ez direla dantzari profesionalak. Beraz, euren denbora librean aritu dira filma grabatzen. “Beti asteburuetan entseatu behar genuen, jaiegunetan edo oporretan. Dantzariek esfortzu handia egin dute, hori nabarmendu beharra dago”. Guztira 8 eta 82 urte arteko 250 dantzarik parte hartu dute filmean, Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Arkaitz (Añorga), Kezka (Eibar) eta Haritz (Elgoibar) dantza taldeetakoak, hain zuzen.
25 minutuko zazpi dokumental ere grabatu dituzte ETBrentzat eta, horietan, Juan Antonio Urbeltzek sinbologia guzti horiek azaltzen ditu. Filma hobeto ulertzeko dokumental horiek ikustea beharrezkoa ez den arren, informazio osagarria izateko “lagungarriak” direla azaldu du Esnale
Apustu estetikoa Filmaren estetika Koldobika Jauregiren esku egon da. Esnalen hi-tzetan, “apustu estetikoa egin du Jauregik, jantziekin asko adieraziz”. Gidoiarekin erabat lotuta dago jantzitegia, istorioaren arabera diseinatu du eta horrek bisualki indar handia ematen dio lanari. “Ezpata dantzariak mandeuliak direla kontatzen ari bagara, jan-tziek hori islatu behar dute, nolabait”.
Zentzumenen bidezko bidaia da Dantza: naturako elementuak, musika, mugimenduak? Hasieratik argi zuten bisualki oso erakargarria izango zen filma egin behar zutela, baita soinu aldetik ere, eta horretarako, “atmosferak sortu” behar zituztela. Izan ere, dena dantzaren bitartez kontatzen da, ez dago apenas hitzik, eta hori oso ondo indartu behar zuten nola edo hala. “Dantza da protagonista, hitzak ere soberan daude”, zuzendariaren esanetan. Eta ez bakarrik musika, soinua ere asko zaindu da pelikulan. Pascal Gaignek Urbeltzen betiko musika hartu eta pisu zinematografikoa eman dio kontatzen ari direna babesteko, giroa sortzeko. Musikaz gain, Xanti Salvadorrek soinuaren diseinuan egindako lana nabarmendu du Esnalek. “Musika bezain garrantzitsua iruditzen zait, hainbat momentu daude musikarik ez dagoena baina bai soinua, kobazuloan, esaterako.
Zuzendariak dioenez, lan ikaragarria egin da kokapenak aukeratzen ere. Filma Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Lapurdiko hainbat tokitan filmatuta dago. Zaragozan ere grabatu zituzten sekuentzietako batzuk. Hasiera Bardeetan dago grabatuta, baina gero beste kolore batzuk behar zituzten: berdea, zuhaitzak? Arantzazuko (Gipuzkoa) klaustroa, Leitzako baserriak, Dimako kobazuloa?Teknikoki zailtasun handikoak izan diren eszena batzuk badaude filmean. Kobazulora iristea edo uraren gainean 54 pertsona dantzan jartzea, kasu. Azken hori Hendaian egin zuten, pilotalekua igerileku bihurtuta. Pilotalekuko hormak kroma gisa erabili zituzten eta sekulako muntaia egin behar izan zuten. Dantzariek hanka altxatzean urak egiten duen marrazkia ikustekoa da.“Erronka handia izan da eta antzematen da emaitzan”, uste du Esnalek.
Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen Dantza eta zinema areto komertzialetan ikusgai dago jada. Orain publikoaren harrera ezagutzea baino ez da falta eta horretarako “gogo-tsu” dago Esnal. “Gogo itzela daukat jendeak ikus dezan, aurrestreinaldietan jendea oso gustura atera zen, kazetariak ere txundituta, oso ederra iruditu zitzaien”. Zuzendariak nabarmendu du mundu guztiari zuzendutako filma dela eta umeak ere zinemara joan daitezen animatu ditu. “Umeentzat ere bada, pelikulan umeak eta helduak agertzen dira. Finean, dan-tzatzen duen herri bat agertzen da”.