Síguenos en redes sociales:

Bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat

Euskararen iraupena eta hizkuntza aniztasuna ditu hizpide ‘Ghero. Azken Euskalduna’ antzezlanak. Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Jokin Oregi hirukotearen azken sorkuntza azaroaren 20an aurkeztuko da Bilboko Arriaga Antzokian.

Bizirik irauteko grinari buruzko istorio batTARTEAN TEATROA

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira, topaketa akademikoetatik harago doazen kultur ekitaldiak antolatu ditu Akademiak Euskal Herriko hainbat sortzailerekin batera. Horietako bat da Ghero, Patxo Telleriak, Mikel Martinezek eta Jokin Oregik ekarria. Hauez aparte, Aukeran Dantzan taldeak Biz Hitza ikuskizuna prestatu du; Bilboko Koral elkarteak Mende berria kantuz emanaldi ibiltariak egingo ditu eta Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak irakurraldi dramatizatua ondu dute: Astelehen eta Astearte Buruzuriak kontzertu zikloak eskainiko dituzte Bilbon eta Donostian.

Ghero antzezlanak etorkizun urruna du hizpide. 3000. urtea da. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Hortxe kokatu behar dugu Ghero. Azken euskalduna, Tartean Teatroa antzerki konpainiaren azken lana. Baina, existituko al da euskara 3000. urtean? Koldo Mitxelenaren hitzak bere egin ditu Patxo Telleriak, antzezlanaren egileak: “Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, bere biziraupena baizik”.

Denboran milurteko bat aurrera salto eginda, oraindik existitzen ez den hizkuntza batean, Hizkuntza Globalean, hitz egiten du munduko gizateria osoak: “Etorkizuneko distopia horretan kokatu dugu istorioa. Askok, gainera, ontzat joko lukete balizko egoera hori, asko direlako historian zehar eta gaur egun ere hizkuntza aniztasuna traba eta muga bezala ikusten dutenak. Beti existitu izan da unibertsaltasunaren aldeko korronte hori”, azaldu du Telleriak.

Bada, etorkizuneko gizarte horretan, badago familia egoskor bat, errealitateari eta inguruko joerei uko eginez, belaunaldiz belaunaldi euskara zaindu, gorde eta transmititzeaz arduratu dena. “Familia horretako kide batek bizirik jarraitzen du, baina hilzorian dago. Bera da munduan euskaraz dakien bakarra. Bera joatearekin batera euskara behin-betiko desagertuko da”, kontatu du aktoreak. Horixe da, hain zuzen ere, Ghero-ren abiapuntua. “Batzuek esan digute ezkorrak garela euskara desagertzeko zorian kokatu dugulako; guk, ordea, ez dugu hori horrela ikusten. Euskarak 3000. urtean bizirik jarraitzen duela esaten ari gara. Oraintxe sinatuko nuke nik hori. Historiak erakutsi digu hizkuntzak jaio, bizi, batzuetan haien artean batu eta azkenik hil egiten direla. Hitz egiten dugun gaztelania ere hildako latinaren ondorengoa da”, argudiatu du Telleriak.

Azken euskalduna Hilzorian dago euskararen azken zaindaria, hilzorian dago euskara. “Etorkizun horretan, baina, hiltzea ez da kontu larria. Medikuntzan eta zientzian oro har egindako aurrerapenek gertaera lasai eta kasik zoriontsua bihurtu dute heriotza. Gure lagunari, ordea, aspalditik ezagutu ez duen kezka piztu zaio bere existentziaren hondarrean. Ghero izango al da familiak belaunaldiz belaunaldi utzi duen ondarearen suntsi-tzailea? Ghero izango da euskararen desagerpenaren erruduna?”, galdegin du Telleriak. Pertsonaia futurista horrentzat gogorra izan da familiak belaunaldiz belaunaldi egin duen lanarekin jarraitzea: “euskara zama izan da berarentzat”, azaldu du Telleriak. “Ruper Ordorikak ere esaten du: euskaldun izatea zein nekeza den? Protagonistaren kasuan, askoz gehiago. Familiakoekin bakarrik hitz egin ahal izan du euskaraz, eta orain, inorekin ez. Senide guztiak hil zirenetik, Gherok ez du euskaraz hitz egin. Are gehiago, geroztik euskaraz zekienik ere ez du jakin. Hiltzerako momentu horretan, baina, bizitzari eutsi nahi diote biek: gizakiak eta hizkuntzak berak”, azaldu du Telleriak.

Sortaldeko Xerezadek bere bizia salbatzeko egin bezala, euskararen zaindariak ere ipuinei helduko die euskara salbatzeko. Hilzorian ondoan duen terapeuta limurtzen saiatuko da Ghero: “Narrazioen narrazioa da antzezlana, kondairen kondaira bat”, jakinarazi du Telleriak. “Protagonistak, bizitzari eta euskarari eusteko, terapeutari kontatzen dizkion istorioak izango dira antzezlanaren ardatza. Bederatzi istorio, bederatzi poema, euskararen planetaren inguruan orbitatzen. Gure hizkuntzak historian zehar bizi izan dituen egoera ezberdinak gogoratuko ditugu horien bidez”.

Hizkuntzei gorazarre Ghero. Azken euskalduna antzezlaneko protagonista nagusia euskara da eta “hizkuntza txiki” honen iraupenaren misterioarekiko harridura eta miresmena dira nagusi. Mezua, baina, haratago doa: “Euskarari ez ezik, hizkuntza guztiei egin nahi diegu gorazarre, hizkuntza aniztasunari, gizateriaren ondare kultural ukiezinari. Tamalez, denborarekin urrituz doan patrimonioa da”, azaldu du antzerkigile bilbotarrak.

Horrexegatik, dozena bat hizkuntza desberdin erabili dituzte ikuskizunean: euskara, jakina; baina baita ingelesa, frantsesa, gaztelania, txinera, katalana edo galiziera ere. Hildako hizkuntzak ere erabili dituzte: latina, miq-mack-era (Ternuako aborigenen hizkuntza), iberoa, protoeuskara? Eta oraindik existitzen ez den hizkuntza bat: Hizkuntza Globala. “Ez dugu inolako azpititulu sistemarik erabiliko, ez baita beharrezkoa izango. Dena pentsatuta dago edozein ikuslek trama arazorik gabe uler-tzeko, hizkuntza horiek ezagutzeko beharrik gabe”, adierazi du Telleriak.

Komedia solemnea Barre egitera ohitu gaitu Tartean Teatroa antzerki konpainiak bere euskarazko azken obretan (Ez dok hiru, Desentxufatuak, Euskarazetamol...), eta Gherok ere badu horretarako asmo argia. Hala ere, komedia baino zerbait gehiago dela dio Telleriak: “komedia solemnea da. Barre egiteko momentuak egongo dira, jakina. An-tzezlanak badu horretarako asmoa. Istorioaren muinak, ordea, ez du berez umorerako tarte handirik uzten, asuntoa serioa da eta momentu gutxi batzuetan bromarako aukera gutxi egongo da”.

Izan ere, etorkizuneko balizko istorio hau oso gertutik bizi dugu euskaldunok: “Istorioa mila urte barru kokatzeak aukera asko ematen digu antzezlanarekin jolasteko; gaia ordea, gaur egungoa da. Euskaldunok badakigu zer nolako esfortzua eska-tzen duen euskaraz egiteak. Errazenera jo genezake, indarrean dagoen hizkuntzan egin eta buruhausteak saihestu. Askoz ere errazagoa da amore ematea, hizkuntza hori ahaztea. Hala ere, ez dugu inoiz etsi”, azaldu du Telleriak.

Hizkuntzak izaki bizidunekin alderatu ditu aktoreak: “Milaka landare eta animalia espezierekin gertatu bezala, hizkuntza txikiak desagertzen ari dira, pixkanaka eta erremediorik gabe. Soilik indartsuenak gailen-tzen dira. Izaki bizidunek bezala, hizkuntzek ere bizirauteko grina dute. Zergatik larritu da Ghero bere hilzorian, ordura arte kezkatu ez bada? Bizi nahiaren deiadarra entzun duelako”. Telleriaren ustez, hizkuntza animalia bat da, zentzu zabalean: “Animalia predatzailea da, eta hizkuntza handi batek txiki bat harrapatzen badu, jan egiten du”.

Zerotik hasita Berezko sorkuntzaz hitz egin beharrean gaude Tartean Teatroa an-tzerki konpainia definitzerakoan, beti ere hiruko ardatz berak ekarria: Patxo Telleria, obren egile bezala; Jokin Oregi, zuzendari bezala; eta Mikel Martinez, aktore bezala, Telleria bera ondoan duela. “Gure ekoizpenak taldekideek sortutako ideia eta testuetan oinarritzen dira beti”, argitu du Telleriak. Dena den, asko izan dira Tartean-eko hirukote horretara batu direnak. Ghero. Azken Euskalduna antzezlanean, adibidez, lagun izango dituzte Olatz Ganboa, Ane Pikaza eta Iñaki Maruri aktoreak. Ana Garay arduratuko da eszenografiaz, konpainiak berak “estetikoki ausarta” moduan definitu duen obra leunduz.

Azaroaren 20an aurkeztuko dute antzezlana jendaurrean, non eta Bilboko Arriaga Antzokian. Bi egunez taularatuko dute obra bertan, asteartean eta asteazkenean, eta hortik aurrera Euskal Herri osoa igaroko duen birari ekingo diote. Momentuz, 2019ko udazkena arte lotuta dituzte emanaldiak.