Arazo tekniko bat dela-eta, hegazkin bat geldirik dago aireportuan, aireratu ezinik. Bidaiariak barruan daude, bertatik atera ezinik. Testuinguru horretan kokatuko du bere lehen eleberria izango dena Erika Elizarik (Hernani, 1988). Zendabalitz izenburua daraman proiektuarekin irabazi du XXI. Igartza saria, eta beka horren laguntzarekin idatziko du liburua datozen hilabeteetan.

Zertan datza lehiaketara aurkeztu duzun proiektua?

Zendabalitz proiektuak hegaldi baten kronika kontatzen du. Hegaldi hori gorabeheratsua izango da. Ehun lagun joango dira hegazkin horretan eta esango diete ezin direla irten aireportutik, arazo tekniko bat detektatu dutelako. Hegazkin barruan geratu beharko dute atera ezinik eta horrek beraien buruetan iratzarriko ditu kezka batzuk, iraganari eta etorkizunari lotuta daudenak. Guk horren berri izango dugu beraien barne bakarrizketen bitartez, beraien buruetan sortzen diren solasaldien bitartez.

Liburua idazteko duzu, saria jaso duena eleberri-proposamena izan da. Zertan datza beka, zehazki?

Igartza beka sorkuntzarako ematen duten beka bat da. Literatura proiektu bat entregatu behar dugu; egitura, pertsonaiak eta abar jasotzen duen laburpen batekin. 15 edo 20 orrialdeko lagin bat ere entregatu behar da. Irabazten duenak bere proiektu hori garatzeko aukera eskuratzen du, dirua jasotzen duzu eta gero beraiek hartzen dute lana argitaratzeko ardura, beti ere, maila nahikoa ematen bada.

Zenbat proiektu gehiagorekin lehiatu zara?

12 lagun aurkeztu ginen guztira. Sari banaketan Miren Amurizarekin batera egon nintzen, bera izan baitzen iazko irabazlea. Sariaren erdia ematen dizute hasieran, eta beste erdia liburua amaitzen duzunean. Miren Amuriza joan zen beste erdi hori jasotzera eta ni joan nintzen sariaren lehen parte hori jasotzera.

Zer suposatu du zuretzat sari hau irabazteak?

Sekulakoa izan da. Aukera handia da, amets bat betetzeko modu bat. Bide berri bati ekiteko aukera bat. Ilusio iturri bat, azken finean.

‘Zendabalitz’ titulua jarri diozu. Zer esan nahi duzu izenburu horrekin?

Tituluak erreferentzia egiten dio iraganari (zen), orainari (da) eta etorkizunari (balitz). Iraganak eta etorkizunak zer eragin duten guregan gaur, hori jorratu nahiko nuke.

Zein generoko lana izango da?

Egia esan, momentuz ez nuke jakingo ondo definitzen. Egia da muinean dauden gaiak dramatikoak direla, bai behintzat pertsonaien-tzat, beraien kezkak eta ardurak baitira liburuan kontatuko direnak. Baina, aldi berean, gai horiek era umoretsu batean jorratzen direla uste dut. Irakurketa jostagarria izatea nahiko nuke.

Nondik atera zenuen istorioa garatzeko ideia?

Gure ardura horiei buruz hitz egin nahi nuen. Nola ditugun kezka batzuk buruan bueltaka etengabe. Orduan, pentsatu nuen horrelako istorio bat aproposa izan zitekeela: hau da, pertsonaia desberdinak batu toki berean eta bakoitzak edukitzea bere pentsamenduak, baina, aldi berean, elkarren artean interakzioak edukitzeko aukera izatea.

Pertsona edo momentu bereziren batek inspiratu zaitu nobela idazten hasteko?

Gauza askok inspiratzen naute. Galdetu didate autobiografiatik zerbait ote daukan ere. Argi utzi nahi dut liburuan izango diren zazpi pertsonaietatik bat bera ere ez naizela ni. Baina aldi berean guztiek dute zerbait nigandik eta uste dut inguruko jende batek ere topatuko duela bere burua hor islatuta. Beraz, inspirazioa toki guztietatik datorkit eta, aldi berean, inondik ez.

Letren mundura gerturatu zara sari honekin. Noiztik daukazu idazteko zaletasuna?

Txikitatik idatzi izan dut, baina etxean, era intimoan, inori erakusteko asmorik gabe. Zaletasuna betidanik izan dut, baina ez nahiz gehiegi aritu horretan, egia esan.

Zer nolako esperientzia izan da zurentzat eleberri bat zerotik abiatzea?

Momentuz proiektua baino ez dut landu, eta esan dezaket oso dibertigarria izan dela. Azken finean, egiten duzunari beste batek ematen badio bere onespena, horrek konfiantza ematen dizu. Baina ematen ez badio ere, ez da ezer pasatzen, egiten ari zaren hori oso jende gutxik irakurriko duelako. Ez daukazu hainbesteko presiorik. Dibertigarria izan da.

‘Zendabalitz’ bukatu ondoren, literaturarekin harremanak izaten jarraituko duzula uste duzu?

Ez dakit. Mundu hau guztiz berria da niretzat. Oraintxe bertan esango nizuke baietz, badela bide ilusionagarri bat. Dena den, uste dut oso ondo etorriko zaidala lehenengo esperientzia hau bizitzea, ikusteko benetan nolakoa den mundu hau. Eta gero gerokoak. Gehiegi pentsatu gabe. Nire pertsonaiek gehiegi pentsatzen dute haien etorkizunean. Ea nik lortzen dudan gehiegi ez pentsatzea horretan eta prozesuaz gozatzea.