ESKULTURA, margolanak, instalazioak, proiekzioak... Askotariko lanek bete dute azken aste hauetan Bilboko Azkuna Zentroko jarduera osagarrien zentroa. Euskal testuinguru artistikoaren joerak agerian jarri nahi ditu gune honetan ikusgai den Bi Dos Two erakusketak. Horretarako, 31 euskal artistaren lanak bildu dira bertan.

Eremuak programaren baitako erakusketa hau “belaunaldien arteko artisten topaleku” bihurtu nahi izan dute. Zehazki, euskal artearen “orainaldirik garaikideena” bistaratu nahi du erakusketak. Bertan parte hartzen duten artista guztiak, beraz, sortzaile garaikideak dira, baina belaunaldi bat baino gehiagotakoak daude horien artean. 60ko hamarkadan jaiotakoak dira erakusketan topa daitezkeen sortzailerik zaharrenak, eta 90eko hamarkadan jaiotakoak, berriz, gazteenak. 2015. urtetik honakoak dira lan gehienak, eta tartean badira erakusketarako espresuki sortutako batzuk ere.

GARAIKO JOEREN ISLA Artisten kopuru eta adinari dagokionez ez eze, beraien ezaugarriei dagokienean ere anitza da Bi Dos Two erakusketa. Izan ere, estilo eta forma askotariko lanak ikusiko ditu bisitariak Azkuna Zentroko erakusketan: eskulturak, margolanak, marrazkiak, instalazioak, proiekzioak, soinulanak eta performance-ak, besteak beste. Gai edo tematika komunik ez dute jorratzen hautaturiko lanek, teknika bateraturik ere ez darabilte, material antzekorik ere ez? “Ezberdintasun horien guztien gainetik, saiatu gara lan batzuk eta besteak harremanetan ipintzen, eta garai honetako joera orokor posible batzuk seinalatzen”, azaldu du Iñaki Imaz artistak eta erakusketako hautaketa batzordeko kideak.

Azkuna Zentroak ere ildo berean aurkeztu zuen erakusketa: “Euskal testuinguru artistikoan gauzatutako jardun eta jokaera batzuk gizartera zabaltzea eta horien harrera publikoa suspertzea” izan da euren asmoa bilduma honekin. Izan ere, parte hartzen duten artistak hainbat belaunalditakoak dira eta askotariko interesen araberako prestakuntza-ibilbidea egin dute. Edonola ere, “eremu eta denbora jakin batekin duten harremanari esker, loturak ezarri ahal izan dira, eta loturok gauzen egoeren berri ematen dute”, azaldu dute Azkuna Zentrotik.

Erakusketak gune bat baino gehiago eta egitarau oparoa ditu, obra bakoitzaren ezaugarriak nabarmendu ahal izateko. Era horretara, erakustoki nagusian dozena eta erdi artistaren lanak ikus daitezke. Hauek dira horietako batzuk: Lorea Alfaro, Malus Arbide, Xare Alvarez, Nadia Barkate, Leo Burge, Luis Candaudap, Mikel Eskauriaza, Julen Garcia, Oier Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Gabriele Muguruza, Leire Muñoz, Gerard Ortin, Jon Otamendi, Damaris Pan eta Manu Uranga.

Mota eta diziplina guztietako artelanak daude erakusketako espazioan; esaterako, badira eskulturak, margolanak, instalazioak... eta areto bereizia eskaini zaie bideoei, screening gunearen bidez, hau da, ikus-entzunezkoen aparteko espazio bat egokituz. Bertan erakusten dira aldian-aldian Zigor Barayazarra, Miren Candina, Esti Ibarra, Aitziber Olaskoaga, Olatz Otalora, Igor Rezola, Andreas Wutz eta Manu Tarrazoren lanak.

Eremuak programak ekoitzi du Bi Dos Two erakusketa, eta deialdi irekiaren bidez hautatutako artistekin osatu da. Guztira, 205 proposamen jaso zituzten; guztiak bananbanan aztertu zituzten, eta hautaketa horren emaitza da 31 sortzailez osatutako taldea. Erakustaldirako lanak hautatzeaz Eremuak-en Lan Batzorde Teknikoa arduratu da. Imazekin batera, Pello Irazu eta Leire Bergara artistek osatu dute batzorde teknikoa, eta Itziar Okariz eta Emily Pethick artisten laguntza ere izan dute egiteko horretan: lehena testuinguru hurbilenaren ordezkari; eta, bigarrena, Londreseko The Showroomeko zuzendaria, kanpoko gonbidatu gisa.