E-Sport bezala ezagunak diren kirol elektronikoen ikuskizunak etengabeko hazkundea ari dira jasaten azken urteetan, gutxi batzuen praktika bat izatetik hainbat kirol tradizionalek baino zenbaki hobeak lortzeraino. Bide hau jorratzen lagundu duten eragileak asko izan dira, baina garrantzitsuenetako bat Intel Extreme Masters (IEM) izan da, zalantzarik gabe.

Intel elektronika osagaien markak babestuta, hainbat bideo-joko ezberdinen txapelketak biltzen dituen ekitaldiak egiten dira munduko hainbat puntu ezberdinetan. Ekitaldi hauen artean ezagunena IEM Katowice dugu, Poloniako Katowice hirian antolatzen dena, dagoeneko 6. urtez jarraian, Spodek Arena pabiloian, hain zuzen ere. Aurreko urteko zenbakiek argi uzten dute ekitaldi honen handitasuna; 173.000 zaletu pasa ziren estadiotik ekitaldiak irauten duen 2 asteburuetan (2016ko edizioarekin alderatuz, 60.000 zaletu gehiago) eta online bidez jarraitu zutenak 46 milioi ikusle baino gehiago izan ziren (2016an baino % 35 gehiago). Gainera, ikuskizuna 19 hizkun-tza ezberdinetan ikusi ahal izan zen.

Aurtengo edizioa otsailaren 24 eta 25ean eta martxoaren 2tik 4ra bitartean izango dugu. Inoiz baino joko gehiago izango ditugu ikusgai edizio honetan. Horietatik ikusmin handiena sortzen duena, lehen asteburuan jokatuko dena eta inkorporazio berritzat jo daitekeena, League of Legends ordezkatzeko intentzioarekin, DOTA 2-aren txapelketa da. Saritan, guztira, 1.000.000$ eta DOTA 2-aren txapelketa garrantzitsuena den The International 2018-rako 1500 kalifikazio puntu daude jokoan eta berau eskuratu nahi dutenen artean Team Liquid, Team Secret, Newbee, Vici Gaming, OG Dota2, Virtus Pro edo Evil Geniuses puntako taldeak daude, besteak beste.

Lehen asteburuan beste jolas batek ere egingo du debuta IEM Katowice-n, aski ezaguna den Player Unknown’s Battlegrounds jokoak (PUBG), hain zuzen ere. 8 erronda jokatuko dira, bi asteburu horietan banatuta, eta puntuazio sistema baten bidez erabakiko da nor den garailea. Txapelketa honetako sari-poltsa txikiagoa izango da, 50.000$ izango baitira, ulertzekoa dena, bestalde, jolasak eSport-en munduan daukan ibilbide laburra ikusirik. Halere, daukaten guztia emango dute parte hartuko duten launakako 16 taldeek, non Team Solo Mid, Faze Clan, Method, Tempo Storm, Cloud 9 edo Noble bezalako taldeak dauden.

Geratzen diren bi jokoen txapelketak otsailak 26tik martxoaren 4ra bitartean gauzatuko dira. Counter-Strike: Global Offensive (CS:GO) eta StarCraft 2 (SC 2) izango dira egun horietako protagonistak, sari-poltsa potoloak dituztelarik biek, 500.000$ eta 400.000$, hurrenez hurren. CS:GO-ri dagokionez, mundu mailako 16 talde onenak izango ditugu bertan: Astralis, Faze Clan, Cloud 9, SK Gaming, Virtus Pro, G2, Ninjas in Pyjamas, etab. SC 2-aren txapelketa 12 jokalariren artean erabakiko da. Partidak BO5 (5 partidatik onena) formatuan jokatuko dira, finala izan ezik (kasu horretan, 7 partidatik onena formatuan egingo da). Sariaren bila ibiliko direnen artean mundu mailan gorenean diren jokalariak ikusteko aukera izango dugu: SoS, Rogue, Dear, Classic, etab.

E-Sport zaleek badute beraz hitzordua hurrengo egunetarako, jokaldi bikainez eta sorpresaz beteriko txapelketa izango baita, seguru. Mundu hau ezagutzen ez dutenentzat, aldiz, aukera ezin hobea da ekitaldi hauetan egoten den giro paregabea eta lehia bizia ezagutzeko. Txapelketa ESL kateak emititu ohi du eta Twitch online plataforman ematen da.