Beatriz Chivitek (Iruñea, 1991) Li Bai-ren poema-haiku batekin ekiten dio Pekineko kea (Pamiela, 2017) poemario minimalista honi. “Hemen / zergatik bizi naizen galdetzen baduzue, / irribarrez isilik geldituko naiz”. Izan ere, Chiviteren molde poetikoak badu isiltasunarekin zerikusirik, ezer esan gabe gauza aunitz esateko beharrizan estetiko eta moral batekin. Horrela bada, orientalismo exotiko lar jorratutik harago, arrisku hori beti baitago haikuen eragin gazi-goxoan noizbait erori garenontzat, Pekinen emandako ikastaro batean zehar izandako kanpo eta barne esperien-tziak profitatu ditu Chivitek. Molde laburreko poesian gizarte txinatarra iluntzetara jartzeko trebezia erakusten du iruindarrak, barne bidaiarekin uztartuz betiere.
Txina erraldoiaren irudi sarri erabiliak erabili arren zenbait poemetan, industrializazio zoroaren lasterketan herrialde asiarrak ager-tzen dituen kontraesanen eta naturaren gehi gizakien aurkako eraso lazgarrien berri ematen duenean nagusiki, Chivitek aise lortzen du oreka mantentzea liburu osoan zehar, aipatu barne-begiradaren eta errealitatearen gordin eta batzuetan erakargarriaren artean.
Poesiaren gaia eternalak jorratzen ditu Chivitek, gehiegikeri teknikoetan erori gabe: denboraren iragan geldiezina, maitasuna, bestea, heltzeko ezintasuna, naturak eskaintzen digun uneko askatasuna eta edertasun geldoa. Txinak berak, pertsonaia gisa eta bertako pertsonaiak behatuz, eskaintzen dituen handitasun eta txikitasun ugarien testigu bilakatzen da poetaren ahotsa. Kontra-azaleko poemak emango digu Chiviteren nondik norakoaren berri. “Udazkeneko / lehen hostoa / erori da. / Gorrira / biratzen da / kale osoa. /Joan da / beste urte bat”. Daga hegalariak poema horretako sinpletasunean ahotsak isildu beharra dauka denboraren aurrean, gehiago baita esaten ez dena.
Haurtzaroko hotza gisako poemetan ematen du onena Chivitek. Oroimenaren, egunerokotasunaren eta ezintasunaren arteko zubi estetikoak eta emozionalak neurriz erabilita, Chivitek zuntz emozionala transzenditzen du. “Arratsalde guzti haiek / hildako orduak / berokiarekin /edo galtza motzetan...Nozilla bokatak / eta inurri-jolasen / urte luze haiek /han egongo dira betiko”. Nozilla bokatak dastatu ditugunak jakin dakigu beti egongo direla hor betiko. Hor egongo direlako dugu gustuko poesia, hain zuzen ere.
Dena den poemarioak baditu parte ahulagoak ere, batez ere exotismoa hutsalean erortzen denean edota nolabait salaketa lana jorratu nahi duenean, salaketa pertsonala inondik ere, testigantzaren salaketa. Batzuetan ematen du kazetari-turista baten begietatik isurtzen direla poemok eta poesia-kazetaritza dikotomia ezin dela gainditu. Horrela bada, Hiri Gorria poeman, esaterako, lar aurreikusten da poetaren ahulezia irudi esanguratsuagoak eraikitzeko, irudiok ez baitira oso lortuak. “Hiri gorriak / bihotz urdina dauka orain, / beira eta altzairuzko bihotza / infinitura abiatzen dena ...”. Topikoak topiko, Chivitek badu ahots poetiko sakon eta berezi bat, poema gehienak zuzenak eta gardenak dira eta goxo dasta daitezke, edertasunaren gisa.