Lekeitioko hondartzan, 2014ko udan, Mikel Laboaren unibertsoak dimentsio berri bat ezagutu zuen; dantza garaikidearen lengoaia poetikoaren eskutik, Dantzaz konpainiak Josu Mujikaren Txoriak koreografia estreinatu zuen, hondarra, zeruko izarrak eta itsasoa atrezzorako elementu bilakatuz. Ikusleen artean, Marisol Bastida izan zen; emanaldiak bertaratutakoak hunkitzea lortu zuen, eta hiru urte geroago, oraindik eskaera gehien jasotzen duen proposamena da. Hernanin, Elizondon eta Sopelan dituzte hurrengo emanaldiak, eta urte amaierarekin batera esango diote agur proiektuari.
Laboaren musika eta dantza garaikidea ezkontzea uste baino errazagoa egin zitzaion Mujikari, eta abeslariaren musika entzuten hasi bezain laster hasi zen bere burua lanean. “Dantzaz-en proposamena jaso aurretik, sekula ez nuen pentsatuko Laboaren unibertsoa lantzeko aukera izango nuenik. Bere erritmo geldoekin koreografiak lantzea zailagoa izango zela uste nuen, baina segituan hasi zen dena bat egiten, eta, azkenean, abesti asko kanpoan utzi behar izan nituen”.
Mujikak harreman berezia zuen Laboarekin; musikariaren irudia baino, psikiatrarena ezagutzeko aukera izan zuen, eta gertutik bizi zuen bere alde humanoena: “Emanaldia enfokatzeko orduan, Mikelen inguruan nituen oroitzapenez baliatu nintzen. Mikelek haurren psikiatra moduan egin zuen lan musikan hasi aurretik, eta anaiarekin izan zen; oso oroitzapen ona daukagu, anaiak asko estima-tzen zuen Mikel. Harreman horretatik tiraka, eta askorentzat ezezaguna den Mikelen beste aurpegi hori azaleratzeko asmoz, psikiatriko batean kokatu nuen istorioa. Hala, emanaldiak zoro horiek amesten dutenaz hitz egiten du, txoriak, aske eta zoro bizi direlako”.
Emanaldia kalean egiteko diseinatu zuten, eta Lekeitioko hondartzan estreinatu ondoren, Euskal Herriko plaza, hondartza eta bestelako eszenatoki naturaletan eskaini dute. Hamabi dantzari, oihal urdin bat, aulki batzuk eta sokak dira dantzaldia osatzen duten elementuak, naturak eskaintzen dituen soinu eta argilunekin batera. Dantzariek psikiatrikoko giroa islatzen dute, Laboaren abesti ezagunenak Iñaki Salvadorrek osatutako soinu bandaren bitartez airean hegan doazen bitartean.
Bikote artistiko paregabea osatu dute Mujikak eta Salvadorrek, eta bien artean, Laboaren esentzia musikala eta bere izakeraren arrastoak erreskatatu dituzte Txoriak emanaldian: “Laguntzarik onena eskaini dit Iñakik. Laboarekin horrenbeste denbora igarota, inork baino hobeto ezagutzen zuen zer zen abeslariak gogoko zuena, eta anekdota pila kontatu dizkigu. Primeran pasa dugu elkarrekin lanean; beti esaten zuen Mikelek hemen ahotsak sartuko zituen! eta antzekoak”.
Salvadorrek ere biziki disfrutatu du obra hau osa-tzen; prozesua ederra izan da harentzat, halako lan intimoa egiteko aukera eskaini diolako: “Aurretik lan egin izan dut Josurekin, 1994an Amets Beteak proiektuarekin. Amets erotikoen inguruko lana izan zen, oso proiektu irekia eta sugerentea, eta Josuren lana ondo ezagutzeko aukera izan nuen. Txoriak-en lan egitea, beraz, oso erraza izan da; Josuren koreografiek tradizioa errespetatzen dute, baina, aldi berean, zeharo apurtzaileak dira. Laboaren mundua lan-tzeko beraz, ezin hobea izan da Josu aukera-tzea”.
LABOA INTIMOENA Tradizioarekiko maitasuna eta apurtzaile izateko ausardia nahastuz, koreografiak Laboaren alde humanoa eta artistikoa erakusten duela nabarmendu du Salvadorrek. “Josuk Mikel pskitiatra zenean ezagutu izanak bestelako ikuspuntua eman zion proiektuari, eta nik neuk ere ezaugarri hori nabarmentzen lagundu diot, musikaren aukeraketan eta moldaketetan gomendioak eskainiz. Dena den, esan beharra dago Josuk oso argi zituela ideiak lehen unetik; zentzu horretan, Mikelen antza handia duela esango nuke, biak baitira oso ideia argiko gizonak”. Laboa sakonki ezagutzeko aukera izan zuen Salvadorrek; pianojole eta jazz konposatzaileak urte luzez kolaboratu zuen abeslariarekin, bere musikarako moldaketak eginez eta pianoarekin emanaldietan lagunduz. Proiektu hau ez da Laboaren inguruan burutu duen lehena; besteak beste, Tanttakarekin osatu zuen Zilbor Estea. Dena den, esan daiteke intimoena izan dela musikariarentzat. “Laboaren kantarik ezagunenetarikoen bidez ikuslea hunkitzeko eta liluratzeko aukera izan dugu, beti ere, oso maitatua den figura baten inguruan lanean ari ginela kontuan izanda. Esku artean izan dugun materiala oso intimoa zela jakinda. Lekeitioko estreinaldian Marisol Bastidak berak esan zigun Mikel pozik egongo litzakeela sortu genuenarekin; azken finean, dantza garaikidea poetikoa eta sutila da, Mikelen poesia bezala”.
INTERPRETAZIO LIBREA Ikuskizunak istorio bat kontatzen duen arren, Salvadorrek eta Mujikak argi dute interpretazio irekia ere baduela. Mujikaren esanetan, bere bizipen pertsonaletik abiatuta imajinatu du ikuskizuna, baina badago bestela sentitzerik ere: “Dan-tza garaikideko espektakulu batek ez dauka legerik. Atsegina izan behar du, ez aspergarria, barruko erritmoa mantendu behar du, eta kalean izanik, hainbat gauza kontuan izan behar dira”.
Txoriak-ek dantza garaikidea publiko guztiei eskaini nahi die, eta edozein espazio irekia erabiliz: hondartza, enparantza, parkea... Neure iruditerian dantzariak psikiatrikoko paziente moduan irudikatu ditut; badira norberaren pentsamendua islatzen duten aulkiak, borobilean jarriak, frenterik gabe, hurbiltzen den edonoren bistara. Oihal urdin erraldoi baten bidez itsasoa irudikatzen saiatu gara, Lekeitiko emanaldian oso garrantzitsua baitzen itsasoaren presentziari erreferentzia egitea, eta badira ere soka batzuk, niretzat Laboaren gitarraren sokak irudikatzen dituztenak... Edo, La donna é mobile kantarekin, espageti batzuen antza izan dezaketenak. Gero, jendeak nahi duena ulertu dezake, hori baita dantza garaikidearen abantaila, interpretazio librea eskain-tzen duela”.
Salvadorren esanetan, baina, Mujikaren koreografiak beharrezko elementuak eskaintzen ditu, ikusleek transmititu nahi dutena uler-tzeko bezainbeste: “Josuren proposamena irekia da, baina ikusleari nahiko elementu ematen dizkio, istorioa nondik doan ulertu dezan. Esan daiteke bere puntuan egosten duela koreografia, inbasiboa izan gabe; hegan egiten uzten du. Formatua oso atsegina da; dantza, itsasoa eta harearen arteko konexioa naturala eta magikoa suertatzen da, eta multimedia mundu horretan, 3Da baino asko errealagoa den esperientzia bat bizitzeko aukera eskain-tzen du, errito baten modukoa”.
ARTEA ETA FORMAKUNTZA Txoriak proiektua Dantzaz konpainiaren emanaldi arrakasta-tsuenetako bat izan da azken urteetan, eta beste proposamenekin batera, dantzari belaunaldi ezberdinek parte hartu dute. 2014ko uztailean estreinatu zutenean, Dantzaz konpainiako zuzendari Fernando Saenz de Ugartek ez zuen uste proiektuak horren ibilbide luze eta oparoa izango zuenik. Sortu eta hiru urtera, oraindik eskaera ugari jasotzen dituzte, nahiz eta dagoeneko iragarri ez. Konpainiarentzat ez da ohikoa proiektu bat urtebete edo bi baino gehiago luzatzea, artea eskaintzeaz gain, etengabeko formakuntza eta garapen prozesuan murgilduta dabiltzalako. Hala, pena handiz, aurten agur esan beharko diote proiektuari, erronka berriei lekua uzteko.
Txoriak emanaldia hamabi dantzarik eskain-tzen duten arren, hiru urtetan aldatzen joan dira dantzariak, hori delako konpainiaren lanerako gakoa; bi urteko formakuntza, ondoren gauza berriei ekiteko. Beraz, datozen egunotan ikuskizuna eskainiko dutenetatik, bat bera ere ez da izango estreinaldian aritutakoa. Dena den, biziki eskertuta dago Saenz de Ugarte proiektuak izan duen harrera beroagatik: “Harrigarria da koreografia honek izan duen ibilbide luzea. Estreinaldian sekulako arrakasta izan genuen, eta Marisol Bastidak berak transmititu zigun Mikel oso kontentu izango zela honekin. Mikelen mundua oso lotuta zegoen poesiarekin, eta zer da dantza, mugimenduan doan poesia ezik? Hondartzan eskaintzeak, gainera, asko laguntzen dio sortu nahi den giroari, eta Josu Mujikak sortutako koreografia bikain eta potentearekin, bertaratutakoak hunkitzea lortu dugu emanaldi guztietan”, kontatu du zuzendariak.
Hondartzara edota bestelako eremuetara egokitzea ez da erraza izan dantzarientzat, eta horregatik, emanaldietako bakoitza “ezberdina eta bakarra” izan da, zuzendariaren esanetan: “Harean salto egitea ez da erraza, eta mugimendurako bestelako elementuak erabili ditugu, aulkiak kasu. Plazetan ere koreografia malgu bat eskaini behar izan dugu, leku bakoitzera egokituz. Polita da ikustea nola proiektua, emanaldiz emanaldi, aldatzen eta garatzen doan; datozen emanaldiek ez dute hasierakoaren antzik izango, gauza berdina izan arren”. Datorren urtera begira dago jada Dantzaz. Txoriak amaitzear den arren, ez dela guztiz desagertuko dio zuzendariak: “Laboaren unibertsoa hilezkorra da, eta proiektu hau asko maitatu dugun moduan, berriak ere jaioko dira”.