Autosorkuntza, autoedizio eta autoekoizpenetik abiatu dira Malen Amenabar, Mariñe Arbeo eta Nerea Ibarzabal Txakur Gorria kolektiboa sortzeko. Unibertsitate ikasketak bukatzear, eta horren ostean etorriko zenaren ziurgabetasunean, euren “bizitzaren zati bat sormenetik bideratu” nahi izan du hirukoteak. “Ezjakintasun momentua zen, karrera amaitzean gure bizitzarekin zer egingo genuen jakin ez eta hau aukera polita iruditu zitzaigun”, kontatu du Amenabarrek. “Txakur Gorria liburuxka azoka baterako egitea, hirurok batu eta zerbait hasteko ai-tzakia izan zen. Hortik atera zen gero lan guztia”, dio Arbeok.
Lehen lanaren izena bereganatu egin dute: Txakur Gorria. Izenaren hautaketa “apur bat inertziaz” izan zela badiote ere, gustura geratu dira. Ibarzabalek jakitera eman duenez, kaleratu zuten lehen lanak eman zion taldeari izena. “Txakur Gorria da osatu genuen lehen liburua. Txakur baten inguruko istorioa konta-tzen da bertan. Hori sortzea erabaki genuenean ni kanpoan nengoen, Erasmusen. Handik idatzi nuen ipuina eta gero Mariñe eta Malen arduratu ziren forma emateaz. Istanbulen, etxe batera begira dagoen txakur baten kontakizuna da, benetakoa”. Honen ostean etorri dira Atea irekiko ez lidaketen pertsonen etxean leihotik sartu nintzenekoa eta Hizteria, eskuko hiztegia.
Hitzak, diseinua, formatuak? Alde guztiei ematen diete garrantzia berezia eta horiek guztiak zaintzen dituzte Txakur Gorria egitasmoko kideek. Dena denen artean adosten duten arren, bakoitzak bere eremua lantzen duela kontatu du Arbeok. “Ideia hiruron artean pentsatzen dugu eta hortik abiatuta, bi liburuxken kasuan, adibidez, Nereak idatzi eta Malen eta biok ilustrazioaz eta diseinuaz arduratu gara”.
Ezerezetik azken lana esku artean izan arte, eurek arduratzen dira prozesu guztiaz. “Geure buruei mugarik jarri gabe lan egiten saiatzen gara, eta orain arte pentsatu izan dugun hori egia bihurtu da”, kontatu du Amenabarrek. “Kapaz gara burura-tzen zaigun horri forma eman eta produktu bihurtzeko”. Sormenaren munduaren inguruko hausnarketatxoa egin du Ibarzabalek, izan ere, esan duenez, askotan badirudi “elitearentzat gordetako eremua dela edo filtro batzuk pasatu behar direla zerbait kaleratzeko. Iruditu zitzaigun gu hirurok ados egonda eta hirurontzako ideia ona bada, zergatik ez zerbait kaleratu?”. Momentuz, euren kabuz argitaratu dituzte orain arteko lanak, eta autoekoizpenaren munduan murgildu dira bete-betean.
esperimentazioa Formatu tradizionaleko liburuak gero eta gutxiago saltzen diren garaian, paperaren aldeko apustua egin dute Txakur Gorriko kideek. Oraingoz hiru liburu-objektu argitaratu dituzte: Txakur Gorria, Atea irekiko ez lidaketen pertsonen etxean leihotik sartu nin-tzenekoa eta Hizteria, eskuko hiztegia. “Liburua objektu moduan” gustatzen zaiela esan du Amenabarrek, eta papera bera ere kontu handiz zaintzen dute: testura, paper mota, koloreak? Esperimentatzen ari direla kontatu dute, sormen prozesua izateaz gain, ikasketa prozesua ere badela, eta “zabalik” daude datorrenaren aurrean. Dena dela, formatu bakarrera ez ixtea erabaki dute. “Ez da liburu forma duen sormena soilik, irekia baizik”, azaldu du Ibarzabalek. Izan ere, duela gutxi ikus-en-tzunezko lan bat aurkeztu zuten Bertsomovieda lehiaketara, eta baita saria irabazi ere. “Nahiz eta liburuak asko gustatu, ez dut uste horretara mugatuko garenik, esan genuen edozein diziplina frogatzea gustatuko litzaigukeela eta horietako bat ikus-entzunezkoa da. Hartza zu bideoa aurkeztu genuen lehiaketara, animazioaren bidezko ilustrazioa eta bertsoak uztartuz”. Gainera, diziplina ezberdinak jorratuz, oraintsu, Xixili, burutik jota zegoela esaten zioten emakume baten histeria errezitaldia aurkeztu dute Bilbon.
Paperzaleak izateaz gain, ironiazaleak ere badira Txakur Gorriko kideak, eta erraz igarri daiteke hori euren lanei begiratuta. Asko gusta-tzen zaie irakurleak probokatzea, Arbeok aitortu duenez. “Irudietan askotan bilatzen dugu ironia puntu hori”, kontatu du Amenabarrek. Ibarzabalek honakoa gehitu du: “Jende askok esan digu Hartza zu ikusita, ez dutela ezer ulertu. Badirudi dena ulertu behar dela. Konturatzen gara ez gaudela ohituta zentzurik edo koherentzia oso bat ez duten gauzak ikustera. Derrigor behar dugu denetarako azalpen bat? Ez gara ohar-tzen ze interesanteak diren galdera horiek ere batzuetan. Ze polita den jendeari galderak sortzea”.