Etorkinak guri lana ken-tzera datoz, euren haurrek gure seme-alaben hezkuntza prozesua oztopatzen dute, gizarte laguntzetatik bizi dira?”. Oiongo herritarren artean zabalduta dauden estereotipo eta zurrumurruak dira horiek, baina Euskal Herriko zein munduko edozein txokotan ere entzun daitezkeenak, ziur aski. Araba eta Errioxa arteko mugan kokatuta dagoen herria da Oion, 3.200 biztanle inguru ditu, horietatik %15,81 etorkinak, Maroko eta Pakistangoak batik bat. %25eko langabezia-tasa dago, EAEko altuenetakoa. Herri txikia izanik, agerikoa da kultura ezberdinen arteko elkarbizitza ez normalizatua, eta horrek, gaizki-ulertuak, zurrumurru faltsuak eta etorkinen inguruko estereotipo negatiboak eragiten ditu.

Bizikidetza osasuntsuaren aldeko apustua eginez, duela urte bi inguru, Oiongo herritar talde batek, Artehaziak Kultur Berrikuntza, Artea eta Gizartea elkarteak zabaldutako deialdian parte hartzea erabaki zuen. Elkarteak, Komanditario Berriak programaren bidez, gizarte zibilak sortutako artea bultzatzen du, eta hainbat proiekturen artean, oiondarrena da aukeratuetako bat. Idoia Zabaleta artista arabarrarekin kontaktuan jarri ziren orduan, eta honek bitartekari lanak egin zituen proiektuaren garapenean. “Bedera-tzi hilabetez taldearekin lanean aritu nintzen, erronkarako galderak hobetzen, beharrizanak zehazten, Oion ezagutzen? Egia da kultura ezberdinen arteko bizikidetza zaila dela, baina kultura berdinen artekoa ere ez da erraza. Beraz, ertz horiek guztiak finduz joan ginen. Adibidez, zurrumurruak ez dauzkagu soilik etorkinen aurkakoak, badauzkagu errioxarren aurkakoak edo patateroen ingurukoak ere”, kontatu du.

Euskal Herriko arte garaikidearen panorama aurkeztu zien orduan oiondarrei Zabaletak, eta soinuaren inguruko artelan bat egoki ikusten zuenez, Mursego musikariarekin lan egitea proposatu zien. Baiezkoa jaso eta gero, Maite Arroitajauregi Mursego sartu zen eszenan. “Lehen kontaktua e-mail bidez izan genuen, baina Idoiaren lana ezagutzen dudanez eta bere jarraitzailea naizenez, hasieratik oso jarrera positiboa izan nuen”, kontatu du Arroitajauregik. Oionera heldu zenean, taldea ezagutzea ezinbestekoa zen eta horretarako dinamika batzuk egin zituzten. “Euren espektatibetan eta lortu nahi zuten horretan sakondu genuen ”. Ia hasieratik “nahiko argi” zuten artelanak disko forma izango zuela eta 2016ko udan, Zabaletak Lasierra herrian duen Azala espazioan bildu ziren, abesti bakoitzak zeren inguruan hitz egingo zuen zehazteko.

Letrak, oiondarren isla “Parte hartzailea” eta “inklusiboa”. Horrelakoa behar zuen izan, eta horrelakoa izan da proiektua. Guztira, 100 oiondar inguruk parte hartu dute lanaren sorkuntza prozesuan, entseguetan, kantuen prestaketan? “Alde batetik, egon behar ziren abesti ba-tzuk oso literalak, gauzak argi eta garbi esaten zituztenak, mezu aldarrikatzaile batekin. Baina aldi berean, atsegina ere izan behar zuen, opari bezala eskaintzeko modukoa; izan ere, Oion herria oso polarizatuta dago eta gauza erradikalegia egingo bagenu parte bat kontra jarriko li-tzateke”, azaldu du Zabaletak.

Zortzi abestik osatzen dute %100 Oion diskoa, Zurrumurru, zurrumurru. Sal de mi vida kantak estereotipoak ditu ardatz, eta zuzenean aipa-tzen ditu horiek. “Era berean, umore eta ironia asko duen kanta da. Horrelako proiektu baten umoreak asko laguntzen duela uste dut, geure buruaz barre egitea arma oso potentea da”, dio Arroitajauregik. Beste abesti bat nabarmendu du musikariak, herri-galdeketa bidez sortutako Óyenos Oion izenekoa. “Postaltxo batzuk sortu genituen, eta horietan galdera bat zegoen idatzita: Zertaz kexatzen zara? Leku ezberdinetan banatu genituen, taberna, elkarte zein eskoletan, eta nahi zuenak bertan idazten zuen Oioni buruz zituen kexak. Ia 200 kexa jaso genituen”, kontatu du Zabaletak, “errenkadan jarrita, Maitek lan itzela egin zuen horiek abesti bilakatzen”. Letra pixka bat moldatu, neurria melodiara egokitu? “Mikrokexetatik hasi eta makrokexetara joan ginen. Oso harro nago horretaz, egia esan”, azaldu du Arroitajauregik.

Abestia San Prudentzio abesbatzako hainbat kidek eta herriko kexa eta eskaerei ahotsa jarri nahi zieten lagunek interpretatu zuten. “Piano huts batetik hasi, lau akorde eta hortik beste musika tresnak sartzen hasi nintzen. Niretzako erronka izan zen, inoiz ere ez dudalako egin kanta bat kororako”, onartu du musikariak. Istorio txiki bat kontatzen du abestiak, herritarren kexez eta eskariz betetakoa. “Oso kantu berezia da. Herritarrak entzuten dituzulako, eta aldi berean kexa unibertsalak ere badaudelako. Horrela, Oiongo herritarren erretratua ikusten da, baina baita gizartearena ere”, gaineratu du Zabaletak.

Kantu arabiar baten bertsioa ere egin dute, arabieraz zein euskaraz. Ez zen prozesu erraza izan Habibi maitea. Tala Al Badru Alayna abestiarena, musikariak dioenez. “Eurek ezagutu baino lehen, Oiongo emakume arabiarrek proposamen ba-tzuk bidali zizkidaten, baina oso edulkoratuak iruditzen zitzaizkidan. Nik nahiago nuen musika arabiar kalekoa, tradizionala”. Lehenengoz komunitate arabiarrarekin bildu zenekoa aurpegian irribarrea duela gogoratzen du Arroitajauregik. “Emakume eta haurrak batu ginen eta hainbat konturen inguruan egon ginen solasean, elkar ezagutuz. Truke bat sentitu dut komunitate arabiarrarekin, zentzu horretan”. Arratsalde hartan Tal Al Badru kanta abestu zuten emakumeek zuzenean: “Elkartu ziren emakume guztiak atera ziren pasabidera eta han hasi ziren kantatzen. Orduan, hunkitu egin nin-tzen eta esan nuen, hau bai: emakumeak kantatzen, txaloka, saharitza irrintzia egiten... Esan zidaten nola ahoskatu behar zen, zer esan nahi zuen letrak eta nik bertsolariei pasatu nien. Oiongo bertsolariek, Unaik eta Olabak, itzulpen libre bat egin zuten. Azkenean gelditu da ahapaldi bat arabieraz, beste bat euskaraz eta gero estribilloa hizkuntza batean eta bestean”.

Gizartea eraldatzeko gai Bi urte inguruz lanean egotean, elkarbizitza esperientzia ere bilakatu da proiektua, bai oiondarrentzat eta baita Zabaleta eta Arroitajauregirentzat ere. “Jende asko elkartu da, belaunaldi ezberdinak entseatzen, kantuak prestatzen? eta guztiak helburu berarekin: gozatzea eta diskorako zerbait polita egitea”, kontatu du artistak. Espero zuena baino potenteagoa izan da lana, eta bere ustetan, “mugimenduak gertatu dira, bai herritarrengan eta bai bere aldetik ere. Bere burua eszeptiko-tzat duen arren, proiektu honek aurretik zituen iritzi batzuk aldarazi dizkiola aitortu du Zabaletak. “Nik ez dut alaitasuna galtzen, baina nahiko eszeptikoa naiz. Artea asko gustatzen zait, arte munduan bizi naiz eta uste dut oso gauza garran-tzitsua dela, mundua begiratzeko edo ezagutzeko beste modu batzuk eskaintzen dituelako. Baina bizi garen mundu honetan ez dut uste arteak gizartea aldatzeko indarrik duenik, batik bat gaur egun gizarteak arteari edo kulturari ematen dion garrantziagatik, ez artearen autonomiarengatik, jakina. Horregatik -jarraitu du Zabaletak- nahiko eszeptikoa naiz esaten denean horrelako proiektuak transforma-tzaileak izan daitezkeela. Hala ere, kasu honetan esan behar dut guztiz eraldatzailea izan dela, eta gauzak birplanteatzea eragin dit. Badago potentzia handia, eta batez ere, soinua edo musika lengoaiaren bidez errazagoa dela ikusi dut. Proiektu honek erakutsi dit posible dela arte ona egitea eta ingurunearekiko oso errealitate konkretuekin konexio sendoak eraikitzea. Prozesu polita eta konplexua izan da, azken finean konplexutasunak jorratu egin behar dira, landu, eta ez gauzak sinplifikatu. Izenak dioen bezala, prozesu hau %100 Oion izan dela esango nuke”.

Distantzia hartzea oraindik “zaila” egiten zaio Mursegori. Izan ere, pasa den hilean aurkeztu zuten diskoa jendaurrean. Maila askotan oso prozesu aberasgarri eta potentea izan dela kontatu du Arroitajauregik, baita maila pertsonalean ere. “Diskoa aurkeztu genuenean, hor sortu zen energia, esker-onak, sentimenduak? Oso autentikoa izan zen. Nik bai uste dut arteak mundua aldatu dezakeela, politegia da agian, baina benetan uste dut. Esango nuke, musikak batez ere botere hori duela, agian beste diziplina batzuk heldu ezin diren edo zailago duten lekuetara heltzen den hizkuntza bat da”. Buruak katakrak! egin diola azaldu du musikariak, eta proiektuaren aurretik eta ondoren ez dela pertsona bera. “Askoz kontzienteago naiz ezberdintasun kulturalen inguruan, eta askotan jarri naiz errefuxiatu edo etorkin baten azalean. Nik uste dut gizartean badagoela behar bat ariketa hori egiteko, azken finean eurek ez datoz Europara abentura baten bila, benetako beharra dutelako datoz”.

Taldean lan egitea “oso positibotzat” jo duten arren, proiektuaren konplexutasuna dela-eta, “momentu gogorrak” ere bizi izan dituztela kontatu dute. “Serio-serio jartzen gara konplexutasunekin, baina egon dira oso momentu politak ere. Oso ondo pasatu dut, ostiraletako pintxo-pote-etan, esaterako, Oiongo herritarrekin”, kontatu du Zabaletak. Mursegoren prozesu artistikoa gertu-gertutik jarraitu du berak, eta askotan “haluzinatu” egin du, ideiak musika edo kanta bihurtzeko duen erraztasunarekin.