Oihala zabaltzen da. Renault 4 auto hori bat agertzen da geldirik eta bi lagun eszenan, bolantearen aurrean. Gidariak giltzari ematen dio, baina autoa ez da mugitzen. Autoak ez du mugitu nahi eta agertokiaren erdian geldituko dira protagonistak, ez aurrera eta ez atzera. Kaput. Hortik an-tzezlanaren izena, Gorka Ganso bere sortzailearen esanetan: “Mugimendu gabeko bidaia da Kaput, bi pertsonaiek bidaiatu nahi dute, baina ezizenezkoa izango zaie. Gelditasun horrek irudimenezko bidaia batera eramango ditu pertsonaiak eta baita ikuslegoa ere. Kaput bidaia emozionala da”, azaldu du Gorka Ganso aktore eta GANSO&Cia konpainiaren sortzaileak.
Barretik eta baikortarsunetik gerren drama unibertsalera zein bere zeharkako efektuetara hurbilduko gaituen komedia hunkigarri eta zentzugabea ere bada antzezlana. Bi bidaiariak ez dira testuinguru konkretu batean agertzen, ez-leku batean agertzen dira. “Antzezlana kokatzeko, atzera begiratuta, denoi etortzen zaizkigu irudiak, baina inoren lurraldean utzi dugu kontakizuna”, dio Gansok. Autoa, bidaiaren kontzeptua antzezteko elementua izateaz gain, hirugarren pertsonaia bilakatzen dute obra honetan. “An-tzezlaneko momentu batzuetan bizitza hartzen du autoak eta inspirazio gisa ere erabiltzen dugu, izan ere auto zahar eta hautsia bizitzaren isla ere bada da”.
HITZIK GABE
Obra mutua, hitzik erabiltzen ez duen antzezlana da Kaput. “Askotan, gorputza hitza baino bide hobea da esan nahi den hori adierazteko” -nabarmendu du Gansok-. Hitzak ez du balio argiago hitz egiteko, askotan hitzaren atzean ezkutatu egiten gara; aldiz, gorpu-tza askoz argiagoa eta zintzoagoa da. Hitza kenduta foku guztia gorputzean jarrita, benetako emozioak agertzen dira eta azkenean, hori da kontatu nahi duguna”.
Hitzik ez erabiltzeak musikaren garrantzia areagotzen du, zuzendariaren esanetan. “Musika originala daukagu, Burgoseko lagun batek egindakoa, Carlos Herrerok. Ikuskizunerako beren beregi sortutako musika da. Gure ustez, oso musika polita eta ederra, eta egoera kontatzeko laguntzen du”, dio Gansok . Gainera, soinu efektu mordoa darabiltzate girotze hori guztia lantzeko eta adierazi nahi duten horri bultzada emateko.
Klown ikuskizuna da Kaput. Eszenatokian bi pailazo agertuko dira, nahiz eta, agian, jendeak pailazo izateaz daukan irudi horretatik urrun egon. Zuzendari eta aktoreak azpimarratu du pailazoak direla: “Ez daukagu sudur gorririk, ezta koloretako jantzirik ere. Baina, azken finean, edozein pailazo bezain ergelak eta inuzenteak gara, eta hori da gure lengoaia”, dio Gansok.
Ganso & Cia taldea sortu zuenetik pailazo forma hau landu nahi izan du aktoreak, “pailazoaren begirada garaikidea” alegia. 2007an, Renato ikuskizunarekin abiatu zen konpainiaren ibilbidea. “Hasieran bestelako pailazoaren irudia landu genuen, hau da, betiko sudur gorria. Oraingo honetan, klown pertsonaien antz handia dute bi pertsonaia hauek; galtzaileak baina, aldi berean, hunkigarriak dira” uste du Gansok.
UMOREA ARDATZ
Umorea nagusi da antzezlanean; umorea beste ezeren gainetik: umore fina, samurra, bihotza hunkitzen duen horietakoa. “Gai gordin eta gogorren inguruan berba egiteko beste forma bat da umorea”, Gansoren esanetan. Azken finean, prekarietatea, gerra, leherketak? egunero hedabideetan agertzen diren gaiak xamurtasunez eta komikotasunetik taularatuko dituzte pertsonaia biek. “Nazkatuta gaude telebistan horrenbeste sufrimendu ikusteaz, eta oraingoan ez dugu begirada beste alde batera bideratuko. Umorearen bitartez, gai horien inguruko bestelako ikuspegi bat landu nahi dugu. Gai dramatikoez aritzeko ere umorea eta barrea sekulako bidea dira”.
Ume zein heldu, publiko orokorrari zuzendutako obra familiarra da Kaput. “Adinez nagusia den batek zein ume batek berdin disfrutatu dezake lan honekin. Hala ere, uste dugu 5 urtetik gorako umeek hobeto ulertuko dutela”, dio Gansok.
Ganso & Cia-k kale antzerkiak egin izan ditu nagusiki orain arte, eta honakoa taldeak areto barrurako sortu duen bigarren obra da. “Kaleko izpiritu berarekin lan egiten dugu barruan ari garenean ere”, kontatu du Gansok. Kaleko ikuskizunetan bereziki sumatu izan du ikusleek umorea eta klowna beti umeen munduarekin lotzen dutela, baina hori aldatu ahal dela uste du. “Epe luzera begira egin beharreko ariketa da. Apurka-apurka jendearen jarrera eta aurreiritziak aldatzen joango direla espero dugu”.