Arte Ederrak ikasten ari zenean, behin baino gehiagotan bisitatu zuen Leioako Kultur Aretoa Ane Pikazak (Bilbo, 1986), eta orain bere obrak daude ikusgai bertan. Gustura geratu da Pikaza egindako lanarekin, eta hasieran gelaren tamainak “inpresio apur bat” eman bazion ere, bere ilustrazioek sobera bete dute aretoa. Azken bi urteetako ilustrazioak bildu ditu Plantas, plumas y otras invasiones izenburupean, eta, izenak dioen bezala, landareak eta lumak oso presente daude bere lanetan.

“Irudi serie bat baino gehiago bildu ditut: A ras de vuelo, Loraldia, Corazones rellenos? A ras de vuelo autoedizioan batez ere lumetan zentratu nintzen, eta horrekin jarraitu nuen, aurrera egin nuen. Niretzat askotan ariketa baten modukoa izaten da hori, ea noraino ailegatu naitekeen ideia batekin, islatu nahi dudan ilustraziora hurbildu ahal izateko”, azaldu Pikazak. Landareek ere betetzen dituzte bere ilustrazioak, inbaditu ere, kasu batzuetan.

Feedback bila, bisitarientzako koadernotxo bat jarri du erakusketan Pikazak, izan ere, beste pertsona ba-tzuen iritzi eta ikuspegiak zeintzuk diren jakitea oso polita dela uste du. “Obra bat bukatzean, niri bururatu ere egin ez zaizkidan galderak jaso-tzen ditut. Sortze prozesuan, artistok galdera piloa ditugu, eta bat-batean, zure lana beste begi batzuek ikustean, beste ikuspuntu batetik, konturatzen zara handiagoa dela, edo behintzat, egin duzun horrek uste zenuena baino irakurketa gehiago dituela”. Azken finean, lanak “mutanteak” direla dio Pikazak, guztiz aldakorrak, eta hemendik urte batzuetara, orain egindako irudiak ez dituela berdin ikusiko uste du.

Estiloaren aldaketa Estiloan ere artistak euren lana etengabe alda-tzen doazela uste du Pikazak, eta oraindik ez du oso argi berea zein den. “Nik ez dakit berez estilo bat daukadan, nahiz eta behin baino gehiagotan esan didaten topatu dudala nire estiloa. Baina ni ez nago hain ados. Azken finean nigandik irteten dira marrazki guztiak, orduan badaukate zer edo zer komunean: ni neu. Baina horren kontra joaten saiatzen naiz, nire buruari trabak jartzen eta aldatzen”, kontatu du. Erakusketa honetan baina, Pikazak berak ere ikusi du serie ezberdinetako ilustrazioen artean badagoela antzekotasuna. Fondo zuriak eta egoera baten aurrean bakarrik dauden emakumeak dira bere lanetako protagonistak. “Egia da ez nuela onartzen apur bat naif-a naizela estetika aldetik, baina une batean onartu egin behar izan dut nire lana defendatzeko. Nire buruarekin gehiago ez borrokatzea erabaki nuenean, orduan hasi naiz gehiago sortzen”. Hala, “koxka” egiten dizuna onartzen, baina era berean estilo bati ez lotzean eta teknika aldetik hobetzen saiatzean dagoela uste du Pikazak.

Ilustrazioak sortzeko teknika “ezinbestekoa” da artistaren aburuz. Etengabeko ikasketan dabil bera, ideia bat edo beste azaltzeko zein teknika den egokiena ikusten, izan ere, guztiak ez dira baliogarriak edozein irudi sortzeko, artistaren esanetan. “Ni teknikarekin borrokan nabil denbora guztian, batzuek eta besteek informazio ezberdina ematen baitute eta irudia guztiz aldatzen da”, uste du Pikazak. Sortze prozesuan inprobisazioak lekua duela dio artista bizkaitarrak. Batzuetan frogak egin eta egin aritzen da buruan duen ideia horretara hurbildu arte. Besteetan, irakurri zein entzun duen zerbaitetik abiatzen da, “jolasten eta gozatzearen alde hori ahaztu gabe, neuretzako egiten baitut egiten dudana”.

Margolari eta aktore Arkitektura ikasketak hasi zituen arren, berehala utzi eta Arte Ederrak eta antzerkia ikastera pasatu zen Pikaza. “Engantxatu” egin zela dio berak, eta gaur egun lan biak uztartzen ditu. Kabia antzerki taldean dabil, eta baita beste konpainia batzuetan ere: Tartean Teatroa, Xake Produkzioak, Hika Teatroa? Proiektuen egutegien arabera moldatzen da, eta erraza ez bada ere, pozik egoteko gauza guzti horiek egin behar dituela kontatu du Pikazak, bata eta bestea erlazionatuta baitaude. “Suposatzen dut antzerkia egingo ez banu ez nituzkeela horrelako irudiak egingo, eta askotan antzerkira joaten direla nik dauzkadan ilustrazioetako edo arteko erreferenteak. Nahi gabe zerbait lantzen ari banaiz ikuskizun batean, pentsamendu horiek edo galdera horiek airean egoten dira eta suertatu daiteke irudietan islatzea eta alderantziz”.