Mila saltsatan sartuta dabil Ainara Azpiazu Axpi (Hernani, 1980). Komikiak, ilustrazioak, muralak, tailerrak? Hori gutxi balitz, erakusketa bat antolatzeko astia ere izan du, Donostian. Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen txokoak Aspiazuren lanetako ba-tzuk eta bere inspirazio iturriak bilduko ditu datozen asteetan.

Ilustratzaileen txokoan duzu erakusketa. Gustura geratu zara emaitzarekin?

Egia esan, kosta egiten zaidan kontua da erakusketak egitearena. Kasu honetan, espazioa nahiko txikia denez eta formatu aldetik ere ez denez ohiko gela handia, errazagoa egin zait. Nire lanak bost esparru ditu orokorrean: ilustrazioa, komikigintza, muralak, tailerrak eta zabalpena. Horietako hiru ekarri ditut Ilustratzaileen txokora: ilustrazioak, komikiak eta zabalpena (kartelak, eskuorriak, egutegiak?).

Nola egituratu duzu erakusketa?

Batetik, ilustrazioak eta liburuen argitalpenari lotutakoak jarri ditut. Italiako argitaletxe batek enkargatu zidan proiekturako egin nituen frogak eta bozetoak daude hor, animalia mitologikoekin. Gainean daramatzadan koadernoetan egindako irudiak ere badira, eta baita ilustratu ditudan hainbat liburutarako egindako pertsonaiak ere. Bestetik, komikiak eta beste formatu batzuk aukeratu ditut: beste argitalpen batzuentzat egindako komikiak; pop-up edo hiru dimentsiotako liburuak; egutegiak, kartelak, diptikoak...

Zer nahi diezu transmititu ikusleei aukeratutako piezen bidez?

Txoko hau nire lanaren esparru guztiak erakusteko aprobetxatu nahi nuen. Baita egiten ditudanak baina hain presente ez dauden horiek erakusteko ere. Iruditzen zait jende bati iristen zaizkionak, agian, beste bati ez zaizkiola iristen. Esaterako, jende askok ez daki komikia ere egiten dudanik, eta baliteke komikitik ezagutzen nautenek ez jakitea ilustrazioa egiten dudanik.

Zure sorkuntzak ez diren lan multzo bat ere badago erakusketan.

Azken txokotxo horretan nire mundu sinbolikoa edo nire haurtzaroan oso presente egon diren gauzak daude: paisaia, familiako argazki zaharrak, txakurrak, aitak egindako marrazki bat, panpinak, txapak, zigiluak? Nire inspirazio iturriak dira, horietatik elikatzen naiz eta marrazteko gogoa ematen didate.

Aipatu izan duzu erakusketetan ez duzula jasotzen nahi beste ‘feedback’. Alde batetik, faltan botatzen omen duzu, baina, bestetik, nolabaiteko babesa ematen omen dizu horrek.

Bi alde horiek dauzka. Erakusketa bat jartzean, pribatua dena publiko egiten da, beraz, asko zaindu beharreko zerbait da. Oraingoz erakusketa gutxitan jarri badut izan da iruditzen zaidalako norberak irudi bat ematen duela, eta ni horrelako gauzetarako pixka bat desastrea naizelako. Asko kostatzen zait baita jendearen erreakzioak zuzenean bizi-tzea, urduritu egiten nau. Babes handia ematen dit publikoaren erantzuna zuzenean ez ikusteak.

Zelan piztu zitzaizun marrazteko zaletasuna? Izan duzu eraginik ala zugandik berez atera zen zerbait izan zen?

Nire osaba eskultorea zen, beraz, neurri batean, artea beti presente egon da etxean. Familian bazegoen zaletasuna; amak lan egiten zuen dendan arte material asko zuten salgai eta hortik opariak ekartzen zizkidan. Berak ere badauka zaletasun handia koloreekiko, artearekiko? Etxean gustu bat bazegoen, baina beldurra ere bai, batez ere aitaren partetik. Ez nuke esango eredu jakin bat izan dudanik. Orokorrean, berezkoa izan dut artearekiko zaletasuna, eta oso modu autodidaktan garatu eta formatu izan naiz urte askotan. Nire lehenengo pintura klasea 23 urte nituela jaso nuen.

Soziologia ikasketak bukatu ondoren, Arte Ederrak hastea erabaki zenuen. Gero Italiara joan zinen ilustrazioan masterra egitera. Zer dela-eta erabaki zenuen zure bizitzan norabide berri bat hartzea?

Asko gozatzen nuen marrazten eta pentsatu nuen egunero zortzi ordu zerbait egiten pasa behar banituen gustuko nuen hura egiteak nire bizi-tza alaiagoa egingo zuela. Iruditzen zait garrantzitsua dela zertan lan egin erabakitzea, azken batean, ordu asko pasatzen ditugulako horretan. Marraztea gustuko nuenez, proba-tzea pentsatu nuen eta gaizki atera-tzen bazitzaidan edukiko nuela aukerarik beste zerbaitekin saia-tzeko.

Soziologia ikasi izanak badu eraginik zure lanean? Balio izan dizu zerbaitetarako?

Baiezkoan nago. Artea asko gusta-tzen zitzaidala konturatu nintzen, baina arte bizi bat, gizartean txertatutako artea dut gustuko, gizartearekin komunikazioa bilatzen duena. Nik sekula ez dut nahi izan jendeak ulertzen ez duen zerbait egitea, nik artea komunikaziorako erabili nahi izan dut beti. Horregatik erabaki nuen komikia edo ilustrazioa ere egitea. Mezuak transmititu nahi nituen eta artea jendearekin harremanetan dagoen zerbait bezala erabili. Horregatik, agian museoak eta erakusketak ez zaizkit bereziki interesgarriak egiten, horrelakoetara jendeak joan egin behar duelako. Aldizkari edo liburu baten bidez, ordea, zu zeu sar-tzen zara jendearen etxeetara. Bestalde, nik uste dut eragina izan duela Soziologia ikasi izanak, urte asko pasa genituen gizartea aztertzen, eta pentsatzen dut orain komikiak egiteko lagungarriak direla egin nituen ikasketak.

Nola definituko zenuke zure marrazteko estiloa?

Egia esan, ez nuke jakingo ondo zehazten. Normalean koloretsua izaten da eta alai tankerakoa. Baina testuak beste zerbait eskatzen badu moldatu egiten dut, noski. Adibidez, Itxaro Bordaren artikuluak ilustra-tzen ditut Argia aldizkarirako eta horietan nire kasa aurkitu dut ilustratzeko modu ilun eta gordinagoa. Hor ere gustura nabil, beste mundu txiki bat sortu dut horretarako.

Teknika beharrezkoa da marrazterako, orduan?

Hori norberak adierazi nahi duenaren araberakoa dela uste dut. Niri iruditzen zait teknika zenbat eta gehiago dominatu, barruan duzun hori orduan eta zehatzago aterako duzula. Niretzat oso garrantzitsua da teknika menperatzea. Urte ba-tzuk pasatu nituen teknika hobetzen eta orain lanen bidez hobetzen dut, lanak egin ahala beti zoazelako zerbait berria ikasten.

Inprobisazioa erabiltzen duzu ala behin eta berriro errepikatzen duzu marrazkia nahi bezala atera arte?

Akuarelarekin, agian, gehiago jo-tzen dut inprobisaziora, izan ere, oso bizirik dagoen teknika da. Ez da erraza aurreikusten nola geldituko den irudia, beste teknikak baino zailagoa da horretarako. Esaterako, ilustrazio batean oso argi daukat parte batzuk modu jakin batera joango direla, baina beste zati batzuk momentuan suertatzen zaidanari tokia egiteko erreserba-tzen ditut, horrela askoz gehiago dibertitzen naiz. Noizbait gertatu zait baita, leku batera margotzera joan buruan ideia bat izanda, baina gero erabat aldatu, momentuak hori eskatu duelako.

Liburuen kasuan, idazleek edo argitaletxeek esaten dizute zer nahi duten ala askatasuna izaten duzu ilustrazioak egiteko orduan?

Normalean argitaletxeak testuak pasatzen dizkit eta horien interpretazio bat egiten dut, batzuetan malguagoa eta besteetan estuagoa, testuak uzten didanaren araberakoa. Badauzkat proiektu batzuk libreagoak direnak, idazlea nirekin harremanetan jartzen denean, eta kasu horietan sorkuntza prozesua ezberdina izaten da. Feedback handiagoa ematen da eta moldaketak ere gehiago izaten dira. Emaitza ere osoagoa izateko aukera egoten da horrelakoetan.

Tailerrak ere ematen dituzu.

Bai. Lokal bat daukat Hernaniko Andrekalen eta umeentzako zein helduentzako klaseak ematen ditut bertan: sormena, pintura, teknika eta komikia ere lantzen dugu. Aurtengoa lehenengo ikasturtea izanda pixka bat esperimentalagoa izan da, baina nire asmoa eskaintza hobetuz joatea da apurka-apurka.

Etorkizunerako proiekturik? Edo egitea gustatuko litzaizukeenik?

Aurrera begira, aspaldian alde batera utzita ditudan pare bat proiektu pertsonalei heldu nahiko nieke. Gainera, nobela grafiko bat ere erdi hasita daukat. Horrez gain, beste euskarri batzuetan lan egiten ikastea ere gustatuko litzaidake. Azken finean, ilustrazioa hain da polita eta hainbeste aplikazio ditu, amaiezina da. Egia esan, nire lanean beti datoz gauza interesgarriak, eta oso zorteko sentitzen naiz horregatik. Orokorrean marraztea gustatzen zait, baina, gainera, iruditzen zait gai perfektuak proposatzen dizkidatela lantzeko: euskararen aldekoak, ahalduntzearekin lotutakoak, natura eta baratze zaintzarekin lotutakoak, besteak beste. Niretzat zoragarria da eta eskerrak eman nahi nizkieke lan egiteko nirekin gogoratu diren guztiei, horiei esker ari bainaiz hobe-tzen.