Lagun artean eta ilusio handiarekin, baina helburu finkorik gabe, duela hiru urte jaio zen Perlak, eta ordutik, talde zarauztarrak bilakaera bizkor bezain harrigarria izan du. 2014ko Gaztea maketa lehiaketa irabazi zutenetik, Euskal Herriko jaialdi, emanaldi eta saio garran-tzitsuenetan parte hartu dute. Alde guztietan erreklamatzen dituzten arren, Itzaletatik disko berria kaleratzeko bere denbora hartu du taldeak. Maiatzean Donostiako Le Bukowski aretoan diskoa aurkeztu ondotik, ostegun honetan, hilak 23, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, uztailaren 1ean Zarautzeko Modelo aretoan, eta uztailaren 22an Bermeoko Beleza Malandran.
Talde gaztea da Perlak; Ilargi Agirrek (bateria, ahotsak), Maite Martiarenak (ahotsa, gitarra, teklatuak), Miren Narbaizak (ahotsa, gitarra, teklatuak) eta Patxi Agirrek (ahotsa, baxua, teklatuak) osatutako laukotea harrituta dago horren denbora gutxian lortutako arrakastarekin. Maite Martiarena taldeko abeslariaren esanetan, taldeak “tarte gutxi” izan du bi urtean egindako bidearen inguruan hausnartzeko, baina pozik daude egindako lanarekin. “Gure lehen kontzertutik hona musikalki asko hobetu dugu, eta hori nabari da. Hasi ginenean, gure soinua puruagoa zen, gordinagoa. Egun, aldiz, nahasiagoa da, eta erritmo biziagoak lantzen ditugu”, azaldu du.
Udan gutxi ikusiko ditugu taula gainean, baina udazkenean berriro bueltatuko dira etengabeko kontzertu sortak eskaintzeko prest. “Neguko taldea garela esan daiteke”, gaineratu du abeslariak.
Post-punk etiketa jarri diete hasieratik, baina disko berrian bestelako estiloak landu dituzte, Martiarenaren arabera. “Disko berria rockeroagoa da. Gitarra doinu landuagoak gehitu ditugu eta, post-punk oinarria galdu ez dugun arren, erritmo biziagoak eta nahasketa handiagoa sartu ditugu”. Taldearen bilakaera borobilagoa islatzen du diskoak, abeslariaren ustez. “Bizitako uneez hitz egiten dute kantuek; letrak existentzialistak dira, eta orain arte egindako bidean ikasitako gauzek inspiratu gaituzte”.
Grabaketa prozesua esperientzia polita izan da taldearentzat. Mungiako Gaua Records estudioan grabatu dute lana, eta “primeran” pasa dute ekoizpen prozesuan. “Estudioaren alboan logelak eta sukalde bat dauzkatenez, bertan egunak igaro ditzakezu, soilik musikara dedikatuta. Sekulako esperientzia da. Hantxe astebete egon ginen elkarbizitza ederrean, bai gure artean eta baita estudioko jendearekin ere. Denboraren zentzua galdu egiten da bertan, musikan eta grabazioan besterik ez duzu pentsatzen astebetean”, kontatu du Martiarenak.
BLOKEOTIK HAUSNARKETARA Disko berriaren izenak ondo deskribatzen du taldeak azken hilabeteetan igaro dituen uneak. Abeslariak aitortu duenez, blokeo une batek eraman zituen lan berria argitaratzera. “Horrenbeste kontzertutan parte hartuta, puntu batera iritsi ginen non konturatu ginen kanta berriak behar genituela; baina behar hori asetzea ez zitzaigun erraza suertatu, blokeo moduko bat sentitzen baikenuen, esan beharreko guztia dagoeneko bota izan bagenu bezala”, aitortu du abeslariak. Taldeak hausnarketa sakon bat egin behar izan zuen oztopo hori gainditu eta sentipen berriak azaleratzeko. “Aldaketa bat behar genuen, eta oso barruan begiratu genuen, itzaletan ezkutatuta genituen eta sumatu ere ezin genituen sentipen horiek harrotzeko”. Sentipen berri horiek azaleratzean konturatu zen taldeak ordura arte egindako bideaz. “Hasi ginenetik gaur egun arte gauza asko bizi izan ditugu, eta gure gauzak adierazteko moduak garapen bat izan du”, kontatu du abeslariak.
Itzalek badute horren ezkutukoa ez den beste zentzu bat ere. Perlak taldean emakumeak dira nagusi, eta harrotasunez azaleratzen dute ezaugarri hori. “Emakumeok orain arte nahiko itzalpean sortu eta ekoiztu dugu musika, eta diskoak horri ere egiten dio erreferentzia. Gizonezkoena izan den mundu honetan, itzalpetik argitara atera gara”. Martiarenaren ustez, taldean emakumeak nagusi izateak eragin zuzena du egiten duten musikan. “Emakumeok beste modu batera sentitzen ditugu gauzak, eta hori asko nabari da gure musikan. Hasi ginenean lagun batek horixe esan zigun, oso nabaria zela emakumeek idatzi eta konposatutako abestiak zirela gureak”.
Euskal Herrian lortutako arrakasta horri lotuta dagoela uste du Martiarenak, emakumeak taula gainean geroz eta ugariagoak diren arren. “Espero ez genuen arrakasta lortu dugu, eta beharbada horren arrazoietako bat izan daiteke gutxi direla gure estiloko musika egiten duten emakumezko taldeak. Post-punk tankerako talde gutxi daude hemen, eta emakumeek osatutakoak oraindik ere urriagoak dira. Ziurrenik, horregatik deitu gintuzten Emakumeen Munduko Martxan Bandera Moreak kantua jotzeko”, adibidez. Dena den, Martiarenak sumatu du musikaren munduan emakumeek konkistatu gabeko espazio bat. “Beti botatzen ditugu faltan emakumeak jaialdi eta eszenatokiak muntatzen dituzten teknikarien artean”.