Simancas euskal agintarien ahotan dago aspalditik, Valladolideko herri horretan dagoen Artxibategi Nagusia dela eta. Hain zuzen ere, Euskal Herriaren historiarekin lotura duten ehunka dokumentu dituzte bertan, eta horiek guztiek etxean egon beharko luketela aldarrikatu ohi dute, euskal ondarearen parte direlako. Artxibategian murgildu eta altxor preziatu horietako adibide batzuk dakartzagu ondorengo lerroetara, aldarriaren atzean zer dagoen hobeto ezagutzeko.

Artxibategiak Simancaseko gazteluan du egoitza, eta Espainiako Kultura Ministerioaren esku dago. Gotorlekuak 1540. urteaz geroztik betetzen du egungo eginkizuna, baina aurretik, agiritegia izan baino lehen, kartzela izan zen. Bertako ziega batean aurkitu zuten hilda Nafarroako Pedro mariskala, 1522. urtean. Bere buruaz beste egin zuela dio bertsio ofizialak; hilketa izan zela diote hainbat euskal ikerlarik. Hipotesiak hipotesi, gertaera horren jatorrizko dokumentuak Simancaseko Artxibategi Nagusian daude gordeta, herio-tza ilun hori gertatu zen leku berean. Historiaren paradoxak.

MAPA ETA PLANO UGARI Kartografia aldetik gordailu aberatsa eta berezia aurki daiteke Simancasen. Aberatsa, ezagu-tzen diren mapa zaharrenetakoak biltzen dituelako; berezia, plano horiek azaltzeko eta testuinguruan kokatzeko dokumentuak ere badituelako. Plano ugarien artean, 1546. urteko bat nabarmendu daiteke, Donostiako gotorlekuekin. Irudia Villaturiel kapitainak egin zuen, hiriaren defentsa hobetzeko zein obra egin zitezkeen azaltzeko, Donostiara enkargu horrekin bidali baitzuten. Kapitainak gutun bat helarazi zion printzeari, geroago errege izango zen Felipe II.ari, eta, aipatutako planoa eransteaz gain, bere egonezina azaldu zion: “Maiestate, jakin badaki egunak direla leku honetatik irtetzeko gogoa dudala, hainbat arrazoirengatik. Lehenengo, nire osasuna ez da ona hemen; bestalde, gutxi da maiestateak ematen didana, hemen asko gastatu behar dudalako. Nire beste nahietako bat da bizi-tzeko geratzen zaizkidan egun gutxi horiek atseden hartzen eta jainkoari zerbitzua ematen igarotzea, hemen ezin baitiot zerbitzurik eskaini, ia heriotz bekatuan bainago, hainbesteko mina desio didan jende honen artean”.

Hondarribiko harresien eraikuntza prozesua ulertzeko oinarrizko planoak ere jasotzen ditu Simancaseko kartografia sailak, baita Bidasoa ibai historikoari buruzko hainbat irudi ere. Horren harira, Hondarribiko hiribilduaren izenean, Esteban de Lesacak idatzi bat bidali zion Felipe III.a erregeari, 1609. urtean, Bidasoa ibaia bere osotasunean Espainiari zegokiola argudiatzeko. Eskutitz horretan, ibaiaren ibilguaren marrazki bat erantsi zuen. Frantziak ibaiaren erdiaren jabetza nahi zuela ohartarazi zion Lesacak erregeari, eta berretsi zion liskarrak 1509. urtean zuela jatorria.

Urte batzuk geroago, 1659. urtean, akordioa lortu zuten bi estatuek, Faisaien Uhartean, Bidasoa ibaiaren erdi-erdian, Irun eta Hendaia artean. Pirinioetako Hitzarmenaren bitartez adostutako mugak bere horretan jarraitzen du gaur egun. Bada, itun hori Simancaseko Artxibategi Nagusiko harribitxietako bat da. Kasu horretan, bisitariak sar daitezkeen aretoan dago ikusgai, erakusleiho batek babestuta.

Mendez mende egindako bilketa-lan oparo baten emaitza diren 75.000 dokumentu inguru daude Simancasen. Patente, baimen eta errege aginduei buruzko paper-sortak ez dira falta, eta arlo horretan ere oso presente dago Euskal Herria. Aguraingo konde Pedro de Ayalari ezarritako debekua dago, bitxikerien artean. 1499. urtean sinatutako idatzi ofizial batean, Bizkaiko konderri eta jaurerriko arduradunek herrialdea uzteko eskatu zioten, “sei eguneko epean”, Enkarterrietan zegoela jakin eta gero. Bizkaira ez itzultzeko agindu zioten, ezarritako erbesteratzea amaitu edo baimena izan arte.