Liburu honen ideia aspaldian piztu zitzaion Iñigo Aranbarriri (Azpeitia, 1963). Duela bi urte, Apirila eleberria prestatzen zegoela hasi zen dokumentazioa biltzen. Ordutik, Tolosako epaitegiko artxiboak arakatzen ibili da, topatzen zituen informazio eta datu berriak Apirilak 1766 izeneko blogean argitaratzen. “Garai hartan matxinoei egindako epaiketatik atera ditut datuak, ia orduz orduko kronika jaso baitzen bertan”, azaldu du Aranbarrik. Goseen matxinadak 1766ko apirilean hasi ziren Europa osoan, eta baita Azpeitia eta Azkoitian ere. Hala ere, besteak beste historia irabazleek idazten dutelako-edo, orduan gertatutakoaz eta jende xehearen borrokaz dakigun gehiena irabazleen ikuspuntutik zabaldu dena izan dela dio: “Ni azkoitiarra naiz, baina herrian bizi izandakoaz ia ez da transmisiorik egon. Hutsune handia zegoen”.
Historiak ahaztu duen pasarte hori errekuperatzeaz gain, umorea da Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuaren beste ardatzetako bat. Orduko eliteen jarrera ere islatu nahi izan du Aranbarrik, ironia erabilita, haien status quo-a mantentzeko umorea zelan erabili zuten aztertuz. Horretarako, matxinadak baino lehenago estreinatutako El borracho burlado antzezlanaz baliatu da idazlea, bertoko protagonista, Txantxon Garrote, matxinadetara ekarriz. Peñaflorida kondeak idatzitako antzezlan honetan, jende xehea barregarri utziz menderatzen dituzte jauntxoek klase baxuak. Jose Luis Otamendik hitzaurrean azpimarratzen duenez, “Aranbarrik iragana eta oraingo garaiak batzen ditu, artearen leihoa erabiliz eta gizartearen funtzionamenduaren kritika zorrotza eginez”. Aranbarrik berak honako hau dio: “Pertsonaia nire ondoan jar-tzen dut, elkarrizketa bat sortuz, neurera ekarriz. Finean, obra hori jende xumeari buruzko lana baita”.
Ilustrazio garaian dago kokatuta Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburua. Izan ere, Aranbarriren aburuz, ezinbestekoa da garai horrek eskaini zuena berraztertzea. “Ilustrazioak Euskal Herrian onura asko ekarri zituen, zientzia eta hizkuntza arloan, esaterako, baina ezin da ahaztu arlo sozial eta ekonomikoan zituen gabeziak”, adierazi du idazleak. Izan ere, “gertatutakoaren gakoa” hortxe dagoela uste du Aranbarrik. Hala, elite ekonomikoa eta jende xumea aurrez-aurre jarri ditu, azkenik, matxinaden bidez, sistema ekonomikoa bera zalantzan jarri zutela. Hala ere, egileak arreta pribilegiatuen jarreran jarri du, El borracho burlado antzezlanean argi islatzen dena. “Matxinadek eragin ahal zituzten galera ekonomikoetaz kezkatuta baziren ere, boteretsuek onartu ezin zutena matxinoen jarrera zen, hots, txepetxek, txori txiki horiek, karrastarroak, lumaje eleganteko hegaztiak zirela uste izatea”, azpimarratu du Aranbarrik.
Kukaña, Bergarako plazan Historiak esaten digu Txanton Garrote agertokira bueltan bidali zutela eta, gainera, bere bizkar barre egiten jarraitu zutela jauntxoek. Hain zuzen ere, pasarte horretan kokatzen du egileak umorearen eragina eta kritika. “Zein umore mota da gurea? Kasu askotan, txiroari egiten diogu barre, gu baino zapalduago dagoenari. Zer pentsatu ematen du horrek”, hausnartu du. Egoera hauek irudiz horni-tzeko gertaera bi ekarri ditu gogora Aranbarrik. Batetik, Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuan jasotako pasartea, eta, bestetik, Bergarako plazan jauntxoek jarritako kukañari buruzkoa. Janaria eskegita zegoela, herritarrak berau hartzen saia-tzen ziren, behin eta berriro lurrera erortzen zirela. Bitartean, eliteek txokolatea dastatzen zuten, jende xeheari barre eginez. Pasarte honekin batera, duela hilabete Madrilen hainbat futbolzalek eskean ari ziren emakume batzuekiko erakutsitako mespretxuzko jarrera ere aipatu du Aranbarrik. “Nola tratatu daiteke jendea horrela?”, galdetuz.
Menpekoak makurrarazten direnean zapalketa mekanismoak, umorea tartean, oso an-tzekoak direla nabarmendu du Aranbarrik. Zoritxarrez, horretaz ez dela inoiz hitz egiten gogorarazi du. “Nik biak uztartu ditut. Batetik, egoera ekonomiko-sozial batzuk eta, bestetik, garai hartako umoreak horiek mantentzeko zuen garrantzia. Ikuspuntu hori falta zen gure historian”.