Heriotzari buruzko kontuak “bila ibili gabe, natural” etorri zaizkiola hizpidera dio Patziku Perurenak (Goizueta, 1959). Lei-tza, Goizueta, Areso eta inguruko herrietan azken 300 urteetan gertatutako heriotza bortitzak bildu ditu bere azken saiakeran. Zonaldeko edadekoen kontakizunak jaso eta informazioa kontrastatzeko erregistro zibila, udal epaitegia zein elizako artxiboak arakatu ditu idazle nafarrak, eta horrela ondu du Hilen xarma (Elkar).

Liburuan diozu “bila ibili gabe”, natural etorri zaizkizula hizpidera heriotzari buruzko kontuak. Zelan sortu zitzaizun horri buruz idazteko ideia?

Ez naiz apropos ibili bazterrak arakatzen. 90ko hamarkadan Leitzako errege-erreginak liburua idatzi nuen, inguru horretako herri literaturari buruz. Istorioak biltzen ibili nin-tzenean, heriotzari buruzko kontakizun piloa jaso nuen natural-natural. Pasarte horietaz baliatu naiz Hilen xarma osatzeko. Ahozko testigantzak moldatu, kronologikoki ordenatu eta artxiboetan kontrastatu ditut, inguruko jendearentzat interesgarria izango delakoan. Gainera, beti gustatu izan zait ahozkoa eta hizkera naturala.

Hortaz, heriotzaren kontua herri literatura egiteko aitzakia izan da zuretzat?

Azkenaldian herri literaturaren inguruan nabil batez ere, eta esango nuke liburu hau garai bateko Auspoa bilduman ateratzen ziren liburu zahar horietakoa dela. Antonio Zabala bizi izango balitz, seguru gustatuko litzaiokeela. Nire azalpen guztiak euskara batuan egiten ditut, baina ahozko hizkera mantendu egin dut adinekoen kontakizunetan. Tokian tokiko hizkera eta hiztun bakoitzaren hizkera gordez jaso ditut testigantzak. Dudarik gabe, herri literaturan sartzen den lan bat da hau.

Tokiko euskaran transkribatu dituzu herritarrengandik jasotako testigantzak, esan duzunez, “herri literatura” egiteko. Baina zer esan nahi du “herri literatura” horrek?

Egun dena oso estilizatua da; ez literaturan bakarrik, euskal dantzan edo literaturan ere, lehen naturaltasun handiagoa zegoen. Jendea hainbeste fikzio eta sofistikaziorekin asper eginda dagoela uste dut. Hegats, Euskal Idazleen Elkarteak ateratako aldizkaria egon naiz irakurtzen, eta bada atal bat Ramon Saizarbitoriari eskainitakoa. Berak esaten du tarteka literatura irakurtzen gogaitu egiten zela, eta garai horietan literatura errealistagoa, hurbilagokoa aukeratzen zuela. Aten-tzioa deitu dit.

Heriotzak edota hildakoek beti nolabaiteko xarma izan dutela esango zenuke?

Jada urteak daramatzat herriko kontuak biltzen. Adinekoek askotan esan didate: hildakoei utzi bakean!. Baina hura esan eta ordu laurdenera berriro ere agertzen zen gaia. Heriotza, normala den bezala, muga sakratua ere bada. Ohiko gaia da literaturan, poesian, erlijioan... Izan ere, bizitzako alor guztiak hartzen ditu heriotzak. Horri buruz hainbeste hitz egiten badugu, xarma berezia izango duela iruditzen zait. Ni batere bila ibili gabe begira jende honek nola kontatzen zidan heriotza.

Heriotzari buruzko ikerketa bat ez dela diozu, baina informazio eta datu bilketa prozesua benetan sakona izan da. Nola antolatu duzu guztia?

Kontakizunak banituen lehenagotik, eta bakoitzak kokapen historikoa eta beste hainbat datu ditu. Gero, ahozko testigantzaren arabera, artxiboetara jotzen nuen emandako informazio hori kontrastatzera. XIX. mende erdialdetik aurrerakoak dira heriotza gehienak eta ordurako erregistro zibilak hasiak ziren. Udal epaitegian ere izan naiz eta askotan heriotza-agirien kopiak egin ditut, jendeak jakinmina du eta gustatzen zaio horrelakoak ikustea. Heriotzaren kokagune toponimikoa egin dut. Lehendik ere asko ibilia nintzen elizako artxiboan eta hor datu asko aurkitu ditut: etxeei buruz, izengoitiak, baserrien izenak... Herriarengandik jasotzen dudana berriz ere herriari itzultzen diot nik, dokumentatuta, hitzaren naturaltasun hori letra disekatu bihurtuz. Orokorrean, jendea bere inguruko kontuek lilura-tzen eta hunkitzen dute. Ikertzen hasten dira, eta hori oso polita da.

Leitza inguruko herritarrei dago zuzenduta liburua?

Liburuak idazten ditudanean ez dut pentsa-tzen norentzat idazten ditudan, baina bi alderdi hauek oso ondo betetzen dituela iruditzen zait. Alde batetik, 60 urte ingurutik 85 edo 90era, euskalduna eta hemen ingurukoa. Ez dena oso irakurzalea, irakurri baino nahiago duena hitz egin. Tokian tokiko hizkeran argitaratzearen apustua horregatik izan da, adineko jendeak errazago irakur dezan bere ahozko hizkeratik, hurbilago sentitu dadin. Bestetik, euskaldun berriak daude. Ez dute ahozkoaren erreferentziarik, eta hori da euren arazo handienetakoa. Euskara batuan idazten dute eta ez dute norekin hitz egin. Hizkuntza tekniko horrekin aspertu samar dagoenarentzat oso interesgarria iruditzen zait ahozko erregistro ezberdin horiek ematea, batez ere ahozko euskarara eta euskalkietara hurbiltzen joateko, dibertitzeko.

Nolako esperientzia izan da adineko pertsonak elkarrizketatzea?

Esperientzia zoragarria izaten da. Egun, Euskal Herriko zaharrak baztertuta daude, ez dute inolako eraginik gaurko bizimoduan. Horrek pena handia ematen dit, izan ere, esperientzia pertsonal ikaragarria dute eta izugarrizko kontalari onak dira. Kontakizunak biltzera joaten nintzenean eurek pozik egoten ziren, nabaritzen zen erabat bakartuak zeudela, transmisiorik gabe. Egungo gizartean haurtzaindegiak, gaztetxeak zein jubilatu etxeak ditugu. Baina garai batean, baserri giroan denak elkarrekin bizi ginen, transmisioa emanez zaharrek gazteei, eta alderantziz. Askoz ere aberasgarriagoa zen orduan, elkarri entzuten genion. Zoragarria izan da zahar hauekin izan dudan esperien-tzia. Eguneroko bizimoduan zahar batekin topatu eta hizketan hasten naizenean poztu egiten naiz, benetan gustoko dut hizkuntza biziarekin eta kontatzeko graziarekin kontaktuan egotea.

Aldea dago belaunaldi ezberdinek gauzak kontatzeko duten moduan?

Dudarik gabe. Zahar bati heriotza bat aipatuz gero, narrazio zoragarria antolatuko du, edozein gertakariren inguruan. Egun herio-tza bati buruz galdetu eta ez dugu erreferentziarik, ez gara jada kontalariak, galdu egin da hori, gure gizaldia ez da kontalaria. Galdu dugu hizketarako grazia eta patxada, bizi gara noraez ikaragarri batean, bakarka. Aldaketa ikaragarria eman da horretan. Agian pesimista samarra naiz, baina etorkizunak pena itzela ematen dit.

Garai batekoarekin alderatuz gero, gaur egun ezberdin tratatzen al da heriotzaren gaia?

Zeinen gutxi hitz egiten den heriotzaz. Hil aurreko urteetan familiatik isolatuta bizi dira zaharrak. Hil behar duen horren agoniak kalbario bat izan behar du. Familiarengatik eman duten guztia eman eta gero baztertuta uztea ikaragarria da. Gero, norbait hiltzen denean ere ez dakigu zer egin, kaosa da. Quevedoren poema famatu horren pasartea erabiltzen nuen nik: Hauts izanen gara, baina hauts zentzuduna; hauts, baina hauts maitemindua. Heriotza bizi dugu ez zentzu eta ez maitemin.

Bestalde, egun gizartea oso anitza da: ateoak, sinestunak, agnostikoak... Dena dela, horiek guztiak sartzen dira hilerrian. Zein hitz polita den hilerria. Herriaren erdi-erdian hilerri bat jarriko nuke nik, hilerria eta biziherria, biak batera. Izan ere, heriotza trata-tzeko dugun moduak berak ederto erakusten du bizitzan dugun kaosa. Heriotzak gure bizitzari zentzua emateko azken klimaxa izan beharko luke, baina ez diogu inolako zentzurik ematen.

Jaso dituzun datu guztien bidez, irakurleak orduko gizartearen hainbat alderdi ere ezagu-tzeko aukera izango du.

Dudarik gabe. Orduko giroa islatzen da liburuan. Heriotza bakoitza bere testuinguruan kokatuz, garaiko bizimoduaren alderdi asko kontatzen dira. Azken finean, garai hartan gauzak nolakoak ziren azaltzeko aitzakia ere izan da heriotza.

Ikerketa etnografikoaren antza izan dezake?

Zorioneko hitza aipatu didazu (kar, kar...) Etnografiko horrek museo usaina duela iruditu zait beti. Baina nik uste dut liburu hau edozein nobela bezala irakurri daitekeela. Gaia heriotza da, baina azken 300 urte inguruko bizimoduaren mila zertzelada ager-tzen dira. Baita herri hizkerari buruz ere. Badago, beraz, zer ikasi.