Musika komunikatzeko modua da orain, ez identitate eraikitzailea, garai batean bezala”. Ondorio horretara iritsi da Soziologian lizentziadun eta Gizarte Komunikazioan doktore den Jon Andoni del Amo (Durango, 1974). Musikak identitateak eraikitzeko orduan izan duen eragina eta hau denborarekin nola aldatu den aztertu du del Amok, eta Euskal Herriko 100 musikari inguru elkarrizketatu ditu bere lan oparoa osatu ahal izateko.
Tesiaren abiapuntu izango zen ideia atzerrian otu zitzaion del Amori. “Europan egon izan naizenetan, beti harritu izan nau leku alternatiboetan musika elektronikoa entzuteko dagoen ohiturak. Hori Euskal Herrian ez da inoiz gertatu. Zergatik?”, galdegin du. Erantzuna berehala dator: “Hemen, duela urte batzuk arte, euskal rock erradikalak hartu izan du dena, edo ia dena, batez ere gaztetxe eta leku alternatiboetan. Esan daiteke, herri honetako gazteek -eta ez hain gazteek- musika berdina entzun dugula azken 30 urteetan”, dio.
Euskal Herrian musikak indar handia eduki du identitateen sorkun-tzan, Del Amok bere lanean defendatu duenez. “Batez ere, 80. ha-markada amaieran eta 90.aren hasieran finkatu zen hiru ertzeko fenomeno hau: musika, estetika eta mezu politikoa. Lehen, entzuten zenuen musikak finkatzen zuen zure estetika eta pentsatzeko modua, identitate nazionala bezalako gaien inguruan batik bat”, azaldu du durangarrak. Eta hori da azken urteetan aldatu dena, bere iritziz. “Musikak pisua galdu du elementu identitate-sortzaile moduan: garai batean, musikaren inguruan eraikitzen ziren identitateak, subkulturak, tribu urbanoak? eta gaur egun ez hainbeste. Gaur egun, komunikatzeko edo dibertsiorako bizi dugu musika”, azaldu du.
Azken 10-15 urteetan zentratu du bere ikerketa del Amok, 2000. urtetik aurrera eman diren aldaketak aipatuz, batik bat. “Garai horretatik aurrera aldaketa handiak eman ziren, ez bakarrik musikan, baita aisialdi eredu berrietan, droga mota berrietan? Eta, batez ere, azkenengo bost urteetan aldaketak nabarmenak izan dira musikaren alorrean, baita leku alternatiboetan ere. Bilboko txosnak eta bertan gaur egun en-tzuten den musika anitza dugu horren adibide garbiena”, aipatu du.
Aurreiritzi ugari Del Amoren iritziz, azken urteetan indarra galdu dute musikari loturiko identitateek eta hauen inguruko aurreiri-tziek. “Garai batean aurreiritzi ugari zeuden, eta horrek zaildu egin izan du musika estilo jakin batzuk beren lekua egitea. Euskal rap-a da horren adibide argia. Rap musika euskaraz landu izan dute talde ba-tzuek, aldarrikapen politikoak egin izan dituzte gainera, baina sekulako zailtasunak izan dituzte euskal musikaren zirkuituan leku bat egiteko”, adierazi du. Del Amok bere ikerketa lanerako elkarrizketatu dituen musikarietako bat da Maixa, 121Crew taldeko kidea. Rapeatzaile honek kontatu zion gertakari bat ekarri du gogora del Amok: “Elgoibarren kontzertu bat ematen ari zirela, entzule bat gerturatu eta euskal musika jartzeko eskatu omen zien. Baina zer da zuretzat euskal musika? galdetuta, honek Barricada erantzun omen zuen. Eta 121Crew-koak euskaraz ari ziren. Bistan da izan dugun herentziak zer nolako pisua izan duen”.
Hizkuntzaren pisua Musika, estetika eta mezu politikoarekin batera, hizkuntzak garrantzia handia izan duela uste du del Amok identitateen sorkuntzan. Dena den, azken urteetan izan dira aldaketak: “Gaur egun, gero eta gehiago dira ingelesez abesten duten euskal musika taldeak. Batzuek beraien erreferentzia musikalak ingelesez aritzen direlako egin dute hautu hori, eta beste batzuek konposatzeko orduan hizkuntza hori errazagoa dela argudiatu didate”. Dena den, bestelako faktoreak ere badira, del Amoren iritziz. “Gaur egun euskararen egoera asko aldatu da; instituzioetan eta hezkuntza sisteman indar eta presentzia handiagoa du, eta euskararen aldarrikapenak indarra galdu du. Garai batean euskara aldarrikatzen zen beharrezkotzat jotzen zelako. Eta, gainera, gauzak ondo esan behar ziren, horren erakusle kantuen letrak egiten jardun zuten idazleak, bertsolariak, etab. Askoren ustez saturazio puntu bat ere eman zen”, gehitu du. “Hala, joera horrekin apurtzeko modua ere izan da batzuentzat ingelesez aritzeko hautua egitea”.
Euskal rockaren serietatearen aurrean fribolizazio puntu bat beharrezkoa zela uste izango zuen batek baino gehiagok, baina garai eta joera berriek bestelako ondorioak ere izan dituzte, del Amoren ustez: “Denbora gutxian musika komer-tzialak gurean izan duen gorakada sekulakoa izan da”, nabarmendu du. “Beraz, izan genuenaren eta dugunaren artean oreka bat lortzea litzateke onena, musika komertzialak dena irentsi dezake bestela”.