Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) barne produktu gordinak (BPG) %2,1eko hazkundea izan du 2025eko lehen hiruhilekoan iazkoaren aldean, eta enplegua %1,5 gehitu da lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, 14.838 lanpostu garbi gehiago sortu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Hiruhileko arteko bilakaerari dagokionez, berriz, BPGk %0,7 egin du gora EAEn 2025eko lehen hiruhilekoan, eta enpleguak %0,4ko hazkundea izan du.
Eustaten apirilaren 16ko hiruhileroko kontuen aurrerapenean adierazitako BPGaren estimazioa hamarren batean hobetu da horrela, hala hiruhileko arteko hazkundean, nola urte artekoan. Enpleguari dagokionez, ordea, aurrerapena egiteko unean eskuragarri zegoen koiunturazko informaziotik abiatuta lortutako estimazioak berretsi dira.
Urteko lehen hiruhilekoan zenbatetsitako EAEko BPGren urte arteko %2,1eko hazkundea Amerikako Estatu Batuetako ekonomiarako estimatutakoaren magnitude berekoa da, eta euroguneko ekonomiarako (%1,2) eta Europar Batasun osorako (%1,4) egindako azken estimazioen gainetik dago. Bestalde, apirilaren 29ko Espainiako hiruhileko kontabilitate nazionalaren aurrerapenak %2,8ko urte arteko hazkundea estimatu zuen estatu osorako.
ESKAINTZA
Bestalde, eskaintzaren ikuspegitik, balio erantsiaren bilakaera positiboa izan da urte artean EAEko sektore ekonomiko guztietan, lehen sektorean izan ezik. Hain zuzen, lehen sektorean balio erantsia aurreko urteko hiruhileko beraren aldean %1,0 jaitsi da balio errealetan, eta %1,9 aurreko hiruhilekoaren aldean.
Eskaintzaren ikuspegitik, balio erantsiaren bilakaera positiboa izan da urte artean EAEko sektore ekonomiko guztietan
Industrian, balio erantsia urte artean %0,7 igo da, eta manufaktura industriari %0,3ko hazkundea dagokio. 2024ko azken hiruhilekoaren aldean, industria %0,3 hazi da, eta manufaktura industria %0,2.
Eraikuntzaren sektoreak balio erantsiaren urte arteko %1,6ko igoera izan du 2025eko lehen hiruhilekoan, balio errealetan, aurreko hiruhilekoaren aldean %0,2ko igoera izan ondoren.