Arima iraultzailez dator Itziarren Semeak talde mungiarraren lan berria, Revolta izenekoa. Euren laugarren diskoa (Bizkaiko Golfoak, 2010; Lehen Lerroan, 2011; Dale Candela, 2012) eta estudioko seigarrena den honek (Itziarren Semeak, 2008; Basque of Brixton EP, 2012) barrura nahiz kanpora, atzera nahiz aurrera begiratzen duten doinu eta hitzak dakartza. Manex Altuna (gitarra), Ibon Altuna (ahotsa), Irkus Altuna (saxoa), Jebi Ormaza (baxua) eta Alain Egigurenek (bateria) orain arteko bildumarik landuena eta helduena osatu dute.

Izenburutik bertatik proposatzen dute iraultza taldekideek. “Aldaketa baten beharra dagoela ikusten dugu -azaltzen du Manex Altunak-, bai egoera politikoan, bai ekonomikoan. Eta kantu hauekin nahi duguna da, zentzu batean, jendea ohartu dadin bera dela aldaketaren motorra. Troikaren aginduei segika estatuek hartu behar izan dituzten neurriak halabeharrez onartu behar ditugula dirudi, baina gizakiak badu horri kontra egiteko eta horiek aldatzeko boterea”. Iraultza bakoitzarengandik hasten dela, alegia. Katalunian jarri dute begi bat, gainera, azken urteotan han gertatzen ari diren mugimenduetan. “Horregatik Revolta, katalanez”.

Hitzei dagokionez, ska eta punkaren izaeraren parte diren mezu zuzenak eta argiak idatzi dituzte, “beti izan baitugu gure letrekin zenbaiti molestatzeko gogo edo behar bat”, dio gitarristak. Baina, nora doazen jakiteko, nondik datozen argi edukitzea ezinbestekoa denez, barrurantz, jatorrietara ere itzuli dira. “Musikalki gure jatorria Ruper Ordorika batean edota euskal musika tradizionalean ere badugula kontuan hartu dugu eta horregatik kantuetan sartu ditugu maskaradako dantzetako doinuak edo Azkaindarrak dantzetakoak”. Ordorikaren Zenbait bertso xelebre kantuaren bertsio bat ere egin dute, haren letrak mantenduz, ska eta punk aireak eman eta horiek maskaradako doinuekin nahastuta.

Atzeranzko begirada hori kantuen hitzetan ere nabari da, Euskal Herriaren historian giltzarri izan diren pertsonaia eta pasarteak jaso baitituzte, hala nola, Orreagako gudua edota sorginen akelarreak; baita piratak ere, “izan ere, Euskal Herriko kostaldeko herri asko irudikatzen ditugu piraten gotorleku aproposak bezala”. Azken finean, ohiko hitz zorrotz eta probokatzaileak, Euskal Herriaren eta euren nortasunaren jatorri diren ideiekin nahastu dituzte disko osoari zentzua emanez.

Patxadaz landutakoa Aurreko hirurak bezala, Andoaingo Garate Estudioan grabatu dute diskoa, Kaki Arkarazorekin. Baina, soinu teknikari lanaz harago, kantuak egiterakoan ere pisu nabarmena izan du Arkarazok Revoltan. “Beti lagundu izan digu Kakik estudioan, kantuak nola hobetu, zer kendu edo zer jarri esaten, baina oraingoan, lan hori lehenagotik egitea nahi genuen”. 2013aren hondarrean hasi eta abuztuan grabatzera sartu bitartean, pixkanaka eta etengabe lantzen joan den diskoa da. Jonan Ordorikak egin ditu masterizazio lanak, soinua biribilduz eta guztiaren emaitza ikusita, “oso gustura” daude taldekideak.

Grabazioetan eta azkenaldiko zuzenekoetan lagun izan dituzte haizeen atalean John Caiman (tronboia) eta Xutik taldeko Mizel Zamora eta Patxi Bidart (tronpeta eta saxoa). Izan ere, joan den urte amaieran Unai Bergara bateriak eta Asier Caldas tronpeta-jotzaileak taldea utzi zutenetik, aldaketak izan dira taldean. Alain Egiguren eskaini zitzaien baterian aritzeko eta Zamora eta Bidart ere bidelagun egin zitzaizkien.

Revolta diskoan kolaborazio ugari izan dituzte gainera, Iñigo F. Ruiz gitarran, Iñigo Espiña biolinean eta Olatz Salvador (Skakeitan) teklatuan, esaterako. Gainera, Ines Osinaga (Gose), Evaristo (Gatillazo), Juantxo Arakama (Glaukoma) eta Mandy Cienfuegosek (La Jodedera) ere kolore desberdinez jantzi dute diskoa.