Martin Ugalde (Andoain, 1921-Hondarribia, 2004) kazetaria izan zen ogibidez, baita idazle oparoa ere. Euskara biho-tzean zeraman eta diktaduraren ondorengo euskal kazetaritzaren suspertzaileetako bat izan zen. Ugalderen partaidetza ezinbestekoa izan zen euskara hutsezko prentsaren garapenerako. Venezuelako erbestean nahiz Euskal Herrian, langile zorrotz eta konprometitua izan zen beti, hura ezagutu zutenek nabarmendu dutenez. Konprometitua bere ideiekin, bere herriarekin, bere hizkuntzarekin.
Anjel Lertxundi idazlearen ustez, Espainiako Gerrak aztarna sakona utzi zion Martin Ugalderi: “Markatu egin zuen gerrak, orduko hondamendia dago Martin Ugalderen izaeraren atzean”. Gipuzkoan kazetari aritu bazen ere, Venezuelara erbesteratu zen 1947an, abertzalea bai-tzen; 22 urte egin zituen han, venezuelar herritartasuna eman zioten, baina Ugaldek beti izan zituen Euskal Herria eta euskara gogoan. Venezuelan bizimodu erosoa zuen, idazle eta kazetari estimatua zen eta, hala ere, jaioterrira itzuli zen, euskarazko kazetaritza berpizteko asmo sendoarekin.
Euskarazko egunkaria sortzen egindako lanagatik egin da ezagun Martin Ugalde, baina literaturan ere ibilbide luzea osatu zuen. “Oso maila ona zuen -dio Anjel Lertxundik-, nagusiki ipuingilea zen”. Narrazioak, eleberriak, antzezlanak eta saiakerak idatzi zituen, gaztelaniaz eta euskaraz. “Hego Amerikan garai hartan nagusi zen joera narratibo eta estetikoekin bat egin zuen, Euskal Herrira itzuli zenean ere, saiatu zen estilo hura mantentzen, baina hemengo girora egokituta”. Mondragon Unibertsitateko irakasle Larraitz Ariznabarretaren ustez, Ugalderen Venezuelako idazkiak urte haien kronika ere badira, erbestetik kontatua: “Gogoratzearren baino, herrikideei kontatzearren idazten du erbesteko idazleak, bere hautua beti dago lekukotasun helburu horren menpe; Ugalderen kasuan, nabarmena da hori”.
IDAZLE KONPROMETITUA Hari buruzko tesia idatzi duen Ariznabarretaren arabera, kutsu ideologiko handia dute Martin Ugalderen erbesteko lanek: “Euskal kode aber-tzalea bizirik mantentzeko eta gizartearen ekimena sinbolikoki gidatuko zuen erreferentziak sortzeko helburua zuen”. Idazki batzuk kanpora begira eginak direla dio Ariznabarretak, alegia, kultura ofizial edo dominanteari begira, “egia antidemokratiko, intolerante eta monolitikoa antzeman eta agerian uzteko”. “Borroka ho-rretan topatzen dugu Ugalde zorrotz eta zuzenena”. Eus-kaldunentzat ere idatzi zuen, “lozorroan zen herri batentzat”.
Literatur lan azpimarragarria egin arren, Martin Ugalde kazetaria zen lanbidez, hura izan zuen bizibide gazte-gaztetatik. Anjel Lertxundiren ustez, kazetaritza zentzu zabalean ulertu zuen, “dibulgazioa egin zuen, gutaz gutxi zekitenek Euskal Herria hobeto ezagut zezaten; ahalegin horretatik irten ziren Hablando con los vascos eta beste saiakera batzuk”. “Kazetari peto-petoa zen”, dio Joan Mari Torrealdaik. Ugalde eta Torrealdai elkarrekin aritu ziren Euskaldunon Egunkariaren proiek-tua bultzatzen. Aurretik, baina, Ugalde ibilia zen Zeruko Argian idazten eta Deia egunkariaren aurreneko pausoetan ere haren izena ageri da. Venezuelan, halaber, bi aldizkari ospetsutatako zuzendari izan zen.
Venezuela atzean utzita, Euskal Herrira itzuli zen Martin Ugalde 1969an. Euskarazko ka-zetaritza berreraikitzea eta euskaraz idaztea ziren haren ametsak. “Euskara batuaren alde egin zuen, hain zuzen ere, beharrezkoa iruditzen zitzaiolako kazetaritza eta literatura garatu ahal izateko”, dio Lertxundik. Politikan ere aritu zen, EAJn eta, ondoren, Eusko Alkartasunan. Carlos Garaikoetxeak Jaurlaritzako euskara arduradun izendatu zuen. Francoren diktaduraren ostean Euskal Herrian aurkitu zuen giroak, ordea, atsekabetu egin zuen, Anjel Lertxundiren arabera: “Hemen euskararekin aurkitu zuen ilusioa ez zen Venezuelatik berak ekarri zuenaren neurrikoa”. Pragmatismoa gailendu zen kazetaritzan, euskararen kaltetan. “Krisia ekarri zion horrek guztiak, ez zuen sinesten horrenbesteko aldea egon zitekeenik amesten zuenaren eta errealitatearen artean”.
EUSKALTZALE AITZINDARIA Tinko eutsi zion bere ideiari, ordea. “Bere burua bete-betean ikusi zuen Euskaldunon Egunkarian, zailtasunak zailtasun hor bete zuen bere betiko ametsa”, oroitzen du Joan Mari Torrealdaik. “Euskaldunon Egunkaria Martin gabe ez zela gauza bera izango esatera ausartzen naiz”. Proiektuari sinesgarritasuna eman ziola uste du Torrealdaik, alde batekoen eta bestekoen arteko errezeloak gainditzeko orduan: “Zabaldu ziren paper zikin, salaketa, zurrumurru eta maltzurkeria haiek sinesgaitzago bihurtzen ziren Martinen presentzia soilarekin”. 2003an egunkaria itxi zutenerako, gaixorik zen 82 urteko Ugalde. Kontuak izoztu zizkioten eta epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen. “Kolpe gogorra izan zen harentzat, egunkaria itxita, bere lagunak atxilotuta, bere izena daraman parke kulturala guardia zibilez mukuru”. Interpretazio politikoetatik harago, Torrealdaik “izu beltza” nabaritu zuen une hartan Ugalderen begietan.
Torrealdaik eta Lertxundik, biek lan egin zuten Martin Ugalderen on-doan eta gauza batean bat datoz: Tratuan malgua zen, ideietan zorro-tza. “Zumea eta haritza zen aldi berean, sendoa eta baita malgua ere, baldin eta bere printzipioen kontrakorik ez bazuen somatzen ”, dio Torrealdaik. Lertxundiren esanetan, “ez zen edozein kazetaritza modutara makurtzen, exijentea zen bere buruarekin eta ingurukoekin”. Batez ere, oso leiala zen, “sakrifizio handia egin zuen, oso leiala zelako bere herriarekin, hizkuntzarekin eta ideiekin”. Eta, hala ere, pertsona samurra zen. “Bihotzean ez zuen ozpinik”, dio Torrealdaik, “berak zioenez, memoria selektiboa zuen, alderdi positiboak bakarrik gogoan hartzekoa” . Larraitz Ariznabarretaren ustez, Martin Ugalderen ekarpena ez da behar adina baloratu: “Bere garaiko euskal intelektualen lana zerbitzuzko eta erresistentziako lana izan zen; horri esker gaude oraindik hemen euskaldunok”.