Bertsozale Elkarteak 2003ko ekainean jarri zuen martxan Lanku, azpiegitura eraginkorra bultzatu eta "edozein kultur ekitaldi sortzeko eta antolatzeko giza baliabideak eta materiala kudeatzeko", Lanku.com webgunean jaso-tzen denez. Hala ere, hamar urtean gizartea goitik behera aldatu da eta bertsolaritzak jakin du garapen horren olatuari heltzen, besteak beste Lankuren moldagarritasunari esker. Aurrera begira ere, Lankuko arduradunek badakite garai berrien eskakizunetara egokitzen jarraitzea dela sekretua. "Guretzat, antolatzaileek egiten duten balorazioak garrantzia handia du", esan digu Mikel Mariskal Lankuko zuzendariak, "eta orokorrean oso balorazio onak dira".
Bertso saioak, eta bertsolariak tartean dituen edozein ekitaldi edo ikuskizun, Euskal Herriko bazter guztietara eramatea da Lankuren zeregina. Azken batean, bertsozaleei zerbitzua emateko enpresa integral baten gisakoa da eta horregatik begiratzen dio Mariskalek arretaz kultur ekitaldien antolatzaileen iritziari. Lankuren erabiltzaileak, kultur programatzaileak dira alde batetik, eta baita bertsolariak ere, plazak ematen baitizkie eta haien jarduna neurri batean profesionalizatzen lagundu baitu.
Lankuk ekarri duen aldaketa "modu naturalean" etorri dela aipatu du Mariskalek, baina ez da izan goizetik gauera lortutakoa: "Hasieran dena zen berria eta proiektua bera definitzen joan behar izan genuen; beharrak ikusi, baliabideak jarri, bertsolariekin eta eragileekin bilerak". Hastapenetan, bertsolarien kontrataziora mugatzen zen zeregina. Etengabeko hausnarketari eta izaera dinamikoari esker, eskaintza zabaltzen joan ziren eta hala jaio ziren maketazio atala eta argitalpenak, ondoren produkzio lanetan murgildu ziren eta, bertso saioak ez ezik, emanaldi berritzaileak antolatzen hasi ziren. "Erabiltzaileek norabidea eta prozedurak fintzen lagundu digute".
Bertsolaritza zabaltzeko bide berriak urratu ditu eta, neurri batean, bertsoa kontsumitzeko erari ere eragin dio. Izan ere, lehen, ekitaldi batean bertsolariak nahi zituenak, haiekin egin behar zuen harremana, bide informalagoetatik gehienetan. Gaur egun, Lankuri eska dakioke bertso saioa neurrira antolatzeko, eta bertso saio arrunta baino nahiago dutenek emanaldi berezia kontratatu, eskaintza zabala aurkituko dute. Esate baterako, Andoni Egañak eta Xabier Lizasok gidatutako Bi arreba ikuskizun musikatua edo berriki aurkeztu den Bertsopilota, bertsoa eta kirola elkartzen dituena, adibide politak dira, azkenaldiko joerak ulertzeko. Zer esanik ez, Lankuk badu zeresana berrikuntza horien ugari-tzean. Argitalpen zerbitzuari esker, liburuak, jolasak eta ikusentzunezko ekoizpenak ere badituzte bertsozaleen eskura.
TRADIZIOA GAURKOTZEN Internetek garrantzia handia hartu du gaur eguneko gizartean eta, beraz, Lankuren zerbitzu guztien berri sarearen bidez jaso daiteke. Mikel Mariskalek dioenez, "sorreran, gure jardunaren zenbait kontu aurreikusi genituen, baina egiazki, ibilbideak erakutsi digu norantza joan". Bertsolaritzak tradizioari lotuta aurrera egiten, garatzen, jakin du. Lankuk ere bide horretan asmatu duelakoan dago Mariskal, "bertsolaritza, funtsean, komunikazio artistikoa da, bere oinarria mantentzen jakin badu ere, denbora berrietara egokitzen asmatu du". Oholtzatik harago, beste komunikazio esparru batzuk aurkitu ditu bertsolaritzak azkenengo urteetan, horra giltzarria.
Komunikaziorako bide berrietan murgildu izana da Lankuren lehenengo hamarkadako ezaugarri nagusi bat; bestea, dinamismoa, beti alda-tzen, garai berrietara egokitzen aritzea. "Bizirik eta etengabeko hausnarketan da proiektua", dio Mariskalek, "gelditzen ez den prozesua da". Horretarako, gainerako eragileen babesa ezinbestekoa da, "elkarteekin eta bertsolariekin batera, bidea elkarlanean egiteko gaitasuna azpimarratuko nuke".
Etorkizunera begira ere, moldagarritasun horretan sakontzea izango da gakoa, "egiten duguna findu eta aukera berrietara erne egon behar dugu". Mikel Mariskalen ustez, "Lanku, estandarretik aldentzen den enpresa da, azken finean proiektu sendo bati lotuta baitago". Indar hori mantentzeko, garbi du orain arteko bideari eutsi behar zaiola, "proiektu dinamikoa behar du izan, kultur elkarteentzako tresna".