Bertsozale zein bertsolari guztiak Durangora begira egongo dira gaur. Eta ez da gutxirako, izan ere, Landako gunean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliko azken saioa jokatuko da bertan. Saioaren ondoren argituko da sailkapen orokorra eta, haren eskutik, finalera iristeko aukera gehienak dituzten bertsolarien izenak. Halaber, baita txapelketatik kanpo geldituko diren sei bertsolarien zerrenda ere. Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan, Ane Ezenarrok emango dituen gaiei erantzuten. Saioaren irabazlea zuzenean igaroko da Bilbon abenduaren 3an jokatuko den finalaurrekora.

Durangon amaituko da gaur BTN-ko finalaurrekoen lehen itzulia

Sarrerak eskuragai egonen dira www.bertsosarrerak.eus atarian 12:00ak arte eta, oraindik sarrerarik gelditzen bada, Landako guneko ateak saioa hasi baino bi ordu lehenago irekiko dira.

Lehenengoz Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak hasi zirenetik, txapelketaren aurreko edizioko bi finalista arituko dira gaur bertsotan: Mendiluze eta Gaztelumendi. Bizkarrak Lizarrako saioan irabazita eskuratu zuen saio honetarako pase zuzena, eta Soto, Martikorena eta Alkaiza puntuazio bidez sailkatu ziren, maila nahiko altua erakutsiz txapelketaren lehenengo fasean. Zirraragarria izateko osagai guztiak ditu, beraz, gaurko saioak.

Txapelketaren fase honetako gainontzeko finalaurrekoetan bezala, honako ariketak egin beharko dituzte bertsolariek: zortziko handia, zor-tziko txikia, puntuka, sei puntuko mo-tza eta ganbarako lana. Finalaurrekoen lehenengo itzuli honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.

Saio honetarako zein finalaurrekoen bigarren itzuliko saioetarako sarrerarik eskuratu ez duenak, zuzenean bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan jarraitu ahal izango ditu; baita telebistaz ETB4 katean ere.