Abeslari baten ametsa bere kantuen biziraupen ahalik eta luzeena baldin bada, transmisio horretan lagunduko duen bidaide egokia aurkitzea ezinbestekoa da. Mende laurdeneko ibilbidea ospa-tzeko aitzakiarekin, Mikel Urdangarinek bat egingo du aurten ehun urte bete dituen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin 100/25 BOS - Mikel Urdangarin garatzeko. Egitasmo honen baitan zornotzako kantautorearen hamahiru abesti moldatu ditu Bingen Mendizabalek orkestrarako. Gainera, Koldo Uriartek eta Fernando Velázquezek beren-beregi sortu dituzten beste bi kantuk osatuko dute errepertorioa, atzo Euskalduna Jauregian eskainitako prentsaurrekoan argitu zutenez. Disko baten grabazioa izango da proiektuaren ardatz, eta hainbat kontzertu ere izango dira. Momentuz bi data daude: Bilbon izango dira, abuztuaren 20an, hau da, Aste Nagusian, eta Getxon, irailaren 4an.

Urdangarinek berak aitortu zuen bezala, printzipioz ez zuten urteurrenik ospatzeko inongo asmorik. “Baina, kanpotik, baten batek gogoratu zigun 25 urte betetzera gindoazela, eta, gainera, urteurren horrek orkestraren ehungarrenarekin kointzidi-tzen zuela. Horrela jaio zen gonbitea”, argitu zuen. Eskaintzak euren egutegia ere aldatu zuela azaldu zuen. Izan ere, bere 25 Tour biraren baitan munduko hainbat lekutatik dabil: Estatu Batuetatik iritsi berri da eta beste bitan ere itzuliko da aurten, Londres edo Japonia ere helmuga duen itzulian. Bitartean, BOSekin abiatu duen proiektua burutzeko lanari duela urtebete ekin ziotela argitu zuen.

“Esker on handia sentitzen dut ezohikoa delako orkestra batekin kantatzea. Artistikoki, batez ere, sekulako aukera da, oso apartekoa”, onartu zuen Bazkalosteko kafea edo Non geratzen den denbora bezalako kantuen autoreak. “Ilusio eta anbizio horrekin ekin diogu egitasmo honi, sekulako esperientzia polita izaten ari da”, gaineratu zuen Urdangarinek, orkestrazioak bere kantuek beste leku batera bidaiatzea ahalbidetu duela iritzi ostean. Moldaketaren ardura Bingen Mendizabalek hartu du, kantautorearen lagun handiak. “Nolabaiteko zirkulua ixten dudala sentitzen dut Bingenek hau egiterakoan, uste dut berak sinatu behar zuela”, gaineratu zuen, tandema Iker Sánchez zuzendariak osatzen duela azaldu ostean. Hark adierazi duenez, proiektua pertsonalki erronka bat izateaz gain, “fusioa oso berezia” da.

Bere aldetik, konpositore arabarrak “entzuteko erraza den musika” egiten saiatu direla adierazi zuen, Urdangarinen abestiak “asko” errespetatuz. “Bingenek oso barrura begiratzen du, sakralizazio begirada batekin. Emozioa oso presente ikusten dut”, gaineratu zuen kantautoreak egokitzapenek sortu dizkioten inpresioei buruz. Errepertorioa zein den aurreratu ez duten arren, aukeraketa oso zaila izan dela aitortu zuen Urdangarinek. Izan ere, bere kantutegian ehun abestitik gora daude. “Batzuk argi neukan sartu behar nituela; beste batzuk fundamentu artistikoetan pentsatuz aukeratu ditut, beti orkestra bat egongo dela pentsatuz”, kontatu zuen. Guztira, hamabost abestik osatuko dute diskoa: horietatik hamahiru Mendizabalek orkestrarako moldatutakoak, eta, beste biak, Koldo Uriartek eta Fernando Velázquezek sortutakoak. “Kirmen Uribek jarriko dio letra”, argitu zuen Urdangarinek Getxoko konpositorearen abestiari buruz.

Sormen prozesuaren emaitza uda amaieran grabatuko den diskoa izango da. Gainera, bi data baieztatu dituzte abestien transmisioari lagunduko dioten emanaldien artean: Bilbon izango dira, abuztuaren 20an, Aste Nagusian, eta, Getxon, irailaren 4an, Muxikebarrin. “Kantariok egiten ditugu kantuak, ahal bada, transmisioaren parte izan daitezen. Emozioak, bizipenak, eta, gero, kantua bera transmititu nahi ditugu. Ametsa izaten da kantu batek iraun dezala eta orkestrak kantuak bere gain hartzea transmisio horretarako ikaragarrizko bultzada da”, adierazi zuen Urdangarinek. Bere kantuek bizitza luzeagoa izateko BOSekin egindako egitasmoa ez da elkarrekin burutuko duten bakarra. Izan ere, duela pare bat aste aurkeztutako Ura bere bidean proiektuaren bigarren edizioaren barruan, beste hainbat talderekin batera, elkarlanean arituko direla jakinarazi zuten

“Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat Mikel Urdangarinekin disko hau grabatzea gure mendeurrena ospatzeko ekintza garrantzitsuenetako bat da. Euskal musika garaikidearen ordezkari handienetako batekin lankidetzan aritzea harro egoteko modukoa da, are gehiago musikari eta konpositore honen 25 urteei gure mendeurrenaren ospakizuna gehi-tzen badiogu”, azaldu zuen, bere aldetik, Ibon Aranbarrik, BOSeko zuzendari nagusiak, eurentzat mugarri garrantzitsua dela aitortu ondoren.