- Zetak abeslariaren zein Toti Martínez de Lezearen standen aurrean iaz egin ziren hilara iskanbilatsuen ordez ezohiko isiltasuna izan zen nagusi atzo Landakon. Ikaslerik gabeko ikasleen egunarekin, Durangoko Azokaren lehen edizio digitala jarri zen martxan, pandemiak halabeharrez bizkortu duen erronka digitalari eusteko helburuz. Salmahairik, sortzailerik eta publikorik gabe, erakustazoka biltegi erraldoia bilakatu du Gerediaga elkarteak, hortik kudeatuko baitituzte online dendan egiten diren eskari guztiak. Goizean zehar izandako arazo teknikoak konpondu ondoren, 15.00etan abiatu zen denda Euskal Herri osotik, eta baita kanpotik, heltzen diren eskariak jasoz. Azoka bukatu arte ez da salmenten daturik emango; baina, jakinarazi zutenez, aurreko egunetan 3.100 kultur zale baino gehiagok bete dute desioen saskia katalogoan dauden produktuekin.
Biltegian hara eta hona zebilen bitartean, Arantza Atutxa Gerediagako kudeatzaileak zerbitzaria ez erortzeko ahalegin guztiak egiten ari direla adierazi zuen. “Erreferentziarik ez dugunez ez dakigu zenbat jende sartuko den aldi berean dendan, zenbat saskiratze egongo diren”, aitortu zuen. Hain zuzen ere, lehen orduan eskaera kopurua dela eta izandako hainbat arazo teknikok online denda itxi beharra eragin zuen. Doikuntza batzuk egin ondoren, 15:00etan berriz abiarazi zuten, eta, lehenengo kutxa Balmasedara bidali zuten. “Dena da ezjakintasuna eta beldurrak ditugu; ea stockak ondo funtzionatuko duen, pakete nahikoa erosi dugun...”, azaldu zuen, pazientzia eskatu ostean, izan ere, “lehen aldiz egiten diren egitasmoek beti dute zer atondu”.
Denda digitala geratzeko heldu den formatua ote den galdetuta, epe laburrean beharrezkoa izango dela uste duela argitu zuen Atutxak. “Baina gure asmoa ez da gauza bakarrari eustea, baizik eta, aurrez aurrekoa eta digitala, biak uztartzea”, adierazi zuen erronka handia izaten ari dela gaineratu ostean. “Guretzako azoka guztiz berri bat egitea izan da, orain arte egin duguna egiteari utzi. Gauza asko berriak dira guretzat, online salmentaren prozedura, ekitaldietara hurbiltzeko aurretiko izen ematea, streaming bidezko programazioa...”, zioen, egoera hain aldakorra izategatik planak hainbat aldiz aldatu behar izan dituztela azaleratuz. Gainera, ohiz kanpoko azokaren 55. edizioa denbora oso gutxian antolatu behar izan dute: “Irailean bagenekien ezingo genuela erakusmaharik jarri eta urrian hasi ginen egituratzen”. Denda digitalean 2.319 produktu daude eskuragai, horietatik 852 nobedadeak dira. Atzora arte, desioen saskia betetzeko aukera egon da, eta, antolakuntzatik argitu zutenez, 3.100 erabiltzailek bete zuten, azokak irauten duen egunetan, datorren asteartera arte, ordainketa betetzeko. “Egunotan esponentzialki igotzea espero dugu. Gaur, abiaraztea dela, oihar-tzun gehiago izango du, batez ere arratsaldetik aurrera”, iritzi zuen Atutxak. Hala ere, online erosketen ohituren inguruko daturik ez dutela onartu zuen.
Aurreko hiru egunak argitaletxe, disketxe eta bestelakoen materialak biltzen eta antolatzen ibili dira, ordena logiko baten barruan. “Produktu guztiak gordailuan uzteko eskatu diegu, eta, erreferentzia bakoitzetik, gutxienez, hamar ale ekartzeko. Euren aurreikuspenen arabera kalkulatzeko eskatu genien”, azaldu zuen Gerediako kudeatzaileak. Online dendak stockaren kontra egingo du eta bilduta dutenaren arabera salduko da. Horregatik, hurrengo egunetan stock haustura gertatuz gero produktuak hornitzeko aukera izango luketen galdetu zaie saltzaileei. “Batzuk bai hornituko dute eta beste batzuk ez”, adierazi zuen Atutxak. Modu horretan, online dendan laster eskuragarri egongo dela jartzen badu, hornitu egingo dela esan nahi du. Agortuta dagoena, berriz, ezingo da hautatu.
Horrela, erabiltzaileak denda digitalean kuxkuxeatu, nahi adina aukeratu eta ordainketa gauzatu ostean, eskaria Landakon jasoko dute. “Inprimatu egiten ditugu, eta, era horretara, pasilloetatik goaz produktuak jasotzen eta kutxa barruan sartzen. Pegatina jarri eta prest dagoenean kantoi batean uzten ditugu Correos Expressek batu ditzan”, argitu zuen Gerediagako kudeatzaileak. Atzo arratsaldean heldu zen lehen furgoia, eta, gaur, eguerdian, bigarrena. “Asteburuan paketeak batuko dituzte, nahiz eta datorren astera arte ez banatu”, azaldu zuen. Bidalketa gastuak erosleak ordainduko ditu baina 45 eurotik gorako erosketetan doakoak izango dira. Bestetik, egindako salmenten %12a jasoko du Gerediagak, kudeaketa lanen truke. Atutxak adierazi bezala, egunotan bost langile ibiliko dira buru-belarri biltegian, baina behar izanez gero kopuru hori hazi daitekeela azaldu zuten.
Erakusmahaiaren beste aldetik baino telefonoaren beste aldetik azaldu zuen Lander Majuelo Igela argitaletxeko editoreak aurtengoan 24 titulu eskaintzen dituztela. “Lau nobedadeak dira -Aleksandra Kollontairen Erle langileen amodioak, Alessandro Bariccoren Odolik gabe, Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmesen abenturak, eta, Agatha Christieren Hilketa lokartua- eta beste 20ak gure fondokoak”, zehaztu zuen, apustuaren arabera ale gehiago edo gutxiago eraman dituela azalduz. “Oso urte zaila izaten ari da, 32 urte dituen arren Igela argitaletxe txikia baita. Guretzat oso garrantzitsuak dira azokak, urteko fakturazioaren laurden bat azoketan ateratzen dugulako”, onartu zuen, iaz Siadecok egindako azteketari -azokara gerturatzen diren sailtzaileentzat batez besteko urteko fakturazioaren %22a suposatzen duela ondoriozta-tzen zen- arrazoia emanez.
Salmentei dagokienez ez ezik, Julen Caminos Bidean Produkzioak enpresako kideak, ohiko azokak artista, teknikari, manager eta ekoizleen arteko harremanak estutzeko aukera ematen duela erakutsi zuen. Hori aurten galdu egin da. Glaukoma, Izaki Gardenak, Dupla edo Bad Sound System taldeen diskoak jarri dituzte salgai. “Guztira hamar bat produktu, aurten ez dugu nobedaderik atera. Talde askok zail ikusten dute egoera honetan disko bat ateratzea, birak antolatzeko zailtasunengatik”, azaldu zuen, gehienak bere diskoak hurrengo urteari begira lantzen ari direla zehaztu ostean.
Argitaletxe, disketxe eta parte har-tzen duten erakundeekin lankidetzan gauzatu da online denda. “Antolakuntza euren eskutik egin dugu, kon-tziente ginen ezin genuela bertan behera utzi sakoneko hausnarketa bat egin gabe”, azaldu zuen Gerediagako kudeatzaileak. “Aurrez aurrekoa izatea nahi genuen denok, baina ez da posible izan. Aurreko urteetan parte hartu duten %90a hemen da. Oso gutxi bota dira atzera eta kasuistika konkretuetangatik. Oso pozik gaude denon konpromisoagatik”, gaineratu zuen Arantza Atutxak. Eta adibideak jarri zituen: Berri Txarrak taldeak, liburuak sinatuta eraman dituenak, bere webguneko denda itxi du egunotan, salmentak Landakora bidera-tzeko. “Denok dugu argi Durangoko Azoka plaza garrantzitsua dela sorkuntza lanak erakusteko, salmentarako, hartu-emanetarako. Eta horri eutsita Gerediagak erabaki zuen aurrera egin behar genuela, zelan edo halan”, adierazi zuen.
“Pozik gaude azoka aurtengo egoera arrarora nola egokitu den ikusita, nola mantendu den Durangoko izaera eta marka”, agertu zuen Lander Majuelok Gerediagako kudeatzailearen hitzak berretsiz. Logistika arazoak gaindituta, orain gakoa publikoaren erantzunean dago. “Kriston esfortzua egin da baina inork ez daki zenbat salduko den. Kontsumoa asko jaisten bada ez dut gaizki hartuko, badakidalako jende asko gaizki pasatzen ari dela”, zioen Igelako editoreak. Caminosek, ordea, “azokako potentzia izanik”, ziurtzat ematen zuen salmentak hobeto joango direla denontzat.
Durangon. Abenduaren 8ra arte Durangon hainbat ekitaldi ospatuko dira, bai Landakon zein Plateruenan, Durangoko eta mugakide diren herrietako kultur zaleentzako. “Sagu Ganbarako haur literatura ekitaldiak denak bete dira, eta kontzertu batzuk ere bai. Beste ba-tzuetarako tokia badago oraindik”, azaldu zuen atzo Arantza Atutxak.
Zu non han DA!. “Jendea ez pila-tzeko neurri ezberdinak hartu dira eta horietako bat hemendik kanpo egitasmoak egitea izan da”, argitu zuen Atutxak. Horrela, egunotan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan -Amurrio, Gasteiz, Bilbo, Ondarroa, Azpeitia, Donostia eta Atarrabia- kontzertuak antolatu dira. Gerediagako kudeatzailearen arabera, “Ondarroan eta Bermeon, esaterako, oraindik badaude sarrerak”.
“Erreferentziarik ez dugunez ez dakigu zenbat jende sartuko den dendan aldi berean”
Gerediaga elkarteko kudeatzailea
“Kontsumoa asko jaisten bada ez dut gaizki hartuko, jende asko gaizki pasatzen ari delako”
Igela argitaletxeko editorea
“Talde askok zail ikusten dute egoera honetan disko bat ateratzea, birak egiteko zailtasunengatik”
Bidean Produkzioak enpresako kidea