Orain dela 22 urte ekin zion Toti Martinez de Lezeak (Gasteiz, 1949) liburuak idazteari. Aurten kaleratu du bere 26. lana, Egurra SA (Erein, 2020). Egurra familiaren negozioaren trapu zikinak eta ezbeharrak kontatzen ditu bertan, nobela beltzaren, erotikoaren, sozialaren eta beste genero askoren zantzuak dituen istorioan.
Argitaletxe batean kokatu duzu azken lana. Zer dela eta?
Familien oinordetzen inguruan idatzi nahi nuen, nola belaunaldiz belaunaldi pasatzen eta izorratzen diren negozioak: aitona-amonek sortzen dute, seme-alabek jaso, eta ilobek pikutara bidaltzen dute urteetako lana. Nik, ordea, ez dut negozioen mundua ezagutzen. Argitaletxeena, berriz, oso ondo ezagutzen dut, eta badakit zer dagoen liburu baten atzean: idazlea, editorea, maketagilea, itzultzailea, azaleko irudiaren egilea, banatzailea€ Hori banuen, eta beraz, hori izan dut oinarri.
Liburu honen atzean ez dago beste inolako mezurik. Esan nahi dut, ez dudala inor seinalatu edo salatu nahi. Kontatu nahi nuen badaudela liburuak saltzen dituzten argitaletxeak, baina baita produktua saltzen dutenak, komunikabideak eta beste kontrolatzen dituztenak. Azkeneko horiek ere, zilegitasun osoa dute horretarako, jakina.
'Egurra SA'-koak zer dira beraz, liburuzale edo diruzaleak?
Hori da, hain zuzen, lanaren abiapuntuetako bat.
Nobela historikoak egiten dituzu normalean, oraingoan, gaur egunera ekarri duzu istorioa, zer moduz sentitu zara?
Erronka bat izan da, baina oso ondo moldatu naiz. Egia esan, nik ez ditut nobela historikoak egiten, istorioa historiako momentu jakinetan kokatu baizik. Hasiera batean 2020an kokatu nuen Egurra SA, baina kontuan hartuta egoera zein zen, eta pertsonaiek ezingo zutela kaletik ibili, 2019an girotu dut. Erakutsi nahi nuen ez dudala idazten aspaldiko kontuez bakarrik.
Zer beste berritasun dakartzazu?
Idazten ari nintzela, jendeari galdetu nion ea zer nolako eleberria espero zuten. Denetik erantzun zidaten. Eta hori da funtsean. Eleberri beltza nahi duzuela? Tori eleberri beltzaren elementuak: hildakoak, misterioak,€ Erotikoa nahi duzuela? Hori ere baduzue, ez da Fifty Shades of Gray baina tira, badago. Politikaz, ekonomia kontuez, Gerra Zibilaren aztarnaren bat edo beste eta beste gai asko lantzen ditut.
Zure azken lanak, azken urteetan, euskaraz eta gazteleraz argitaratzen ari zarete, batera. Zer suposatzen du horrek?
Erein argitaletxearen apustu garran-tzitsua da, eta batez ere, itzultzaileen lana suposatzen duena. Azkenekoak Miren Arratibelek itzuli ditu, baita honako hau ere. Niretzako ohore bat da, gazteleraz idazten dudan arren, euskalduna banaizelako. Mirenen itzulpenak oso onak dira, eta sarri pentsa-tzen dut zer idazle ona naizen euskaraz! Ni itzultzailea naiz, eta badakit zer nolako lana den. Gainera, esan behar dut itzulpenak ezinbestekoak direla hizkuntza baten biziraupenerako. Hizkuntza batetik edo batera itzultzen ez bada, hiltzera kondenatuta dago. Badira irakurle batzuk esaten dutenak haiek jatorrizkoak nahiago dituztela, eta itzulpenak ez direla horren onak. Ez dut uste Murakami edo Dostoievski bezalako autoreak euren hizkuntzetan irakurri dituztenik€
Gazteleraz 'La Editorial'. Euskaraz, 'Egurra SA'. Zerk eraman zaituztete erabaki horretara?
Euskaraz Argitaletxea izenak ez zigun horren ondo funtzionatzen, ez zitzaigun gustatzen. Egurra istorioko pertsonaien abizena da, eta hor ere kontuz ibili gara, inor ez iraintzeko asmoarekin. Beraz, argitaletxearen izena jartzea erabaki genuen. SA, gainera, Euskaltzaindiarekin kontsultatu genuen, euskarazko terminoak ia erabilerarik ez zuelakoan.
Konfinamendu garaiotan bukatuko zenuela pentsatzen dut€
Ez. Ez nuen ezer ere idatzi. Ordurako bukatuta neukan eleberria. Eta beste ezer idazteko gogorik ez nuen. Astia soberan izan dut normalean egiten ez ditudanak egiteko: soinketa egin bitartean, 1940ko hamarkadako zuri-beltzeko pelikulak ikusi, edo hiru orduko operak€ Irakurri ere, asko irakurri dut.
Uste duzu egoera honek jendea literaturara berriz gerturatu duela?
Bai, baina esan dudan moduan, egiteko beste ezer ez dugulako. Telebistan etengabe ari dira birusaz, eta beraz, errazagoa da deskonektatzeko liburu bat hartu eta irakurtzea.
Gomendioren bat?
Xamarren, Etxera bidean (Pamiela, 2018); Anton Arriolaren, El diario de Josef Barath (Erein, 2020); Carlos Bardemen, Mongo Blanco (Plaza Janés, 2019); eta Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar, 2019). Azken hilabeteetan irakurritako batzuk baino ez dira.
Eta orain, zer?
Ba ez dakit. Beste batekin jarriko naiz seguruenik. Aktore izateko proposamen bat ere egin didate, tamalez, amonaren pertsonaia egiteko€ zer egingo diogu! Emanaldi musikatuak ere egiten ditut Maite Itoitzekin, eta horrekin ere arituko gara herriz herri, ahal den heinean.