Durangoko Azokak ikasleentzako online bidezko tailerrak eskainiko ditu

Euskal Herriko ikastetxeek eskaintza anitza izango dute modu birtuatlean aurtengo Ikasle Goizean, abenduaren 4an

18.11.2020 | 18:50
2019kko Durangoko Azokako Ikasle Goiza

Durangoko Azokak edizio ezohikoenetako bat izango du aurten, ohiko salmenta postuak alde batera utzita, jendetzarik ez sortzeko. Hala ere, koronabirusaren pandemiak ezarritako murrizketek ez dute ekidingo Gerediaga elkarteak ikasleei beren tartea eskaintzea.

Horregatik, Durangoko Azokak egitarau berezia antolatu du aurten ume zein gazteentzat, ikastetxetik mugitu gabe, euskal kulturaren uztaz gozatu ahal izateko. Urtero bezala, Ikasle Goizak emango dio hasiera Azokari, abenduaren 4an, eta aurten modu birtualean bost tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, jardueretan parte hartzeko ez da beharrekoa izango aldez aurretik izena ematea, egunean bertan edo aurreko egunetan webgunera sartzearekin "nahikoa izango da".

Bikoizketa, ilustrazioa, liburu bat sortzeko prozesua€ aukera ezberdinak izango dira 5 eta 16 urte arteko ume zein gazteentzat. Txikienek, 5 eta 8 urte artean dituzten umeek, "Yogipuinak" izeneko saioan parte ahal izango dute, Maite Arrese, Sara Arizmendi eta Oihan Arizmendiren eskutik. Bertan, antolatzaileek zehaztu dutenez, "yoga zer den ikasi, gorputza landu eta burua eta bihotza lasaituko dute". Hala, arnasketak, pentsaera baikorra, asanak edota erlaxazio ariketak egingo dituzte Arreseren gidaritzapean.

8 eta 12 urte artean dituzten umeek beren aldetik, "Marrazkiekin jolasean" tailerrarekin gozatu ahal izango dute, Ainara Azpiazuren eskutik. Ariketa ezberdinak landuko dituzte bertan, esate baterako, geometria landuz animaliak marraztea, hitzak nahastuz istorio bat osatzea edota mantxekin irudiak asmatzea. Saioa jarraitzeko hurrengo materiala izatea beharrezkoa izango da: paperak, arkatzak, borragomak, koloreetako margoak... eta Azokak azpimarratzen duenez, jolasteko gogoa.






Urtero egiten den ' Liburu bat egingo dut' jardueran parte hartzeko aukera izango dute 12 eta 13 urteko gazteek Ikasle egunean. Euskal Editoreen Elkarteak (EEE) antolatutako ekintza modu birtualean izango da 55.edizio honetan eta Ana Urrestarazu (EEE) eta Karmen Elvira (Pamiela) izango dira gidariak. Bertan, liburu baten sortze prozesua gertutik ezagutuko dute "modu dibertigarrian".

Bestalde, 13 eta 14 urteko ikasleek bikoizketa tailer batean hartuko dute parte. Mixer taldeko Yeray Varelak bizkoizketa lanak egiterako orduan kontuak hartu beharrekoak azalduko dizkie, eta gainera telebistan agertzen diren saioekin hainbat adibide praktiko egingo ditu Varelak.

Horrenbestez, sare sozialek garrantzi izango dute aurten, izan ere ikasleek euren sorkuntzak sarera igotzeko aukera izango dute, #IkasleGoizaDA traola erabilita, eta Durangoko Azokak euren sormen-lanak zabalduko ditu.

Elkarrizketa saioa

Durango Azokak Ikasle Goizean tailerrez gain, elkarrizketa-saioa antolatuko du. Oihan Vegak eta Oizeder Mayo kazetariek Liher musika talde donostiarra, Kai Nakai abeslaria (iaz Azokako sormen beka irabazi zuen sortzailea), Erika Elizari idazle hernariarra eta Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariarekin mintzatuko dira, eta saioak www.durangokoazoka.eus webgunean jarraitu ahalko da zuzenean.