- Konfinamendua idazteko eta irakurtzeko aprobetxatu du Mikel Ayllon idazle laudioarrak, eta Ramiro Pinilla Getxon eta Donostia hiriko Kutxa literatura sariak irabazi ondoren, bere pasioa den horretan, idaztean, gehiago sakondu nahi du. Izan ere, aukeraz beteriko etorkizuna dauka.

'Hanka hautsiak' eleberriagatik irabazi duzu Ramiro Pinilla saria berriki, egoera latz bat irudika-tzen duena, gainera.

-Bukatzen ari den mundu bat irudikatzen du, hiri baten kanpoaldeko langile auzo bat. Auzo horren gainbehera deskribatzen da, jendea bertan dagoen fabrikatik kaleratzen dutela, etab. Bizitzaz husten doa auzoa. Horren berezitasuna da udan zirkoa doala, eta neska gazte batek zirkoaren bitartez beste mundu bat ezagutzen du. Ez da dena beti erraza, eta hori da eleberrian agertu nahi izan dudana.

Hau ez da, dena den, idazten duzun lehenengo eleberria. Aurretik 'Ez tiro egin anbulantziei' etorri zen.

-Duela bost urte kaleratu zen liburu hura, eta pixka bat bertan hitz egiten da garai ilun batez, edo momentu bitxi edo distopiko batez. Bi pertsonak elkar ezagutzen dute, eta maitemintzen ahalegintzen dira. Hau idazten, gainera, oso gaizki pasatu nuen oso giro iluna zelako.

Bere azalaren irudia gainera, gaur egungoa dirudi, bi pertsona aurpegia estalita musu ematen.

-Egia esan, nobela iluna da eta bizi garenarekin nahiko lotuta dago, bai. Liburuan irudikatzen da zuten bizimodua aldatzen ari dela, baina ez dakitela norantz aldatzen ari den. Trantsizio horretan dena oso arraroa da, eta gauza oso gogorrar ikusten eta bizitzen ari ginela argi dago.

Zaila da zure arimaren atal bat idazten duzun horretan ez uztea?

-Nik beti esaten dut asko kostatzen zaidala idaztea, sentitzen dudalako hitz bakoitzarekin nire azalaren zati bat uzten dudala hor. Lehenengo nobela horretan jartzen nuen musika eta negarrez egoten nintzen ordu betez, igual ordu erdi idazten nuen, eta beste ordu bat negar egiten ematen nuen. Bukatu nuenean airea behar nuen, eta beste nobela hori idazten hasi nintzen.

'Zoriontsu izatea erabaki genuen' kontakizun liburuagatik ere Donostia hiriko Kutxa literatura saria irabazi zenuen. Egun, inoiz baino beharrezkoagoa da zorion-tsu izatea, ezta?

-Batez ere, uste dut lehenbiziko gauza dela konturatzea edo ikustea zer den zoriontasuna. Liburuaren azpian zoriontasun jasangarri eta iraunkor bat dago. Saltzen digute zoriontasuna etengabe ondo egotea dela, eta hori ez da niretzat zoriontasun osasuntsu bat. Zoriontasuna batzuetan tristea da, edo erabaki-tzen dugu zoriontsu izatea, baina bidean momentu txarrak egon daitezke. Bukaeran beharbada ez dugu lortzen nahi genuen guztia, baina zoriontasuna ere hori da. Horri buruz hitz egiten dut ipuin liburuan. Zoriontsu izateko uste dut normalak izateari utzi behar diogula, bizi-tzan askotan aukeratu behar da: normala edo zoriontsua izatea. Gauza arraroak egitea komilla artean beharbada da zoriontsu egiten gaituena, eta ausartak izan behar dugu pixka bat arraro sentitzeko eta zoriontasuna hor bilatzeko.

Aipatzen duzun arrarotasun hori azalaraztea ez da beti erraza, ezta?

-Egia da, eta istorioetan ikusiko ditugu pertsonaia nahiko bazterrekoak direla, edota hartzen dituztela erabaki arraroak. Batzuetan, hartzen ditugun bideak ez dira errazak, eta askotan ez dakigu nola amaituko diren. Zaila da, bidera-tzen gaituztelako berdin joatera, baina batzuetan horrelako erabakiak hartu behar dira.

Sei istorio dira guztira. Elkar lotuta daude?

-Egia esan, bakoitza desberdina da, pertsonaia desberdinak ditu, eta gai desberdinak lantzen ditu; kokapena ere da desberdina. Hala ere, guztietan gutxi gora behera haria berdina da, zoriontasuna nahi dutela guztiek, baina bakoitzak bere modura, noski. Denak ahalegintzen dira, eta erabakiak hartzen dituzte zoriontsu izateko. Argi daukat, dena den, norbaitek esango didala, irakurri ostean, zoriontasun gutxi ikusten duela eta miseria asko edo tristezia asko, edo dena delakoa. Beharbada hori da, ohituta gaudelako liburu bat har-tzera eta zorion parrasta bat ikustera, dena izango dela poztasun izugarria, baina ez da horrela. Batzuetan gauzak ez dira ondo ateratzen, erabaki batzuk hartzen dituzu eta ez da ondo ateratzen, edo ez zen hori egin behar zenuena. Hala ere, inpultso hori dago pertsonaien aldetik, edo ez dugu jakingo bukaera zein den; amaierak oso irekiak dira. Garran-tzitsua da pertsonaia guztiek nahi komun bat daukatela, zoriontsu izatea, eta batzuk asmatuko dute hobeto, beste batzuk ez.

Zoriontasun hitzaren esanahia moldatu nahi izan duzu, beraz, liburu honekin.

-Hori da. Normalean identifikatzen dugun zoriontasun hori ezinezkoa da, eta gainera ez da osasuntsua, inor ez dagoelako etengabe saltoka eta pozik. Saiatu naiz zoriontasuna gure bizitzen neurrira ekartzen. Hala ere, uste dut ipuinak oso erraz irakurtzen direla, argia badago baina epaimahaiak esan zuen ematen duela guztietan lainoa dagoela, eta hala da. Zoriontasuna ez da soilik egun eguzkitsuetan gertatzen; jakin behar dugu zoriontsuak izaten ere lainotuta dagoenean. Hori da ipuinetako giroa, eta horretan pertsonaiak ahalegintzen dira zoriontsuak izaten.

Zoriontasuna aurkitu duzu ibilbide honetan?

-(Barrezka). Hau idatzi baldin badut, argi dago horretan sinesten dudala. Idaztea kosta egiten zait, baina aldi berean gustatzen zait. Ezin naiz ida-tzi gabe bizi. Zoriontsu egiten nau idazteak, nahiz eta batzuetan prozesu zaila izan. Egia esan, gero ohar-tzen zara gauza hauek egiten zaituztela pixka bat zoriontsuago, eta pandemiarekin bizi garen egoera arraro honetan zaildu zaigu zoriontsu izatearen kontu hori, egoera hau antsietatearekin bizi dugulako, ez dakigulako nola aterako garen hemendik, ezta noiz aterako garen. Gauza txikietan fijatu behar gara horregatik, ez saiatu pentsatzen zoriontsu egotea beti barrezka egotea dela, horrekin ez itsutu.

Nola igaro duzu zuk konfinamendua? Inspirazioa zurekin egon da hilabete hauetan?

-Esango nuke jende gehienari bezala gertatu zaidala. Hasieran idazteko denbora pilo bat nuela ikusi nuen, baina egunak joan ahala, egunak igarotzen ziren eta ikusten nuen ez nuela ezer egin. Oso gutxi idatzi nuen. Baina irakurtzeko aprobetxatu nuen, beti sentitu naizelako irakurleago idazle baino.

Bi sarietako epaimahaiak gainera puntakoak ziren.

-Bai, Ramiro Pinillan eta Kutxa sarian niretzat ilusiorik handiena, edo handienetarikoa izan zen jakin nuenean bai batean zein bestean zeuden kideak; denak goi mailako idazleak, ibilbide luzekoak, eta jende oso garrantzitsua: Itxaro Borda, Arantza Urretabizkaia, Txani Rodriguez, etab. Guztiak punta puntakoak. Horrek asko poztu ninduen, halako jendeak baloratzea egin duzun lan guztia; poztasun handia ematen du. Eta poztasun handiena, uste dut dela Kutxako Donostiako sarian argitaratzen dutela. Nik behintzat horretarako idazten dut, jendeak irakur dezan.

Noiz argitaratuko duzue liburua?

-Azaroaren 7an da Donostiako sariaren banaketa, eta liburua Elkarrek argitaratuko du eta kalean egongo da egun horretan. Bestearekin, elebrriarekin, bilatzen nabil. Ramiro Pinilla sariaren barruan ez da sartzen argitalpena baina ematen dute argitaratu nahi duen argitaletxeari diru-laguntza, eta argitaletxe bila nabil. Ea zortea dagoen eta kaleratzeko modua dagoen.

Zer ekarriko dizu etorkizunak?

-Orain bi gauza ditut esku artean; batetik ari naiz antzezlan bat idazten -bi labur idatzi ditut, eta hau luzea izango da-. Azarorako bukatu behar dut. Antzerkia beti gustatu izan zait. Horretaz aparte, ipuin liburuko ipuin batean oinarritutako gidoi bat idatzi nuen antzezlan labur baterako. Gasteizko antzerki jaialdian hautatu zuten eta abenduan aurkeztuko dugu.

"Asko kostatzen zait idaztea; sentitzen dut hitz bakoitzarekin nire azalaren zati bat uzten dudala"

"Zoriontasuna batzuetan tristea da, eta hautatzen dugun bidean momentu txarrak egon daitezke"

"Ausartak izan behar dugu pixka bat arraro sentitzeko eta zoriontasuna hor ere bilatzeko"