- Udazken honetan "kalitatezko" entretenimendua izango dute gasteiztarrek eta arabarrek. Eta hori da lurraldean indarra hartzen ari diren kultur programazioei esker.

Estibaliz Canto Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak atzo iragarri zuen bezala, hiriko hainbat gizarte etxek adin guztientzako kultur ekitaldiak antolatu dituzte. Programak 'Ikuskizunak gizarte-etxeetan' du izena eta zortzi kultur hitzordu izango ditu urriaren 3tik abenduaren 19ra bitartean, Aldabe, Arriaga, Salburua eta Zabalgana gizarte etxeetan. Estibaliz Canto-ren esanetan, "tokiko eta kalitateko sorkuntzaren alde egiten dugu, euskal artista eta konpainia profesionalekin batera, eta Gasteizko publikoak atsegin hartu ahalko du adin orotakoentzako antzerki, dantza edo magia proposamenekin".

Zehaztu zutenez, arratsaldeko zazpietatik aurrera Imanol Ituñoren magia, Noralairen antzerki musikala, La Pulga eta Miren Amurizaren flamenko eta bertsolaritzaren arteko fusioa eta Ameztu produkzioen txotxongiloak izango dira bertan. Zirika Zirkusen zirkuaz eta Les Bobé-Bobé, Didau eta Próspero Teatro antzerki ikuskizunez ere gozatu ahal izango dute herritarrek. Sei ikuskizun euskaraz izango dira eta bi gaztelaniaz. Gainera, sarrerak ikuskizun bakoitzaren data baino hamabost egun lehenago erosi ahal izango dira. Non? Gizarte-etxe eta kirol-instalazio guztietan (frontoietan izan ezik) eta Internet bidez, kasu honetan emanaldia hasi baino ordubete lehenago arte eros daiteke. Sarrera guztien prezioa hiru eurokoa izango da. Ekimen berriaz gain, 'Auzo Eszena' zikloa ere eskainiko da, zeinak Gasteizko talde eta artista ez profesionalei aukera ematen baitie beren proposamenak jendaurrean erakusteko. "Martxoan bertan behera utzi behar izan zen programa, pandemia zela eta; orain berriro ekingo zaio, guztira zortzi ikuskizun eskainiz: horietako bi euskaraz izango dira, eta hiru, haurrentzat. Umorea, antzerkia, magia, bakarrizketak, komedia eta musikalak barne hartzen dituzte proposamenek, haur eta familiei zein heldu eta gazteei zuzendutakoak. Hori dena, artista hauen eskutik: Juanjo Monago, Imperfeccionismo Mágico, Pro-Ismo 0, Tadir, Arrox Bola Sormen Elkartea, Pánico Escénico, Ipazapi eta Auskalhop", azaldu zuten atzo Udaletik. Urriaren 18tik abenduaren 20ra bitartean izango dira saioak, 19:00etan hasita, Arana, Aldabe, Arriaga eta Zabalganeko gizarte etxeetan. Urriaren 7an jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol ekipamenduetan zein internetez (emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte). Sarrerek 3 edo 5 euro balioko dute.

Udal Liburutegien Sareak, berriz, 46 jarduera antolatu ditu irailetik abendura bitartean. Hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, errezitaldiak, ipuin-kontalariak, musika, lantegiak€ Proposamen horietatik, 26 haurrentzat izango dira, eta 20, gazte eta helduentzat. 28 euskaraz eta 17 gaztelaniaz. Ingelesezko ipuinen kontalaria ere izango da haurrentzat. Jardueretako batzuek euro bateko prezioa izango dute, eta beste batzuk doakoak izango dira, lekuak bete arte; lantegietan, berriz, izena eman beharko da. Gizarte etxeetako udazkeneko programazioaren barruan, orobat, jarduera artistikorako hastapen ikastaroak daude, denboraldi honetan hilabetekoak izango direnak. Orotara 149 lantegi dira, eta 1.829 leku, hainbat alorretakoak, euskaraz edo gaztelaniaz: arte eszenikoak. arte plastikoak eta dantza, besteak beste.

Programa. Ikuskizunak gizarte etxeetan programaren barruan, zortzi kultur emanaldi eskainiko dira urriaren 3tik abenduaren 19ra bitartean, Aldabe, Arriaga, Salburua eta Zabalganeko gizarte etxeetan.

Sarrerak. 19:00etan hasiko dira ikuskizunak, hauek, zehazki: Imanolen magia, Noralairen antzerki musikala, La Pulgaren eta Miren Amurizaren flamenko eta bertsolaritzaren arteko fusioa, Ameztu Produkzioen txotxongiloak, Zirika Zirkusen zirkua, eta Les Bobé-Bobé, Didau eta Próspero Teatroren antzezlanak. Sei ikuskizun euskaraz izango dira, eta bi gazteleraz. Ikuskizun bakoitza baino 15 egun lehenago jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol ekipamendu guztietan (pilotalekuak izan ezik), baita internetez ere (emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte). Sarrerek 3 euro balioko dute.

"Tokiko eta kalitateko sorkuntzaren alde egiten dugu, euskal artista eta konpainia profesionalekin batera, eta Gasteizko publikoak atsegin hartu ahalko du adin orotakoentzako antzerki, dantza edo magia proposamenekin".

46

Udal Liburutegien Sareak 46 jarduera antolatu ditu irailetik abendura bitartean. Hitzaldiak, liburuen aurkezpenak, errezitaldiak eta ipuin-kontalariak, besteak beste.