- Kirmen Uribe: Bizitza, Fikzioa liburua aurkeztu zen atzo goizean Euskalduna Jauregian. Ekitaldian Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatua, Pio Perez Mikel Laboa Katedrako kidea, Maria Jose Olaziregi eta Amaia Elizalde liburuaren editoreak, eta, liburuaren protagonista den Kirmen Uribe bera egon ziren.

Liburuan idazle ondarrutarraren figura azaleratzen den horretan, Lorea Bilbaok gogoratu zuenez, "Uribek erakutsi du bere ibilbidean euskal letrak besteen parean daudela, txikiak omen badira ere". Horrekin bat eginez, Kirmen Uribek denboraren joanari eusteko beharrezko gauzak zeintzuk diren azaldu zuen: "Idazle batek behar duena obra da, eta kalitatezko irakurleak, kritikariak, horiek luza-tzen baitute liburuaren bizitza. Irakurle hutsekin liburuak ezin dio eutsi denboraren joanari, kritikaren bidez ziurtatzen dena".

Bere ibilbidea aztertu duen obra hau errealitate bihurtzeko, ezinbestekoa izan da Bizkaiko Foru Aldundiaren, EHUko Euskara Errektoreordetzaren eta Laboa Katedraren babesa. 11 artikulu ditu liburuak, zazpi ikerlari euskaldunek egindakoak eta beste lau ikerlari espainiar zein amerikarrek idatziak.

Pio Perezek adierazi zuen moduan, ikerlarien ekarpenak euskaraz izango dira. Atzerriko unibertsitateetako adituen kasuan, testuen itzulpena burutuko da, ostera ere gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak argitaratzeko. "Estatuko eta atzerriko argitalpenekin harremanetan gaude, baina iruditzen zaigu inportantea dela euskaratik abiatzea, gero euskaratik gaztelaniara eta ingelesera igarotzeko", zehaztu zuen Mikel Laboa Katedrako kideak.

Mikel Laboaren inguruan ere mintzatu zen Kirmen Uribe, berarentzat izan duen garrantzia azpimarratuz: "Mikel Laboa zoragarria zen, ez zen konformatzen soilik tradiziozko kantak kantatzearekin, bere erara abesten zituen, eta bere limitazio guztiekin bezekien onena ematen. Nik uste dut Mikel Laboaren arima ausartatik asko ikasi dudala".

Kasu honetan liburua Uribek ida tzi ez badu ere, berak idatzitako Desobedientzia gidaliburua artikuluarekin hasten da liburua. Bertan, desobedientzia-sortzailearen aldeko aldarria egiten du idazle ondarrutarrak, bere egunerokotasunean egiten duenaren harira. "Nik beti jokatu izan dut desobedientzia puntu batekin tradizioarekin edota bizi-tzarekin, eta kontatzeko modu berriak aurkitzen saiatu naiz, aldi berean, kontatu ez diren kontuak edo istorioak kontatzeko ahalegina eginez", aitortu zuen Uribek.

Liburuaren jatorriari dagokionez, bere sorburua 2018an Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaro batean dago. "Ideia hori izan ostean, Lorea Bilbaori proposatu nion, kresal usaina duen obra horri behar dituen hegoak emateko, eta hitzetatik ekintzara pasatu ginen berehala", helarazi zuen Mari Jose Olaziregik. Berak eta Amaia Elizaldek liburuaren hitzaurrea sinatu dute, liburuaren edukiak laburtuz eta ekarpen nagusiak iruzkinduz.

Liburuaren egitura Obraren aurreneko artikuluan, Uriberen hiru eleberrietan dauden helburu eta poetikaz hitz egiten du Hasier Arraizek, edo beste era batean esanda, "Uriberen estetika posmodernistak erlatibismoari muzin egiteko duen gaitasun literarioaz". Bigarrenean, Leyre Arrieta historialariak Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren testuinguru historikoa plazaratzen du, Jose Antonio Agirre lehendakari izan zen garaiko Eusko Jaurlaritzaren politikaren kulturalaren analisitik abiatuz.

Aurrerago eginez, Estibaliz Eskerra University of California Santa Barbarako irakasleak, Bitartean heldu eskutik poemaren analisia egiten du, gorputza, keinua eta afektua nola lantzen diren aztertuz. Halaber, Jon Kortazarrek Bilbao-New York-Bilbao eleberrian internetek idazteko tankeran izan duen eragina agerian uzten du, eta, Miren Ibarluzeak Uriberen lanen itzulpenak ditu hizpide, ikuspuntu soziologiko batetik.

Azkenik, Luis Martin Estudillo Iowako Unibertsitateko irakasleak, joan-etorrien dimentsio etiko eta historikoak nabarmentzen ditu. Horrez gainera, Lourdes Otaegik formatu txikiko lanetara jotzen du, azken hauek eragindako ikuskizun multimedien inguruan hausnar-tzeko. Eta, Sally Perretek idazle ondarrutarraren lanetan proiekta-tzen den mundu ikuskera bakezalea azaleratzen da, gizadian fedea galdu ez duen ikuspuntu baikor horri jarraituz.