bilbo - La Fanciulla del West izeneko lana Abao Bilbao Operaren programan dago aurreneko aldiz. Pucciniren opera hau 1910ean estreinatu zen, eta Estatu Batuetako mendebaldeko konkistaren epopeia bat da. “Konpositore italiarraren partiturarik kolorista, distira-tsu eta berritzaileena da. Orkestrak protagonismo handia du bertan, eta Espainian ez da inoiz antzeztu; 2020an munduko beste sei antzokitan baino ez da egon: Munichen, Orlandon, Tallinen, San Peterburgon, Seulen eta Stockholmen”, adierazi dute ABAOtik.

Aurkezpen-gidan ikus daitekeen moduan, obra koral honen atzean 17 pertsonaia eta ekoizpen “ikusgarria” daude. Hiru eszenatoki ezberdintzen dira, horietako bakoitzean mendebaldeko konkistaren berezko hainbat giro irudikatuz, hala nola, urrezko meatzeak, aisialdiak igarotzeko aretoak edota meatzari eta mandilak bizi ziren txabolak.

Napoliko San Carlos Antzokiaren esku dago La Fanciulla del West-en produkzioa, eta Hugo de Ana da zuzendaria. Azken honek Broadwayko musikal handiak gogora dakartzan estetika bat sortu du ABAOren arabera. Istorioaren protagonista Olsana Dyka soprano ukrainiarra da, Minnie-ren rola bere gain hartuz. Minnie delako hori Polka Saloon-eko jabea da, emakume indartsu, ausart eta grinatsua, gizon zakar eta bidelapurrez betetako mundu batean. Hartara, gizon eredu horren isla nagusia Marco Berti tenorea izango da, Ramerrez gaizkilearen paperean.

Musika zuzendaria Josep Caballe Domenech da, Colorado Springs Philarmonic Orchestra-ko zuzendari titularra. Kasu honetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren burua izango da oholtza gainean. “Pucciniren partitura original hau muskagilearen beste lan batzuk baino xeheagoa da”, aitortu du Domenechek.

Otsailaren 15, 18, 21 eta 24an egongo da La Fanciulla del West Euskalduna Jauregian, eta sarrerak 37 eurotik hasita eskuratzeko aukera izango dute 35 urtetik beherakoek, eta 36 urtetik gorakoek, 56 eurotik hasita. Halaber, Gazteam ABAO plataforman inskribatuta dauden 25 urtetik beherako gazteek Pucciniren obra hau 25 euroren truke ikusteko parada izango dute, ABAO Bilbao Operak jakinarazi duenez. - U. Glez.

Obra korala. Obra koral honen atzean 17 pertsonaia eta ekoizpen “ikusgarria” daude. Hiru eszenatoki ezberdintzen dira, horietako bakoitzean mendebaldeko konkistaren berezko hainbat giro irudikatuz, hala nola, urrezko mea-tzeak, aisialdiak igarotzeko aretoak edota meatzari eta mandilak bizi ziren txabolak.

Protagonistak. Olsana Dyka soprano ukrainiarra da, Minnie-ren rola bere gain hartuz. Minnie delako hori Polka Saloon-eko jabea da, emakume indar-tsu, ausart eta grinatsua, gizon zakar eta bidelapurrez betetako mundu batean. Hartara, gizon eredu horren isla nagusia Marco Berti tenorea izango da, Ramerrez gaizkilearen paperean. Musika zuzendaria Josep Caballe Domenech da, Coloradoko Orkestrako zuzendari titularra.