Bilbo - Planteatzen diren erronkei aurre egiteko, inpresioetan oinarri-tzen diren iritzietan baino, sektorearen baitan sortzen diren datu kuantibatiboei erreparatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, Euskadiko kultur- eta sormen- industriek 6.800 pertsonari lana ematen dietela eta 762 milioi euroko diru-sarrerak sortzen dituztela ondorioztatu da Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlanean. Gainera, ikerketa berean, eragile gutxi batzuek diru-sarrera eta lanpostu ugari kon-tzentratzen dituztela nabarmendu dute. Izan ere, bi alorretan, diru-sarrera gehien dituzten eragileen %20ak sektore bakoitzak lortzen duen diru-sarrera guztietako hamar eurotik 7 eta 9 bitartean pilatzen du.

Datuak Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, aurkeztu zituen atzo. Adierazi zuenaren arabera, kultur-industriari dagokionez, seigarren aldia da estatistikoki aztertzen dena. Zehazki, enpleguaren ikuspegitik ikus-entzunezkoek eta arte eszenikoek duten garrantzia nabarmendu zituen. Bestetik, lehen aldiz ikertu da sormen-industriaren (arkitektura, diseinua, hizkuntzaren-industriak, moda, publizitatea eta bideo-jokoak hartzen ditu bere gain) inpaktua, zeinak 43 milioi euroko balantze positiboa eragiten duela ikusi den. “Helburua lehen aldiz bi arlo hauen ikuspegi bateratu bat eskaintzea izan da”, adierazi du Zupiriak, ekonomian duten eragina azpimarratu duenak. “Kulturgintzan gero eta garrantzi-tsuagoa da datuekin hitz egitea”, agertu zuen.

Arteei eta kultura industriei buruzko estatistika-k 637 eragileren inguruko informazioa bildu du. Ikus-entzunezkoez gain, nabarmen-tzekoa da musikak, liburu-industriak, arte eszenikoak eta ikusizko arteak duen indarra diru-sarreretan. Balantze positiboa da oro har, 8,5 milioi euroko balantzearekin. Bestetik, 2.936 langile hartzen dituen sektorean ikus-entzunezkoa (%48,2) da nagusi, eta musika (%14,9) eta liburugintza (%14,4) datoz atzetik. Txostenak dionez, izaera pribatuko eragileak nagusi izanik ere, eragile publikoen eta pribatuen diru-sarrerak nahiko orekatuta daude, eta, enpleguari dagokionez, eragile pribatuek langileen %51,3 biltzen dute. Edonola ere, titulartasun pribatuko agenteak jaitsi egin dira 2015tik. Izan ere, %57,7a baldin baziren, gaur %50,8a dira.

Kulturgintzaren alorrean aipagarria da euskararen presentzia, batez ere antzerki ekoizpenean, disko-industrian eta liburuaren sektorean. Orokorrean, euskara nagusi da musikan (%73,5), antzerkiaren ekoizpenean (%53,7) eta argitaletxeen arloan (%51,6). Ikus-entzunezkoari erreparatuta, portzentaje orokorra %19,9koa bada ere, Eitb aintzat hartuta %29,8ra igotzen da.

Era berean, Sormen-industriei buruzko estatistika-ren kasuan, 419 eragileren inguruko informazioa jaso da. Diru-sarrerei dagokienez, azpimarratzekoa da publizitateak eta hizkuntzaren industriak duten pisua. Baina mozkin-portzentajerik handiena duten sektoreak moda eta arkitektura dira. Guztira, Euskadin, 3.898 lanpostu hartzen ditu bere gain, baina aipatzekoa da batez ere publizitatean (%38,6) eta hizkuntzaren industrian (%29,5) kontzentra-tzen direla gehienak. Esan bezala, gainera, kultur industrian gertatzen den bezalaxe, diru-sarrera handienak dituzten agenteen %20ak diru-sarrera guztien 10 eurotik 7 eta 9 artetan metatzen dituzte.

Datuak aurkeztu ostean, Joxean Muñoz Kultura sailburuarekin batera egindako agerraldian, Bingen Zupiriak adierazi zuen eztabaida asko sortzen direla kultur industriaren eraginaren inguruan: “Datu objetikboak izatea garrantzitsua zela uste genuen, informazio zehatza izateko eta bere bilakaera aztertzeko”. Halaber, aurretik aurkeztu diren kontsumo kulturaren inguruko analisiekin bat datozela azaldu zuen. Horrela, arte eszenikoen gorakada eta baita euskarazko musikaren garrantzia nabarmentzen zirela gogoratu zuen. Irakurketa, berriz, behera doa. “Emaitza ekonomikoak ere joera horiei buruzko informazioa ematen ari dira”, argitu zuen.

Kultur-industria

8,5 Milioi euroko mozkina lortu da.

673 agenteri buruzko datuak. Arte eszenikoetako 129 programa-tzaile eta 92 ekoizle; 97 liburu-denda eta 36 argitaletxe; 116 musika-programatzaile eta disko-industriaren 23 eragile; 36 erakusketa-areto eta 19 arte-galeria; ikus-entzunezkoen sektoreko 71 ekoizpen-eragile eta 54 zinema-areto.

Enplegua. 2.936 langilek dute enplegua alor honetan: ikus-entzunezko sektoreak hartzen du propor-tziorik handiena (%48,2), atzetik musika (%14,9) eta liburuaren industria (%14,4) dituelarik.

Sormen-industria

43 Milioi euroko mozkina lortu da.

419 agenteri buruzko datuak. 70 arkitektura-enpresa; diseinuaren sektoreko 63 eragile; hizkuntzaren industrietako 70 eragile; modaren arloko 43 eragile; publizitateari loturiko 148 eta 25 bideo-joko enpresa.

Enplegua. 3.893 langilek dute enplegua: publizitatearen sektoreak hartzen du proportziorik handiena (%38,6) eta, gero, hizkuntzaren industriak (%29,5).