Txistua, dantza, poesia, harrizko txalaparta eta trikitixa. Elementu hauekin eta harriaren bueltan ondu du bere proiektu berria Iñaki Palacios txistulari gasteiztarrak. Ohi den moduan, txistua da protagonista nagusia, baina airezko musika tresnarekin batera badaude beste hainbat elementu, osotasuna emateko. Abesti guztietan trikitixa entzuten da, eta askotan, harrizko txalaparta erabili du Palaciosek. “Harrizko txalaparta eta txistua ez dira ohiko musika tresnak beste ba-tzuekin jotzeko, baina elkarrekin jarri nahi izan ditugu eta ongi funtzionatzen du”, azaldu du musikariak.
Gainera, Palaciosek bidaideak izan ditu egitasmoa aurrera eramateko. Aspalditik ezagutzen dute elkar Iñaki Palaciosek eta Josu Sanchez Mulixka dantza taldeko zuzendariak. Elkarlanean aritu ohi dira, eta Harria bien arteko proiektua da. Sormen prozesua nolakoa den azaldu du Palaciosek: “Euskal Herriko tradizioaren izen indartsu bat nahi genuen eta harria horrela atera zen. Harria oso gurea da eta indar handia du”. Bazegoen istorio bat kontatzeko, eta lanari ekin zioten. Ideia zaparrada batekin hasi zuten proiektua: “Tradizioari oso lotuta gaude Iñaki (Palacios) eta biok, eta omenaldia egin nahi genion harriari”, kontatu du Sanchezek.
PERURENA, GONBIDATU Euskal Herriko kultura eta bizitzari oso lotuta dago harria, eta hasieratik Iñaki Perurenarengan jarri zituzten begiak. Hori dela eta, musika eta dantzak sortu aurretik, Leitzara joan ziren harri-jasotzaile ohiari proiektua aurkezteko eta parte hartzera gonbidatzeko. “Perurenak berehala eman zigun baiezkoa eta esan zigun harriari asko eman diezaiokeela oraindik, eta asko zor diola ere bai. Perurenak berak gogorarazi zigun moduan, harri baten bueltan hasten da bizi-tza, eta harri baten azpian amaitu”, esan du Sanchezek.
Handik aurrera buru-belarri jarri ziren proiektuarekin. Palaciosek melodiak egin ditu, eta horren gainean dantza koreografiak sortu ditu Sanchezek. Poesia izan da Perurenaren egitekoa, eta harriari buruzko hausnarketak eta harriarekin izandako esperientziak errezitatzen ditu. Ikuskizunari “bultzada ikaragarri handia” eman diola diote. “Asko zaindu dugu prozesu osoa eta berarekin lan egitea plazera izan da; bera ere pozik dago”. Joan den irailaren 14an estreinatu zuten ikuskizuna Gasteizko Foru Plazan. Txiki gelditu zen plaza: “Guztiak ginen hunkituta, eta lan ona egin genuen; jendea gugana gerturatu zen zoriontzera”, gogoratu du Palaciosek.
Gasteizko Foru Plazan ikuskizuna estreina-tzea ez da kasualitatea izan. Mulixka taldea eta Palacios bertakoak izateaz gain, Perurenak ere plaza horrekin harreman berezia du. Euskal Herriko hamaika plazetan ibilia da harri-jasotzaile ohia eta lorpenak lortutako plazetan ikuskizuna egitea da asmoa. Preseski, Perurena egon zen lehen plazetako bat izan zen Gasteizkoa da eta, horregatik, “esanahi berezia” du harentzat. Behin harriak jasotzeari utzita, Perurena beste modu batean itzuliko da plazetara. Ikuskizunaren oholtza lurrean jarriko dute beti, herri kirolak horrela izaten direlako. “Amaitzean, Perurenak esan zidan oso ederra izan zela eta errepikatu behar genuela; horrek indarra ematen digu guri jarraitzeko”, dio Sanchezek.
Gogora ekarri dute Sanchez eta Palaciosek “sentimenduz eta identitatez” jositako koreografiek bete zutela plaza, eta harriaz egiten diren kirolak antzeman zituztela Gasteizko Foru Plazan. Bitartean, Perurenak ikuskizunerako preseski egin zituen poesiak errezitatu zituen, eta horien bidez, harriaren mundura eraman zuen publikoa. Zuzeneko musika, berriz, Palacios txistulariaren esku egon zen, beste lau musikarirekin batera. Plazan, musika eta dantza ikuskizunaz gozatu zuten bertaratutakoek. Denera, hamabi dantzari, bost musikari eta Iñaki Perurena taularatu ziren ikuskizuna aurrera ateratzeko. Oraindik datak finkatzeke izan arren, datozen hilabeteetan emanaldi gehiago eskainiko dituztela ere aurreratu dute.
Hamar abesti dantzagarri Txistua, trikitixa eta harrizko txalapartaz gain, gitarra elektriko, bateria eta baxuaren soinuekin landu ditu abestiak Palaciosek. Lana, ordea, ez da erraza izan, tresna bakoitzak bere soinua duelako. Halere, lortu du “soinu borobila” izatea, adibidez, txistua eta txalapartaren kasuan. “Lan handia egin dugu, baina emaitzarekin pozik gelditu gara”. Hain zuzen ere, harrizko txalaparta izan da oinarria kantu askotan. Txistua, berriz, protagonista nagusia izan da, musika izan delako elementu guztien abiapuntu. Hamar kantuk osatzen dute proiektuaren izen bereko diskoa. Palaciosek ez du diskoa sailkatu nahi, bere esanetan, ez da pop edo folk hutsa, baina abestietan estilo horiek nabarmentzen dira, beti ere euskal musika tradizionalari begiratuta. Hau da, gaur egunera ekarrita. Gitarra elektrikoak, bateriak, baxuak, trikitiak eta harrizko txalapartak gorpuzten dituzte txistuaren doinu leunak, abesti alai eta dantzagarriak sortuz. Euskal kulturaren sustraietara itzuli dira proiektua sortzerako unean.
Harria ez da diskoa bakarrik, ezta ikuskizuna bakarrik ere. Ikuskizuna eta diskoa da, bere osotasunean. “Publikoari zerbait gehiago eman behar zaiola uste dugu, eta horregatik diskoa edo ikuskizuna bakarrik egitea uste dugu ez dela nahikoa”, dio Palaciosek. Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu zuten diskoa. Bakarka izan zen grabaketa, baina zuzenean egin zuten musikariek, Palaciosen hitzetan, “freskotasun puntua” izan zezan. Orain dela bi urte Lurra, ardoa, dan-tza egitasmoa aurrera eraman zuten Palacios eta Sanchezek. Kasu horretan, Arabako Errioxan oinarritu ziren abestiak eta dantzak sortzeko.
Txistuaren mundu zabala Basauriko Musika Eskolan irakasle da Palacios eta txikitatik jotzen du txistua. Euskal Herriko Txistu Txapelketa irabazi zuen Hernanin, 16 urterekin, eta kontserbatorioan ikasketak egin ditu. Baxua eta gitarra elektrikoa ere jotzen ditu, baina txistularia da oroz gain Iñaki Palacios. Gazteei txistua erakargarria egiten saiatzen da orain. Ez da lan erraza, bere esanetan: “Badirudi txistua bakarrik kalejira eta jaietako musika tresna dela eta oso gogorra dela, baina ez da horrela, goxoa da txistua, eta askoz gehiagorako ere balio du”. Hori da diskoan eta zuzenekoetan erakutsi nahi dutena. “Jendea harritu egiten da; ikuskizuna eta gero jende asko hurbildu zen nigana, esateko ez zekitela txistuak horrelako soinurik egiten zuenik”. Horregatik, helburua txistuak duen irudiarekin apurtzea da. Txistua ez delako mugatzen jai girora, eta musika tresna bat gehiago da.
Palaciosen aburuz, erreferenteak falta dira txistuaren munduan. “Gazteek ez dute txistua telebistan ikusten; gitarra, ordea, bai, eta horregatik nahiago dute. Txistua beti ezkon-tza eta jai giroarekin lotu izan dute”. Trikitixaren egoerarekin alderatu nahi izan du Palaciosek. Trikitixa askotan plazetako musika tresna izan arren, baditu hainbat erreferente: Xabi Solano, Esne Beltza-n; Josune Arakistain, Huntza-n; Kepa Junkera... “Txistuan, ordea, oraindik ez da ikusi formaziorik non txistua uztartzen den gitarra, baxu eta bateriarekin. Helburua gazteentzat erakargarria izatea da”, azpimarratu du.
HARRIARI DANTZAN Koreografiak landu ditu Sanchezek, eta harria oso presente dago dantzan. Harri-jasotzaileak, harri-zulatzaileak eta harri-tiratzaileak, adibidez, presente daude. Harria bera formaz aldatzen joanen da hasieratik amaierara. “Harriari dan-tzatzen diogu eta omenaldia egiten diogu; oso hunkigarria da”. Ez da istorio bakar bat, baizik eta harriaren bueltako hainbat istorio txiki kontatuko dituztenak dantzaren bitartez. “Harriek hitz egingo balute, hamaika istorio kontatuko lituzkete; asko bizi eta entzun dute”. Askotariko istorioen testigu izan dira harriak eta horietako batzuk berreskuratuko dituzte dantzan, harriak nortasuna eta forma hartzen duen arte. Sanchez tradizioan oinarritu da mugimenduak sor-tzeko, baina “freskotasun ukitu” batekin. “Ez da dantza garaikidea; euskal dantza da gure oinarria, baina pauso berritzaileak sartzen ditugu”. Hain zuzen ere, 2016. urtean Mulixka dantza taldea sortu zenetik, haien bereizgarria da plazak eta antzokiak aire fresko eta berritzailearekin kutsatzea.
Prozesu honetan, asko ikasi dute Sanchez eta Palaciosek harriari buruz, eta, orain, harriarekiko ikuspuntu hori publikoari transmititzen saiatuko dira. Emozioetara heldu nahi dute ikuskizunarekin, txistu eta dantzarekin jendeak gozatu dezan. Dantzari estuki lotuta, txistuak musika instrumentu gisa duen baliagarritasuna aldarrikatzeko asmoarekin. Txistuak asko duelako esateko. Eta harriaren bidez, sustraietara jotzeko.