Donostia - Nafarroan jaiotako Juanjo Olasagarre idazleak (Arbizu, 1963) bizitza osoa darama idazten. 22 urte zituenetik hainbat nobela eta poesia bilduma argitaratu ditu: Gaupasak, Bizi puskak (1996) eta Puskak biziz (2000) poesia liburuak eta Ezinezko maletak (Susa, 2004) eta genero berekoa den T (Tragediaren poza) (Alberdania, 2008) nobelak. Azkenak, Ia hemen liburuak, 50 poema biltzen ditu eta pasa den urtean Xabier Lete poesia saria jaso ondoren, aurten Espainiako Kritika Saria irabazi du.

Xabier Lete Poesia Saria, Espainiako Kritika Saria... ‘Ia hemen’ poesia liburuak hain harrera ona izatea espero zenuen?

-Ez nuen esperantzarik, baina bidali nuen eta saria jaso ostean liburuan konfidantza handiagoa dut; beraz, pozten naiz sari hauek jaso izanaz.

Zure ibilbidea poesiarekin hasi zenuen, orain berriro argitaratu duzu poesia bilduma bat... genero hori gustukoen duzuna da? Defini-tzen zaituena?

-Ez nuke esango. Azken poema liburua 2001ean izan zen eta orain arte apunteak hartzen eta poemak egiten aritu naiz. Poesia idaztea gustuko dudala egia da, baina nobelak ere ida-tzi ditut. Oso gauza atsegina da, ez du etengabe lanean aritzea behar bolada batean. Nahi duzunean hartu eta utzi dezakezu azken bertsiora heldu arte, hori da poesia idaztearen gauzarik onena.

Lan hau patsadaz hartutako proiekua izan da orduan, ia bi hamarkadaz, 50 poema bildu arte.

-Bai, hori da. Poema gehiago egin ditut, baina sarira aurkezteko momentu batean batzuk biltzea erabaki nuen eta horiek salbatu nituela esango nuke.

Irakurleekin “zabaldu” zara oraingo honetan, ‘ni’an inspiratutakoak dira bildutako poemak.

-Bai, egia da. Gaztea nintzenean, nitik poesia liburu bat idatzi nuen, Gaupasak, eta garai hartan uste nuen poesia ni horretatik aldendu behar zela eta fikzioaren moduan eraiki behar zela; eta horregatik sortutako bi liburuetan ez dago halakorik, fikziozko pertsonaiak baizik. Baina orain bertan seguruago egon naiz eta iritziz aldatu dut, nitik idaztera berriro bueltatuz. Duela 20 urte kontrako gauza esango nizuke baina orain...

Horra bueltatuta... bide egokia dela uste duzu orain, jarraitu beharrekoa?

-Hori atera zait. Hala ere, nia eta ni poetikoa ez datoz beti bat. Baina orain errazago ateratzen zait ni poetiko hori. Seguraski helduagoa izango naizelako izango da.

Eta nobelari dagokionean, lehenengo pertsona eta autofikzioa erabiltzeari buruz zer deritzozu?

-Literaturan autofikzioarekin arazoak izaten ditut. Izan ere, pakto bat dago irakurlearekin, irakurtzen duena fikzioa dela esaten diozulako. Ez badiozu esaten akto hori lausotu egiten da, nire ustez. Autofikzioan oinarritutako gauza onak irakurri ditut baina fikziozko liburuak idazten erosoago sentitzen naiz ni.

“Gertatzen zaizkidan gauza guztietatik traszenditu nahi dut; bizitzari zentzua ematen dio poesiak” esan zenuen aurkezpenean. Zer suposa-tzen du poesiak zuretzat?

-Nik adierazi nahi nuena da ez naizela fedededuna, baina uste dut bizitza bizitza baino gehiago dela, edo horrela bizi nahi dut, behintzat. Poemak lurretik 30 milimetro altxatzeko era bat dira, zentzua ematen diotena. Poemek esperientziak transmititzen eta irakurleak elebatzen laguntzen dute.

Modu horretan bizitzari buruz hausnartzeko, beraz?

-Bai, hausnartzeko eta baita zure burua elebatu eta hala bizitzak flui-tzeko.

Zailagoa iruditzen zaizu irakurlegoarengana heltzea poesiaren bidez edo nobelaren bidez?

-Ez dakit... bi modutara ikusi ahal da. Edonola ere, zaila da jendearengana heltzea, izan ere oztopo handi bat dago: modu oblikuoan irakurtzen da gaur egun, hizkuntzak berak batzutan zaildu egiten du... nik idazten dut ez dakidalako beste gauzarik egiten, ohitura txar hori daukat.

Orain, zure esperientziatik jaiotako obra izanda... irakurlegoarekin harremana estuagoa sentitu duzu?

-Bai, poemekin errazagoa da. Hala ere, poz aldrebesa izan nuen aurreko obra batekin, nahiko zaila suertatu baitzitzaion irakurlegoari. Ez zaio ondo heldu nahiz eta indar asko jarri.

Zer suposatzen dute zuretzat jasotako sariek?

-Sariak istripu politak dira nire ustez. Sari batek ez du ezer esan nahi, diru eta animo pixka bat besterik ez... Izan ere, liburu on asko ez dira sarituak izan, edo sarituen gainetik daude... Hala ere, batzuek erabaki badute Kritika Saria ematea eskertzen dut eta animoa ematen dit, baina beti kontuan hartuz istripuak direla.

Lanen batean murgilduta zaude momentu honetan?

-Bai, idazleak beti ibiltzen gara zeozertan, baina nahiago dugu ez aipatu. Hori bai, ateak itxi gabe eta denetarik egiten: poemak, nobelak...