Historiako orrietan isilaraziak izan diren emakumeen ahotsak entzunarazi eta emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu eta zabaltzea du xede Emeek emana erakusketa ibiltariak. Maiatzaren 17rarte, Andoaingo Bastero kulturgunean ikusi ahal izango da argazkiz osaturiko erakusketa ibiltaria, dagoeneko Gipuzkoako hainbat herritan ikusgai izan dena. Emakumeak dira argazkiz eta kontakizunez osaturiko erakusketa honen protagonistak, “ez bakarrik gertatu zitzaienagatik, baizik eta eurek egin zutenagatik”. Halaxe diote erakusketaren antolatzaile den Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek.

Izan ere, bilduma honetan ageri diren emakumeak gerra eta frankismo garaiko biktimak izan ziren, baina baita protagonistak ere. Hala, erakusketaren bidez, “emakumeen zeregin aktiboa” azpimarratu nahi izan du elkarteak. “Memoria historikoa lantzen hasi ginenean, hasieran dena zen guda, borroka, trintxerak eta fusilatuak. Baina konturatu ginen bi mundu paralelo zeudela, eta horietako bat emakumeena zela”, azaldu dute. Elkarteko kideen esanetan, “oso garrantzitsua da memoria inklusibo batean emakumeen begiradak eta esperientziak ikusaraztea. Frankismoaren garaian, emakumeak ez ziren bakarrik biktimak izan, borrokalariak eta sortzaileak ere izan ziren”, azpimarratu dute antolatzaileek.

63 ARGAZKI

Begirada kritikoa eta hausnarketa bultzatu nahi duen erakusketa honetan 63 argazki jasotzen dira. Emakumeak dira protagonista guztietan. Mauro Saravia argazkilariak egindako argazkiek osatzen dute erakusketa. 2015 eta 2016an egindakoak dira argazkiak, Intxorta 1937 Kultur elkarteak emakumeon biografiak osatzeko egindako elkarrizketen uneetan. Horietatik 11 ez dira emakumeen erretratuak. Izan ere, elkarteko kideak testigantzak jasotzen hasi zirenean, emakume batzuk hilda zeudela ohartu ziren, baina antolatzaileek ikusi zuten garrantzitsua zela haien berri ematea. Hala, kasu hauetan, emakume haiek irudikatzen dituzten elementuak daude, argazkien ordez.

Emakumeen aurpegiak ageri diren argazkien kasuan, erretratuan ageri den emakumearen biografia motz bat azaltzen da, eta, zenbait kasutan, baita beraiekin lotura duten zenbait objektu ere. Horrez gain, erakusketan bertan ikusi eta en-tzun daitezke pertsona guzti horien elkarrizketen laginak, 6 eta 9 minutu arteko bideoetan jasoak. Gainera, erakusketa bisitatzen duenak, argazkiak ikusteaz gain, katalogo bat ere izango du eskuragarri. Bertan, 63 argazki horiek agertzen dira, txuri-beltzean, emakume bakoitzaren biografia luzeago batekin.

Erakusketan ikus daitezkeen emakumeak anitzak dira, joera politiko ezberdinetakoak eta hainbat eremutan ibilitakoak, baina komunean ezaugarri bat partekatzen dutenak: bizirik irauteko nahia. Hala, protagonistak hainbat eremutan sailkatuta ageri dira: gerrako frontean egon zirenak, bonbardaketaren lekukoak, emakume fusilatuen alabak, erbesteratuak eta herritik kanporatuak, besteak beste. Antolatzaileek diotenez, “ikuspegi ezberdina eta anitza bildu nahi izan da, errealitatea lubakietako borrokatik haratago baitoa. Euskal emakumeen memoriaz, historiaz eta haien sormen eta berritze gaitasunaz ari da, sekula kontatu ez den eta berreskuratu beharra dagoen historian barrena ibilbidea eginez”.

MEMORIA BERRESKURATU

Debagoienako Intxorta 1937 Kultur Elkartea 2005ean sortu zuten Eibar, Arrasate, Bergara, Elgeta, Oñati eta Aretxabaletan memoria historikoa lantzen ari ziren taldeek. Aurretik, 1986an, Arrasateko zeinbait pertsona kolpista frankisten aurrean erresistentzia jarri zuten pertsonen memoriaren berreskurapenaren alde hasi ziren lanean. Ordutik, asko dira Intxorta elkarteak egin dituen liburu, ikus-entzunezko, hi-tzaldi, erakusketa eta omenaldiak. Emeek emana argazki erakusketa ibiltaria da egitasmo horietako bat, dagoeneko Gipuzkoako dozena bat herri baino gehiagotan ikusgai izan dena. Erakusketa honen aitzindaritzat 2012an Arrasaten egin zuten 1936: emakumeak, gerra eta errepresioa dokumentala dago, baita ere 2016an errepresioa jasan zuten 40 emakumek Elgetan jaso zuten omenaldia.