Alarmak pizten zaizkit egileak idazketaren ahalmen sendagarriez hitz egiten hasten direnean, esperientziak irakatsi didalako, halakoak aipatzen dituztenean, ez direla ari hurkoa -balizko irakurlea- osatzeaz, beren buruak sendatzeaz baizik; haien liburuek, Frantziako Kapeto etxearen ondorengoen eskuen an-tzera, ahalmen benetan taumaturgikoak balituzte sikiera, eta errege haiek eskuak soilik ezartzearekin bezala irakurlearen eskrofula gaitza desagerrarazteko boterea balute -tira, gripe soil bat sendatzearekin konformatuko nintzateke-, ez nuke purrustaka egingo. Baina, tamalez, ez dira horretaz ari, beraien buruaz baizik. Ez dakit Niaren Literaturaren gorakadarekin zer ikusia daukan, baina irudipena daukat azken aldi honetan mota horretako adierazpenak biderkatu direla, baita euskal letretan ere. Alaine Agirrek behin baino gehiagotan egin ditu zentzu horretan: “Niretzat liburu hau idaztea desinfektatze prozesu bat izan da: batetik, barrura begiratzea izan da; bestetik, zauriak ditudala ohartzea, eta, azkenik, horrek sendatzen laguntzea”. Hona, bestalde, Martin Bidaurrek bere estreinako poemen bildumaz esan zuena: “Prozesu terapeutiko baten bitartean sortutako liburua da, eta zentzu horretan nire-tzako balio terapeutikoa izan du liburuaren idazketak. Bertan ageri diren gauza asko kanporatu behar nituela uste dut, nolabait onartu eta gainditu ahal izateko”. Joera hau, esan gabe doa, ez da gure mundura mugatzen, sorkuntzarekin lotutako alor guztietan aurki baitaitezke halakoak; hauxe, adibidez, Eraul taldeko Asier Beramendiren bat: “Nire helburua ez da abesti onak egitea, baizik eta sentimenduak kudeatzea, terapia moduan”. Alajaina.
Eta nik ez dut zalantzan jartzen hala denik: psikiatria eta psikologia eskola askok idazketa erabiltzen dute beren terapien osagai esanguratsu bezala, ez alferrik. Baina ez dudana horren garbi ikusten da bulkada autosendatzaile horren eta obratutakoa argitara ematearen arteko lotura, zeren eta idazteko edo sortzeko zio nagusia norberaren osasuna balitz, emaitza tiraderan gordetzearekin nahikoa izango litzateke, imajinatzen dut. Ni, horretan, bat nator Félix Ovejero pentsalariak bere El compromiso del creador. Ética de la estética liburu bestela eztabaidagarrian kontu horretaz esaten duenarekin (Galaxia Gutenberg 2014): “(Arteetan) norberaren burua gauzatzea ez da helburua, baizik eta helburu baten atzetik joatearen -eta lortzearen- ondorio bat. Zoriontasuna bezala. Autoerrealizazioa eta zoriontasuna saiheska konkistatzen dira, konkistatzen direnean, beste gauza batzuen atzetik gabiltzanean, zoriontasunaz edo autoerrealizazioaz beste. Ahalegin bat erremata-tzen tematzen naiz eta, azpiproduktu gisa, lortzen dudanean, autoerrealizatzen naiz. Nik bilatzen dudana, bilatu dezakedan bakarra, eta beharrik lortu nuena, obra on bat zen (...), ez autoerrealizazioa edo zoriontasuna. Nire helburua (...) ez da zoriontasunerako tresna, iristen dena, iristen bada, loa egunaren amaieran iristen den bezala”.Literatura autosendatzailea, alde horretatik, Orfidala bezalakoa litzateke: aitzakia bat, bidezidor bat, idazketaren benetako helburuarekin zer ikusi oso zeharkakoa izango lukeena.
Beno, agian konparazioa behartuegia atera zait, baina, aizue, ze gustura geratu naizen artikulua idatzita: osasuntsuago sentitzen naiz orain?