Patxi Ezkiaga (Legorreta, 1943 - Irun, 2018) poeta handi, errealitateaz haragokoaren bilatzaile eta Athleticeko jarraitzaile porrokatua izan zen. Bitxia lirudikeen arren, hiru ezaugarriok badute zerikusirik. Alta bada, interpretazio hori tabernako edozein sasi-eztabaida baterako lagako dut.
XIX. mendetik hona, poesiaren soka luze batek, hala nola, bakoitzak bere erara, Hölderlinek, William Blakek, Walt Wiltmanek, edota Rilkek ehundu poesia motaren zaintzaile preziatuenetako bat dugu Ezkiaga. Hau da, errealitateak eskaintzen dion interpretazioa bereganatzea da poetaren eginkizun nagusia, ez errealitatea bera, poetari bizitza transzenditzeko aukera eman diezaiokeen interpretazio diferente bat, alegia.
Balea Zuriak, haren obrari eginda omenaldi honetan, non Felipe Juaristiren poetaren hitzaurrea eta Maixa Zugaztiren hitzatzea ondo ekarriak baitiren, antologia labur bat paratu du poema argitaratuekin eta orain arte argia ikusi gabekoekin, Krisalida azken atalean bilduak azken hauek. Berriro bitxia gerta badaiteke ere, poesiaren fun-tzioaren gaineko azken poema argitaratu gabeok iruditu zaizkit liburuko ahulenak. Litekeena da, bizi-tzaren hondarretan idatziak izanik, poesiaren eta poeta beraren azken xedeaz aritzeak poesiari kalte egitea.
Ezkiagak bere ibilbide poetiko osoan jorratu dituen gaiak biltzen ditu liburuak: heriotza eta bizitzarekin eraiki harremanak (“Erbeste izanda ere, bizitzak beti dauka / heriotzak baino edertasun handiagorik...”), denboraren iragana, naturak iradokitako transzendentziarako uneak, poetak bizitako hiri ezberdinen leku-oroimenen deskribapen kasik mistikoak, eta baita gai sozialak ere, industrializazioaren ajeak azaleratuz.
“Oi zein tristea den / hilkortasunaren eztena / somatzea eta hilkorra izatea, izatea...”. Blues bat bizitzari (Balea zuria, 2018) honek, halaber, izkin egin nahi dio hilkortasunaren patu krudelari, poetak ondotxo baitaki herioren aurrean bizitza dugula irtenbide bakar, poesiarik izango ez balitz. Hortaz, Ezkiagak, gauza guztien gainetik, bizitzari egiten dio gorazarre.
Liburuak aurrera egin ahala, Ezkiagaren unibertso uste baino dibertsifikatuarekin egingo du topo irakurleak. Poetak, halere, gardentasun poetikoa aurkitzean emango du hoberena. Arestian, poeta handia aipatu dut, handi horren atzean dagoena argitu gabe: handitasun hori gardentasun leun eta neurtu batetik datorkio legorretakoari. Udazkeneko hamar kanta atalean argiro erakusten du, molde txikian eta haikuetatik hurbil. “Iluntzen ari du, / otzantasunez ari du / iluntzen / eta mundua gris marengo / ilunez / ari zait janzten. / Baina nik badakit bizitzak / bakarrik eman diezagukeela / bizitzaren onena.” ederrarekin zabaltzen du Zazpigarren kanta.
Ezkiaga joan zaigu, haren bizitza joana da honezkero, baina haren poesiak hor dirau, errealitatearen interpretazioarekin jarrai dezagun etengabean. Arteetan, otoi, bizitzak eman diezadala Ezkiaga irakurtzen jarraitzeko aukera, besterik ez bada.