Parot doktrina baliogabetu ondoren, ETAko militante saldo bat aske geratu da. Gehienek hogei urtetik gora zeramatzaten preso. 2013. urtea da. Zer aurkitu dute sorterrira itzultzean? Une historiko horri helduta idatzi du Pako Aristik (Azpeitia, 1963) Rosa itzuli da (Erein). Gaiari heltzeko bi arrazoi izan dituela dio idazleak: lehena, preso horietako batzuk lagun zituela, nahiz eta azkenaldian gutxitan ikusi zuten elkar. Bestea, preso zeuden beste batzuekin gutun bidezko harreman luzea zuela, eta aske geratzean ezagutu zituela aurrez aurre. “Literaturaren ikuspuntutik, abantaila handia izan da niretzat preso horiekin edukitako gutun bidezko harremana. Eskutitzen bidez gehiago agertzen dugu gure barrukoa, aurrez aurre poteatzen ari garenean baino”, dio Aristik.
Erregaiari su eman ziona, ordea, preso horien inguruan Aristik an-tzeman zuen ebidentzia bat izan zen: “Dozenaka preso horiek gure historiaren halako edo bestelako protagonistak dira, dudarik gabe. Hainbeste urtez kartzelan egon ondoren, kalera irten eta ez genituen inon ikusten, ez egunkarietan, ez telebistan, ez ia inon. Estigmatizatuak zeudela sentitzen nuen, eta hala sentitzen ziren haietako asko ere. Erbesteratuta, baztertuta”, azaldu du idazleak. Sentipen horietatik sortu zitzaion, hain zuzen ere, Rosaren istorioari ekiteko grina.
Joandakoak eta itzulitakoak Zer zuten esateko urte luzez kartzelan egondakoek? Nola aurkitu zuten beren herria, jendea eta giroa? Zeintzuk ziren kartzelara joandako horiek? Nortzuk bueltan zeudenak? “Gai sakonak daude pertsona hauen existentzia ez konbentzional horretan, eta interesgarria iruditu zait pertsona horietan zentratzea nire fikziozko eleberria”, azaldu du azpeitiarrak. Rosaren pertsonaia ondu du horretarako: “emakume konplexua da Rosa. Oso lotsatia gaztetan, ETAn sartu zen gero, komando batean, eta sekulakoak egin zituen. Rosari ez zaio gustatzen horri buruz hitz egitea, eta eleberrian apenas hitz egingo du horretaz. Ez da akzio nobela bat, bere garaian gertatutakoen inguruko gogoeten bilduma baizik”, argitu du Aristik.
Istorio kolektiboa izan arren, lehenengo pertsonaren ahotsaren intimismoa aukeratu du idazleak eleberrirako. Hiru pertsonaia nagusiren bueltan garatzen da istorioa, baita pertsona absente baten inguruan ere, hilda dagoena eta “guztien bizitza aspaldi markatu zuena”. Memoriari buruzko nobela dela dio idazleak, “iragan ahazgarri baten ahaztu nahiaren eta alzheimerraren oroitu ezinaren artean zaunka doana”. Belaunaldien arteko transmisioaren garrantziaz ere aritu da Aristi liburuan: “Zer kontatzen dieten gurasoek seme alabei, eta zer pisu duen ezkutatzen den informazio horrek seme alaben ibilbide existentzial horretan”.
Hitzen borroka Istorioaren gibelean agertzen da borroka armatuaren aukera, itzala edo kondena. Izan ere, etengabeko gogoetari eutsi dio Aristik, zein hitz erabili errealitatea deskribatzeko: “Sektore edo kolektibo bakoitza saiatzen da etiketa bat itsasten bere errealitateari, zentzua izango duelakoan errealitate horrek bere bizitzan. Logikoa da, beraz, etiketek askotan talka egitea haien artean, gertaera bera hitz ezberdinekin deskribatzen dugulako. Nola definitu gertatu dena? Irakurleak badu liburuan hausnarketarako parada”, aurreratu du idazle azpeitiarrak.
Nobelak baina, susmo bat du oinarrian: “Hainbeste hamarkada iraun duena ezin da terrorismo hutsera laburtu, honen aurretik zeuden menderakuntza baldintzarik gabe ezin delako borroka armatua azaldu. Zer izan zen ETA?”, galdetu du idazleak. “Estatu Espainolaren legitimazio ahalmenak ezarri digun diskurtso hegemonikoa baino zerbait gehiago izan dela, ziur. Eran-tzun idealista bat? Erantzun trakets bat? Kimera bat? Irakurleak erabakiko du hori”.
IRAGANA, ORAINA ULERTZEKO
Eleberria delikatua izan daitekeela uste dutenentzako hausnarketa luzatu du Aristik: “Egun dena da delikatua. Gizartean sumatzen da halako beldur bat, inposatutako beldurra, gauzei buruz libre hitz egiteko, eta noski, botereari komeni zaiona ez ukitzeko. Zenbait estrategia politiko saiatzen dira iragana estaltzen, eta hori gabe ez dago oraina ulertzerik. Historia disimulatu eta zapuztu nahi duten horiek sortutako distantziak laburtzen ahalegindu naiz eleberrian, ertzak ba-tzen”, azaldu du Aristik.