GASTEIZ. Horiei guztiei, aurretik iragarrita zeuden talde eta artistak gehitu behar zaizkie, besteak beste, Joan Jett and The Blackhearts, Gluecifer, MC50, Turbonegro, The Beasts of Bourbon, Man or Astro-Man?, The Dream Syndicate, Nebula, Lords of Altamont edo The James Taylor Quartet.
Van Morrisonek Them taldearekin hasi zuen musika ibilbidea, eta bakarka jada 30 disko baino gehiago daramatza. R&B, jazz, blues eta folk doinuekin jolasten du, eta "aparteko karisma" dauka. Sei Grammy eta Brit sari bat lortu ditu, eta Rock and Roll Hall of Fame zerrendako kidea da 1993tik.
Bestalde, Mott The Hoople R&B britainiarraren talde handienetako bat da. 1969an debutatu zuen, baina oihartzuna glam garaian lortu zuen, David Bowiek taldearentzat idatzi zuen "All The Young Dudes" abestiarekin. Ian Hunter eta Mick Ronson taldean zeuden garai hartan, eta AEBetatik bira egin zuen Queen, Kansas eta Aerosmith hasierako talde zirela.
DEAD CROSS ETA NCC
Halaber, Dave Lombardok (Slayer, Suicidal Tendencies) eta Mike Pattonek (Faith No More) duela urtebete inguru sortu zuten Dead Cross. Retox eta The Locust taldeetako kideekin batera, abiadura biziko hardcorea egiten dute. Taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuten joan den udan.
Gainera, Nuevo Catecismo Católico (NCC) talde donostiarra ere Azkena Rock jaialdian izango da. Zenbait rock kritikariren arabera, La Perrera talde mitikoaren errautsetatik sorturiko banda "Europako punk rock talde onena" da, eta Mendizabalan bere 25. urteurrena ospatzen izango da.
Azkenik, The Soul Jacket talde galiziarra "Ruta 66" aldizkariaren gonbidatu gisa izango da Gasteizen. Allman Brothers, Bob Dylan, Fleetwood Mac bluesenak eta country rock musika dira eraginak.