Ttakun, ttakun. 1987ko uztailak azken eguna du. Oiartzunera hurbildu gara On Manuel Lekuonaren hileta elizkizunera. San Esteban parrokiarako bidean txalaparta hotsa entzuten da. Eliz atarian Joxean Artze, anaiarekin batera, makilak oholaren aurka astintzen, Oiartzunera hurbildu direnei ongi etorria ematen. Memorian txertatuta geratu zaidan irudia da. Nire pentsamenduen aldarean goratuta neukan poeta egur-ohol apalei kolpeka, estimu handitan zuen Lekuona zaharraren omenez. Ar-tzeren izaera umilaren argazkia.

Ikimiliklik. Bat-batean memoriak beste irudi bat dakarkit gogora: bi liburuxka, kartoi koloreko portada zutenak, Sasi guztien gainetik eta Laino guztien azpitik, Arzabal izeneko batek idatziak, eta Josu Luis Zumetaren irudiz osatuak. Artzerik abangoardistena. Pentsa nolako inpresioa sortuko zuen 1973ko euskal gizarte txiki hartan liburu haiek zekarten proposamen garaikideak, orrialdeak modu anarkikoan zeharkatzen zituzten letraz eta margoz, poemaz eta irudiz osatutako argitalpen hark. Eta barruan hainbat poema, gure memorian geratuko direnak, euskararen musikalitate fonetikoa, gure hizkuntzaren hotsik berezienak, arte idatziaren osagarri bihurtzen zutenak.

Gizon handi bat. Eta guztiaren gainetik, pertsona. Joxean Artze, gizatasunez betetako izakia zen. Ahotsagatik eta hizkeraren indarragatik, itxura serioa ematen zuen, baina gizon atsegina zen, abegitsua eta irekia. Maitagarria.

Mundu ttiki bat. Gure historia txikian arrastoa utziko duen sor-tzailea joan zaigu, batez ere Laboaren musikari lotuta gure kantutegian gordeko ditugun abestien bitartez. Bere esaldi ikonikoak ere hormetan zintzilik ikusiko ditugu. Eta txalaparta jo-tzeko moduak izan duen eboluzioak Artze izan beharko du gogoan, hark berpiztu baitzuen, eta baserri-girotik atera eta oholtzara eraman. Pertsona eta poeta galdu ditugu. Haren obra geratuko zaigu, euskal poesiak, bere ibilbide laburrean, izan duen sortzailerik berezienetako batek edukiz, formaz eta musikalitatez oratua, gure mundu txikian. Goian eta gogoan bego.Kultura sailburua