Isilune esanguratsuak besarkatzen du Bertsolari Exhibition Center ezizenez bataiatu den Barakaldoko erakustazoka. Bertsolari Txapelketa Nagusia hasi berri da eta sarrerako kontrol-mahaian “dena kontrolpean eta lasai” dagoela ziurtatu dute pozarren. Izan ere, nabarmentzekoa da antolakuntzaren lan prestua. Ez baita erraza 14.000 bat lagun isilik eta bere eserlekuetan txintxo manten-tzea. Baina, beharrezkoa da: bertsolariak kon-tzentrazioa behar du eta isiltasunari heltzea premiazkoa da, sormen zorrotzaren mesedetan.

Zentzu horretan, txalogarria da jendartea eta zortzi bertsolarien arteko konplizitatea. Baita sinkronizazioa ere: bertsozaleek bertsolariekin bat egiten dute irribarre egitean nahiz bertsoak kantatzean.

Bertsoaldien artean, zaleak ziztu-bizian abiatzen dira komunera edota tabernara. Prezio zerrenda, portzierto, nahiko arrazoizkoa da, hots: garagardo bat, 2,50 euro; konbinatua, 6,50 euro edota ardo botila bat, 10 euro. Beharrezkoa izango baita indarrak berritzea: egun luzea dago aurretik.

Inguruetan, gurasoren bat ume txikiekin ere ikus daiteke. Aita batek bere seme-alabekin jarraitzen du finala tablet baten bitartez, zuzenean... baina pantailan, BEC-eko pasilloan patxadaz eserita.

Bertsolaritzaren sasoi onaren seinale da gazte andana topatzea. Donostiatik etorri dira esaterako Miren, Iñigo eta Maialen. Bere lehenengo finala da eta oso ondo pasa-tzen ari ei dira. Hori bai, faboritorik gabe datozela aitortu dute, barrarako hilaran zain daudela. “Agian kinielaren bat egin beharko dugu, bai”, diote irribarrez.

Mintzola Terrazatik ere adi-adi jarraitu dira bertsoaldiak, Kurdistanetik Andaluziara, inprobisazioaren ordezkariak bertan bildu direla.

Esaterako, Josep Vicent Frechina, ahozkotasunean aditua, Valentziatik etorri da bere estreinako Bertsolari Txapelketa Nagusia ikustera. Goizeko tarte batean egin dugu berba berarekin, eta “emozio handiz” bizi ari dela baieztatu du. “Inoiz ez dut ahaztuko bertsolarien sarrera jendartean, bereziki hunkigarria iruditu zait une hori”, adierazi du. Giro polita eta berotasun nahiz energia kolektiboak ere goraipatu ditu, txaloen esanahi bitxia sumatu duela: “Bertsolariei txalo egiten dietenean, euren buruei ere egiten diete keinu hori”.

Ikertzaileak aitortu duenez, lehendabiziko saioa hasi bezain pronto “etengabe” aritu da oharrak hartzen, bere ikerketarako izugarri baliagarria izango den materiala baitauka final honetan. “Orain arte bertsolari txapelketen bideo ugari ikusi eta ikertu egin ditut, baina ez dauka zerikusirik zuzeneko zirrara honekin, noski”. Beste nazioarteko gonbidatuekin berbetan, hainbat ikuspuntu bildu ditu ere bai. “Batzuentzat isiltasuna da adierazgarriena; beste ba-tzuei, berriz, sakontasun poetikoa iruditzen zaie aipagarriena”, azaldu du. Bere aburuz, “dardara kolektiboa” da gehien hunkitu duena. “Hainbat kultura bildu gara txoko honetan, eta horrek ezinbestez zure begirada aberasten du”, eskertu du valentziarrak, zeinak hizkuntza eta kultura gutxituekiko “elkartasun osoa” nabarmendu dituen.

Pertsonaiak Jendez gainezka den Bizkaia Aretoan, aurpegi ezagun ugari ere badira. Hala nola, Eusko Jaurlaritzatik, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Jose Angel Maria Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea; Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatua; Igone Martinez de Luna Arabako Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola diputatua eta bere homologoa Gipuzkoako Aldundian, Mikel Irizar; Maria Roncesvalles Solana Nafarroako Hezkuntzako kontseilaria eta Gobernuko eleduna; Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria; Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea eta Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria, besteak beste.

Halaber, euskal kulturaren adierazle diren Gontzal Mendibil abeslaria, Andoni Egaña eta Xabier Amuriza bertsolariak, pertsonaia entzutetsu bakan batzuk aipatzearren.

Guztiek hala guztiek emozioz bizi dute bertsoari eskainitako omenaldi zirraragarria. Maialen Lujanbio txapeldunaren esanetan, jantzi berri duen txapela “gerokoentzat” baita, askotariko adin, herri eta sentsibilitate bildu eta bilduko dira Bertsolari Txapelketa Nagusian.