Ipuinak maite ditu Arantxa Iturbe (Alegia, 1964) idazle eta kazetariak. Buruan gordetako batzuk paperera eraman ditu argitaratu berri duen Honetara ezkero ipuin bilduman (Susa). Hogeita bederatzi narrazio bizkor, maleziatsu eta ironiaz jositakoak, irakurlearen irribarre “gaiztoa” azalera-tzea helburu dutenak. Gustura egindako lana da eta irrati esataria poz-pozik geratu da emai-tzarekin: “Hau da nik kontatzeko dudana eta hau da kontatu nahi dudana”.

Urte hasieran ‘Koadernoa zuri’ nobela argitaratu zenuen eta urte amaieran, berriz, ‘Honetara ezkero’ ipuin bilduma. Urteak dira narrazioz osaturiko liburuak ez zenituela argitaratzen. Zergatik heldu diozu orain ipuingintzari?

Gogoa nuen ipuinak idazteko. Koadernoa zuri argitaratu genuen martxoan, baina hiru urte lehenago idatzita geneukan. Eta momentu horretan konturatu nintzen burua ipuinez beteta nuela. Urteak dira ez dudala istorioei buruz ezer argitaratu eta beti ditut ipuinak nirekin, eta horri heldu nion. Momentua iritsi zen: banuen gogoa eta denbora idazteko, baina batez ere gogoa. Koadernoa zuri argitaratu eta segituan buruan gordeta nituen mila ideia horiei forma ematen hasi nintzen. Sekulako gozamena hartu dut, seguruenik inoiz ez bezala, poz-pozik nago.

Hogeita bederatzi narrazio bildu dituzu, laburrak eta bizkorrak. Zure idazteko modua ere horrelakoa izan da?

Oso azkar idaztekoa naiz, oso azkar hitz egitekoa, eta oso azkar egiten dut dena. Gorka Arrese editoreak eman zidan ipuin bizkorren definizioa. Oso eskertua nago berarekin, nire lan egiteko moduarekin asmatu du erabat. Azkar idatzi dut, inoiz baino bizkorrago, baina, era berean, inoiz baino gehiago begiratu ditut narrazioak, zuzendu eta kimatu ditut. Eta posible zen neurrian, inoiz baino gehiago landu ditut bere laburrean eta bere bizkorrean ipuin guztiak.

Labur idaztea gehiago kostatzen da?

Oso kontu zabaldua da irakurleen artean labur idaztea errazagoa dela luzea idaztea baino. Jende guztiak galdetzen dizu noizko argitaratuko duzun eleberria, laburmetraiak egiten dituzten zinegileekin gertatzen den bezala. Nik ez dut inoiz pentsatu nobela bat idaztea, ez dakit ahalmenik edo gaitasunik izango nukeen egia esan, ez naiz horretara jarri. Koadernoa zuri ere ez da nobela bat bere zentzu konbentzionalean.

Oraingoan, labur idazterakoan, bai izan dut sentsazioa ipuin luzeagoak idatzi nitzakeela. Baina beste zerbait da gustatzen zaidana, irakurle bezala ere. Irakurle bezala badakit zer sartzen zaidan ongi belarrietatik eta saiatu naiz idaztean horrela egiten, laburrean. Kontatzen hasiz gero, luze jarduteko ahalmena dugula uste dut, baina zalantza dut luze idatziz gero mozteko gaitasun hori hain erraza izan ote den. Bestalde, luze idazteak bai eskatzen du diziplina, konstantzia bat, denbora, istorio batean sartzea.... 53 urte ditut eta ipuin batzuk idazteko 53 urte behar izan ditut.

Nondik hartu dituzu istorioak? Asmatutakoak, zuk bizitakoak edo kontatutakoak dira?

Denei lapurtu diet, baina inoiz ez ditut bere horretan idatzi. Lagun batek kontatutakotik abiatu naiz zenbaitetan, irratian entzundako elkarrizketa batetik, pasabidean entzundako elkarrizketa batetik, imajinatutako eta asmatutako egoeretatik.... Egia da lapurra sentitzen naizela, idatzi edo sortzen duten gehienak bezala, pentsatzen dut; baina lapurra zentzu onenean, zerbait entzun eta harridura edo zerbait sortu eta kontatu beharra daukat, nire erara. Baina oso nire sentitzen ditut ipuinak. Honetara ezkero, nireak dira denak.

‘Terapia’ narrazioan ulertzen du irakurleak liburuaren izenburua. “Honetara ezkero edo hemendik aurrera da kontua”, esaten du protagonista batek. Narrazioan “hemendik aurrera” erabaki-tzen dute. Zuk ere hori erabakitzen duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Iruditzen zait bizitzaren jarrera pozgarrienetakoa izan daitekeela egoera gogor, desatsegin edo erremediorik gabeko batean aurrean ateratzeko hemendik aurrera dela jarrera posible bakarra. Hala ere, sentsazioa dut hori pentsatu arren, gehienok, honetara ezkero egiten dugula, bai adinagatik, beldurragatik eta aldaketak ematen diguten bertigoagatik ere. Gazteek es lo que hay esaten dute, baina ez du zentzu bera. Modu ironikoan edo ardurei uko egiteko esaten dute. Adinean aurrera joan ahala jabetzen zara zenbat gauza egiten dituzun honetara ezkero, pentsatzen jarri gabe, eta zein ederra litzatekeen momentu batean esatea honetara ezkero horrela gaude, baina hemendik aurrera zer egin dezakegun egoera konpontzeko, baztertzeko, ahazteko edo nahi duguna egiteko. Hemendik aurrera batek posible izan behar du honetara ezkero guztietan, egoera edozein dela ere eta bizitzako edozein alorretan. Lanpostu batean urteak pasa ondoren, ez dit balio norbaitek esatea honetara ezkero hau da egiten dakidana. Beti saiatu behar duzu hemendik aurrera egitea zure bizitzaren satisfaziorako eta zure buruari begira.

Zuk asko erabiltzen duzu ‘honetara ezkero’ espresioa egunerokoan?

Bai, asko erabiltzen dut, ironia handiarekin. Eta seguruenik nire inguruan bizi dudan egoerekin zerikusia du idatzitakoak, bizitza errealeko egoerekin. Honetara ezkero izenburua jarri nuen ironia puntu batekin: urte asko ziren ezer argitaratu gabe, azkenekoak enkarguak ziren, eta esan nion nire buruari: honetara ezkero badut ordua zerbait egiteko eta honetara ezkero hau da nik kontatzeko dudana eta hau da kontatu nahi dudana. Horregatik da honetara ezkero eta hemendik aurrera.

Narrazioak oso diferenteak dira, baina ‘honetara ezkero’ hori da elkargunea?

Horrela pentsatu nahi dut eta hori da helburua. Egoerak oso diferenteak dira. Adibidez, ipuin bat gaizki ulertu batean dago oinarrituta. Neska bat maitemintzen da mutil batekin eta esaten dizkion gauzekin pentsatzen du musikaria dela, eta bere lilura horretan, mutilak gauza asko kontatzen dizkion arren, bere buruan du musikaria dela. Lilurak harrapa-tzen du erabat, egia agertzen doan arren ipuinean zehar. Norbaitek esan dezake, ipuin honetan non dago honetara ezkero? Honetara ezkero berarentzako musikaria dela. Eta irakurleak pentsatuko du: Honetara ezkero konturatuko zen itsututa dagoela eta guztia gaizki ulertu bat izan dela. Egoerak oso muturrera eramanda daude batzuetan. Ipuin bakarrean agertzen da honetara ezkero idatzita baina guztietan, inplizituki bada ere, badago. Ipuin bakoitzari aplika dakioke honetara ezkero espresioa.

Ipuin guztiek dute sorpresa amaieran, eta irakurleak amaitu arte ez du jakingo zer den gertatu dena. Hori zen helburua?

Bai, irakurlea imajinatzea bera ere gaizki ulertu batean dagoela, oso ongi ulertu gabe zer den gertatu dena eta bukaeran ohartzea, horixe zen nire helburua. Ez dira beste munduko gertakizunak, pertsonen arteko hartu-emanak dira narrazioak eta irakurlearen irribarre gaiztoa ateratzea da helburua. Irribarrea klabea da niretzat, horrek esan nahiko lukeelako ulertu duela ipuina. Eta nahi nuke momentu batean auzo-lotsa modukoa sentitzea.

Ipuin maleziatsuak dira idatzi dituzunak?

Puntu maleziatsua eta gaixtoa dute, ixa-rekin. Saiatzen naiz gaixto jartzen, gustatzen zait puntu hori, ez min egiteko asmoarekin, baizik eta buruan klik bat egiteko eta jendeari begiak irekitzeko eta gogoa pizteko. Gaixtoaren jan-tzia jartzen dut idazterako orduan. Zerbait oso borobila ateratzen bazait buelta ematen diot, pizgarri bat lortu nahian.

Narrazioetan garrantzi handia du esaten denak, baina baita ere esaten ez denak, esan gabekoek.

Bizitzan horrela da. Orain ari naiz Garazi Arrula eta Eider Rodriguezen liburuak irakurtzen eta ideia hori oso presente dugu. Hartu-emanen inguruan pentsatzen baduzu, zen-tzu zabalenean, denok izan ditugu horrelako egoerak: gauza bat esan eta bestea pentsatu, gauza bat entzun eta bestea ulertu, gauza bat ez esatea erabaki, gauzak isildu.... Bizitza errealean gauza asko isiltzen ditugu oso gustura esango genituzkeenak, eta ziur nago osasun ikaragarria ekarriko liguketenak. Giro hori harrapatzen saiatu naiz.

Hitz bakarreko izenburua dute narrazioek. Zergatik?

Hainbeste praktikatzen dudanez hizkuntzaren ekonomia, praktikatu nahi nuen ipuinen izenburuetan ere. Asko aldatu ditut izenburuak, segur aski luzeak idatzi ditudanean baino gehiago. Sudurra narrazioan Pinotxo jarri behar nuen, baina konturatu nintzen gehiegi markatzen nuela narrazioa; edo Belarri narrazioan Musikaria izan zen aurreneko izenburua. Fokua beste alde batera bideratzea nahi nuen.

Baduzu narrazio faboritorik edo guztiak maite dituzu berdin?

Guztiak maite ditut asko. Batzuk gehiago sufriarazi didate besteek baino, baina badago bat bereziki gustatzen zaidana: Memoria. Egia esan ez dakit oso ongi arrazoia zein den. Ipuin bakoitza maitatzen saiatzen naiz arrazoi jakin batengatik, bakoitzak badu arrazoi bat. Baina Memoria maite dut bereziki. Samurtasunarengatik izan daiteke. Horrez gain, Sudurra idazten sekulako barreak bota ditut, Profanazioa narrazioak hiru hilabete zoratuta eduki nau eta Terapia asko gustatzen zait, kontatu nahi dudan guztia kontatu dudalako orri eta erdian.

Pozik zaude emaitzarekin?

Oso gustura nago eta ez da oso ohikoa nik hori esatea, exijentzia maila handia dudalako nire buruarekiko. Pozik nago egindako lanaz, sentitzen dut hori zela nahi nuena. Eta hori ez da askotan lortzen. Asko gustatuko litzaidake jendeari gustatzea, baina hori ez dago gure esku. Askotan pentsatzen dut oso jende gutxiren-tzat ari garela lanean, baina ez du inporta; lor-tzen baduzu norbaiti gustatzea, konpartitzea momentu batean zure ikuspegia edo zerbait eragitea, uste dut helburua beteta duela egindako lanak.