iruñea - Durangon igandean jokatu zen saioarekin, Bertsolari Txapelketa Nagusiak urrats bat gehiago eman du BECeko finaleratz. Izan ere, finalaurrekoetako lehenengo itzuliko azken saioa zen Landako gunean jokatu zena. Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975) eskuratu zuen garaipena eta, hartaz, baita Iruñean ospatuko den finalaurrekorako pase zuzena ere. Saio jendetsua izan zen, 2.100 ikusle inguru bildu baitziren Durangoko aretoan.
Gainerako parte-hartzaileei dagokienez, 678,5 eskuratu zituen Miren Amurizak; 675 Jon Maiak; 671 Oihana Iguaranek; 648 Iñaki Apalategik; eta 639 Miren Artetxek.
Amaia Ugalderen gidaritzapean, zortziko handian, txikian, puntu-erantzunetan eta sei puntuko motzean aritu zen seikotea, eginbeharrekoak kartzelako lanarekin biribilduz: “Amaitu da ospakizuna, dena jasotzen ari zara” gaiari heldu zioten bertsolariek.
Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan ziren epaimahai-kideak eta idazkari lanetan aritu ziren Joxe Mari Altuna eta Nerea Goñi.
Durangoko Udala eta Durangaldeko bertso eskola eskertu zituen Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko emandako laguntzagatik.
Finalaurrekoetako lehen lau saioak eginda, 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian. Zuzenean sailkatu diren saioetako irabazleekin batera, puntuazio altuena lortu duten bertsolariak sailkatu dira txapelketan aurrera egiteko.
Sailkapena eta puntuazioa Maialen Lujanbio (750), Aitor Mendiluze (740,5), Sustrai Colina (705,5) eta Beñat Gaztelumendi (694,5) zuzenean sailkatu ziren bigarren itzulirako, jokatutako saioa irabazi baitzuten.
Puntuazioz sailkatu diren bertsolariak hauek izan dira: Aitor Sarriegi (705), Igor Elortza (703), Agin Laburu (690), Miren Amuriza (678,5), Jon Maia (671), Jon Martin (671), Oihana Iguaran (671), Jone Uria (669), Julio Soto (668,5), Unai Agirre (667,5), Nerea Ibarzabal (663), Etxahun Lekue (656,5), Alaia Martin (651) eta Iñaki Apalategi. Hartara, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Beñat Iguaran eta Nahikari Gabilondo fase honetan lehiatik kanpo gelditu diren sei bertsolariak izan dira.
Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean izango dira finalaurrekoak datozen hiru asteburuetan: azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an, hain zuzen. Saio horien ondoren erabakiko da, azkenik, zein izango den Bilboko BEC aretoko oholtzara igoko den zortzikotea.
Horretarako, bertsolari bakoi-tzak finalaurrekoetako lehenengo itzulian lortutako puntuak bigarren itzulian lortutakoei gehituko zaizkie. Puntuazio altuena lortu duten zazpi bertsolariak izanen dira finalerako sailkatuko direnak, Amets Arzallus egungo txapeldunarekin batera. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.
Finalaurrekoetako bigarren itzuliko saioetarako sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus atarian. Halaber, tokian tokiko salmenta puntuan ere erosi daitezke; eta saioen egunean bertan, ez badira lehenago agortu, leihatilan jarriko dira salgai.
egaña eta alberdi, kondestablean
‘Kafkaren aulkia’. Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariak Iruñeko Kondestablearen Jauregira iritsiko dira gaur, arratsaldeko 19.00etan, Bertsoaroa zikloaren eskutik. Pello Ramírez musikariarekin eta Iñigo Astiz kazetari eta idazlearekin batera, literatura, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute, Kafkaren aulkia izenburupean. Ordu terdiz, idazlearen eta bertsolarien hitzak, abestuak edo errezitatuak, tartekatuz joango dira, Ramírezen txelo eta akordeoi doinuak lagunduko dien bitartean. Hitza izanen da, betiere, emanaldiko protagonista nagusia.
Azaroaren 19an, Amurrioko Bañueta kiroldegian. Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibartzabal eta Sustrai Colina.
Azaroaren 26an, Donibane-Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio.
Abenduaren 2an, Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Aitor Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.