BILBO. Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria. BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere izan dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak jakinarazi du edizio honetako lelo nagusia "Sormenaren lurraldea DA!" izango dela. Bere esanetan, "gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza".
Bere iritziz, "sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak" dira lurralde horrek dituen elementu nagusiak. "Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela", esan du.
Edizio honetako kartelarri dagokionez, Jose Antonio Sistiaga margolaria izan da "sormenaren lurraldeari" irudia jartzeko arduraduna. "Impresiones en la alta atmosfera" pelikula esperimentalaren filmina batean oinarrituta egin du irudia. 1989an egin zuen, filmina guztiak eskuz margotuz, kamera barik. Lanak zazpi minutuko iraupena du, 10.000 filminaz osatuta dago eta ikusleak "munduaren sorrerara bidaia" egiten du. Gerediagako kide Txelu Angoitiak azaldu duenez, "bidaia luze horretatik, zeluloidean margoturiko milaka izar eta planetetatik bakarra berreskuratu dugu sormenaren lurraldea islatzeko".
Sistiagak 1968an erabili zuen lehen aldiz zeluloidean margotzeko teknika hau, "Era erera baleibu izik subua aruaren" pelikula esperimentalean. Teknika berritzailea izan zen, filmina guztiak eskuz margotutako lehenengo pelikula izan zelako, eta gaur egun eskuz margotutako film luze bakartzat hartzen da. 100.000 filmina baino gehiago margotu zituen, 17 hilabetez.
Sistiaga 1932. urtean jaio zen Donostian eta Euskal Herriko margolari garrantzitsuenetako bat da. Margolaritza ikasketak Parisen egin zituen, eta 1966an Gaur Euskal Artisten Elkartean parte hartu zuen, Oteiza, Txillida, Zumeta eta beste artista batzuekin batera. Azken urteetan hainbat erakusketa egin ditu nazioarteko museo eta galerietan.
IKASLE EGUNA
Bestalde, aurreko urteetan bezala, aurten ere ikaslez beteta izango dugu Ikasle Eguna. Bigarren egunean ospatuko da, abenduaren 7an, eta goizean Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleek hainbat tailer izango dituzte eskura. Irailean ireki zen izen ematea, eta jada tailerretako leku guztiak bete dira. Egun honetan, ikasleak etortzeaz gain, publiko orokorrak ere Azokako ateak zabalik izango ditu.
Iaz lehenengo aldiz, Durangoko Azokak helduentzako tailerrak antolatu zituen Ikasle Egunaren baitan, batik bat berbalagun eta euskaltegietako ikasleei begira, eta aurten bigarren aldiz antolatuko ditu. Izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 31 arte, eta www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egin beharko da.
Tailer guztiak abenduaren 7an izango dira, arratsaldez, hainbat gunetan: Rap tailerra, musika hiri-kulturak (Ahotsenea); Durangoko bonbardaketako aztarnak, bisita gidatua (Areto nagusia); Bikoizketa tailerra (Irudienea); Autodefentsa digitalaren hastapenak (Kabi@).
HERRIZ HERRI
Bestalde, irailaren 29an Tafallan lehenengo geldialdia egin eta gero, Durangoko Azokak herriz herri jarraituko du hurrengo asteetan, Ahotsenearen hamargarren urteurrena ospatu eta kulturaren plaza zabaltzeko asmoz. Hurrengo geltokia Bilbon izango da, urriaren 20an, Biba kulturgunean. Argazki erakusketarekin batera, emanaldia egongo da Mikel Etxaburu idazlearekin eta Kintsukoroi musika taldearekin, 20:00etan. Erakusketa jada ikus daiteke BIBA eta Adaxkan.
Horren ostean Gasteizen eta Azpeitian ere hitzorduak egongo dira, azaroan. Zehazki, Gasteiz DA! azaroaren 3an izango da, 20:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean, eta Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxaga musikariek eta Karmele Jaio idazleak parte hartuko dute. Erakusketa azaroaren 3tik 19ra izango da ikusgai.
Azpeitia DA!, aldiz, azaroaren 16an izango da, 20:00etan, San Agustin Kulturgunean, eta Gorka Urbizu musikariak eta Gotzon Barandiaran idazleak parte hartuko dute. Erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 3ra arte ikusi ahalko da.