Audience taldeak 1999ko abenduaren 30ean eman zuen bere lehen kontzertua, Gernikako Metropol aretoan. Mende aldaketaren ateetan hasi zuten bidaia gernikarrek, “2000 efektuaren bezperetan” eta ia hemezortzi urte igaro ondoren, musikaren bidean jarraitzen dute. Kuban grabatutako Isla lanarekin begi bistan geratzen da Audiencek ez diola bere burua eraldatzeari utzi.
Ortozik izeneko proiektua hasi zuten 1995ean, boskotea ziren orduan ere. “Talde horretan geunden gerora Audience izango ginenen bostetik lau; abeslaria aldatuta, esan dezakegu Audience dela Ortozik taldearen ondorengo zuzena”, kontatu du Gaizka Insunza taldekideak (ahotsa, gitarra, teklatuak, saxoa). 1998an abeslariak taldea utzi zuenean, gainontzeko laurek taldeari beste bide bat ematea erabaki zuten. Hor aldaketa eman zen, eta ingeleserantz jo zuten, “modu naturalean”. Insunzak hartu zuen abeslari papera: “Ameriketan egon nintzen urtebetez eta musika amerikarra eta ingelesarekiko lotura handiagoa izan dut betidanik”, kontatu du.
Ibilbide sendoa duen taldea da Audience, hala nola, Berde Produkzioak-en Amerikanuak eta Jai Alai Blues dokumentalen soinu bandak ere sortu dituzte azken urteetan. Ohiko disko bat sortzearekin konparatuz, halako esperientziak gauzatzean ezberdintasun handia dagoela azaldu dute taldekideek, batez ere lan egiteko dinamikan; izan ere, ez da zerotik hasitako sormen proiektu bat. “Irudiek baldin-tzatu egiten zaituzte, musikaren kontzeptuak eta iraupenak ere bai. Adibidez, zuzendariak eskatu ahal dizu 42 segundoko pieza bat egiteko. Beste modu batera sortzeko aukera eman zigun lan horrek, eta gure-tzako benetan oso aberasgarria izan da”, kontatu du Insunzak.
Dokumental biren soinu banda sortu dute, baina lan biak elkarren artean oso ezberdinak izan direla nabarmendu dute. AEBtako mendebaldean bizi diren euskaldun etorkinen egunerokotasunari buruzko lana da Amerikanuak. “Gaia berdintsua zen eta kokaleku bakarra baino ez zegoen. Hau da, euskaldunak Ameriketan cowboy itxurarekin ikusten dituzu. Kon-tzeptu horrek guk garai hartan egiten genuen musikarekin oso ondo enkajatzen zuela uste dut. Oso amerikarrak diren musika tresnak erabiltzen ditugu, euskal kultura gure geneetan barneratuta dugu, eta era naturalean sortu zen guztia”.
Bestalde, Jai Alai Blues zesta puntaren historiari buruzko dokumentalerako musika konposatzeak “zailtasun handiagoa” izan zuela aitortu du Insunzak. “Pelikulak aurkezten du zesta puntaren bidaia, eta hori Txinatik pasatzen da, Filipinetatik, Kubara doa, Mexikora, Miamin dauka arrakasta? Narrazioaren erritmoa oso handia denez, musikaren bidez kokaleku ezberdinak komunikatu nahi genituen. Pelikulak salto egiten badu Euskal Herritik Kubara, gu musikarekin saiatu behar ginen adierazten ikuslea ikusten dagoena Kuban dagoela; musikak lagundu behar dio ikusleari bere burua pelikulan zehar kokatzen. Hori esfortzu handiagoa izan zen, gure gureak ez diren estilo batzuetan ere barneratu behar izan genuelako”, oroitu du Insunzak.
Musikarekin bidaiatuz Euren musikak egiten duen bezala, taldekideek ere bidaiatzea erabaki dute euren proiektu berrian. Habanara, hain zuzen. Ez da lan bat grabatzera atzerrira jotzen duten lehen aldia, ordea. Aurreko lanarekin -Big Affair (2013)- New Jerseyn (AEB) izan ziren, John Agnello ekoizle ezagunarekin. 70eko hamarkadan Aerosmith taldearekin lan egindakoa da Agnello, Bob Dylanen abesti bat nahastu du eta Mick Jaggerrekin ere aritu da. “Gainera, 90eko hamarkadako soinua duen ekoizlea da, eta guri Nirvana eta parekoak asko gusta-tzen zaizkigunez, eragin handia izan dute gure musikan. Agnellorekin lan egitea guretzat plazer hutsa izan da”, kontatu du Insunzak.
Urteek aurrera egin ahala, gernikarrak euren lanak eraldatzen saiatu dira, esperientzia berriak frogatuz. “Guretzat oso garrantzitsua da proiektu berri bat egiten dugunean, aukerak edukitzea musikari eta talde gisa hazteko. Hemen, Euskal Herrian, batzuetan zirkuituan zaila izaten da gauza ezberdinak egitea, aurreko diskoekin jada egin ez duzun zerbait egitea. Ez gara kexa-tzen, baina hainbeste urte eta gero, aldaketaren bat ondo dator”.
Aspaldiko ideia batetik Kuban bukatu du oraingoan boskoteak: Gaizka Insunzarekin batera, Ager Insunzak (ahotsa, gitarra, teklatuak, biolina), Andoni Lauzirikak (baxua), Ruben Garateak (akordeoia, ahotsa, teklatua, gitarra) eta Ander Marino Elorzak (bateria, perkusioa). “Kaki Arkarazo produktorearekin aspaldi izandako elkarrizketa batetik dator guztia”, azaldu du Garateak. 2009. urtea zen, eta Arkarazorekin A Shake In Calm Water diskoa grabatzen ari ziren. Bitartean, produktorea Kuban zegoen, Amparo Sanchez musikari madrildarrarekin Tucson-Habana lana grabatzen. “Komentatu zigun egunen batean Kuban grabatzeko interesatuta egongo bagina esateko, eta disko berriaren ideia izan genuenean gogorarazi egin genion. Posible da Kubara joan eta bertako musikariekin jotzea?”.
Hori izan da taldekideen esanetan pizgarri nagusia, bertako musikariekin egon eta harreman zuzena izatea. Horretarako, Matxitxa-ren laguntza ezinbestekoa izan dute. Euskal Herriko kultura eta musika industrian figura erreferentea izan da Matxitxa; Itoiz edo Negu Gorriak bezalako taldeen managerra izan zen, besteak beste. “Garai batean Kubara joan zen, eta gainera bertako musikaren zale handia da. Bertan lagun handiak egin ditu musikan eta estudioetan”, kontatu du Garateak. Estudio biren artean egon ziren zalantzan Audience-eko kideak. Batetik, EGREM. Buena Vista Social Club Kubako musikaren album ezaguna grabatu zen bertan. “Bestetik, Abdala estudioak; hauek aukeratu genituen, Silvio Rodriguez musikariaren ekimenez sortutako proiektua da eta Kubako gobernuak finantzatutakoa”.
kubatarr kutsua Urri hasieran ikusiko du argia Isla-k, baina jada abesti bat badago entzungai, El tres, el quinto y el tumbao izenekoa. Audience zaleei kostatuko zaie doinu horietan taldea identifikatzen. Izan ere, aurrerapen kanta hau da diskoko kanta “kubatarrena”. “Abesti hori orain entzuten dudanean ikusten dut kubatarrek magia eman digutela”, kontatu du Insunzak. “Oinarrizko basea guk egin dugu, baina bertako musikariek eman diotena asko da. Etxean, Audience ezagutzen duen jendeari abesti hori jar-tzen diegunean, lehenengo erreakzioa ez sinestea da. Nire lagunek ez zuten sinesten gu ginenik”.
Izan ere, diskoko beste abesti ba-tzuetan kolaboratzaileek banan-banan parte hartzen duten arren, El tres, el quinto y el tumbao kantan denak daude. “Agerrek sortu zuen letra eta Osanay Martinez estudiora heldu zenean aho zabalik gelditu ginen. Estudioan bertan letra erakutsi eta estrofa batzuk gehitu zituen momentuan bertan. Bi tomatan abesti ezberdin bi egin zituen, gero aukeratu egin behar izan genuen. Sekulako ahotsak entzutera ohituta gaude, baina metro batera pertsona batek maila horretan abestea zirraragarria da”, kontatu du Garateak. Dena dela, bai Insunzak eta baita Garateak ere, hori ez dela diskoaren ildo orokorra argitu dute. “Bidaia” baten moduan planteatu diote Isla entzuleari. “Oso Audience hasten da, diskoaren erdialdean bidaia egiten dugu Kubara, eta bukaeran berriro ere itzultzen gara gure estilora. Gurekin batera bidaiatzea modukoa da”.
BIDAIA MUSIKALA Hamabi egunez egon ziren Habanan Audience-eko kideak, buru belarri diskoa grabatzen eta bertako esperientzia musikal eta pertsonala momentu oro xurgatzen. “Handik bueltatu ginenean mundu guztiak galdetzen zigun ea malekoia eta toki tipikoak bisitatu genituen. Egia esan, ez gara inon ere egon. Bidaia hain musikala izan da, non gure auzotxoan egon garen sartuta. Goizetan altxatu eta arratsaldean grabatzen genuenez, urduri geunden, gogotsu ea egunak zer emango zuen”, gogoratu du Garateak.
Isla izena jarri dio Audience-ek bere lan berriari. Hitz jokoa sortu nahi izan dute tituluan. Irlatik dator, Habana urrunetik, baina baita euskarazko isla esanahitik ere. Taldekideak bat datoz, disko honek momentuaren eta ingurukoen eragin handia izan duela esatean. “Orokorrean Audience inongo influen-tziarik gabekoak izan gara, oso hermetikoak. Disko honetan, ordea, ez da hori gertatzen eta gure eboluzioaren ondorio da hori, baita gure inguruan izan dugun jendearen ondorio edo eragina ere. Isla-k hori guztia moduren baten jaso egiten du”.