Tranbiatik metrora egin dugu jauzi, gero metrotik autobusera, eta pauso bizian ibili gara etorbideetatik, kale estuetatik eta plazetatik, Vienako bazterrik esanguratsuenak bisitatuz. Katedraleko katakonba kristauen gainetik joan gara paseoan, baina ez gara dorrera igo, zeren gaur, eskaileretan gora arnasestuka joatearren, sarrera ordaindu behar baitzen. Turista-oldea saihestu dugu, japoniarrak eta italiarrak driblatu ditugu, Danubio ibaia usaindu dugu, eta, gero, esprinta jo dugu Zaha Hadiden eraikin baten alboan.

Izozki-denda ospetsu baten paretik igaro gara, inguru judutarra bisitatu dugu, Gutenbergen estatua bat agurtu, eta interes handirik gabe zeharkatu dugu Hitlerrek diskurtsoak botatzen zituen tokia. Pixka bat harago, emakume ijito batek lore bat eman digu Maria Teresa plazan, eta, azkenik, Ahmedek azaldu digun moduan, “erregearen etxea” ikusi dugu: Hofburg jauregi inperial izugarria. Bai, hementxe egiten zuen lo Sissi enperatrizak, eta hantxe txukuntzen zuen bibotea Frantzisko Josef kaiserrak.

Baina, tour turistiko honetan, beste zerbaitetan eman dugu denbora gehiena: hiriko antzoki, opera eta arte-galeria guztietara sartu gara. Ahmedek den-denak ditu kontrolpean. Bainugela musikalizatu bitxi bat ere bisitatu dugu, Vienako opera handiko metro-geltokian ezkutatuta dagoena. Radetzky martxaren edota Danubio Urdineko balsaren doinupean egin daiteke txiza, euro-zentimo batzuen truke. Hori da Ahmedi gehien gustatzen zaion Viena.

Izan ere, Ahmedek goitik behera aldatu zituen planak, hiri hau eta bertako kale eta antzokiak lehen aldiz ikusi zituenean. Eta erabaki zuen hemen geratuko zela bizitzen. Birritan pentsatu gabe. Ahmeden asmoa Suedian bizitzea zen. Edo hori esan zigun elkar ezagutu genuenean. 2015eko irailean izan zen hori, Idomeni eta Gevgelija arteko tren-estazioko geraleku zaharrean, Greziaren eta garai batean Jugoslaviako errepublika izandako Mazedoniaren artean. Toki hura jendez gainezka zegoen: ehunka pertsona, muga-igarobide hartako alanbre arantzaduna noiz irekiko ote zen zain. Hantxe zeuden Ahmed eta bere lagun Mohanad.

Ahmed Hassim 23 urteko aktore gaztea da, mutil alaia, Bagdadekoa. Bere laguna, Mohanad, zine-zuzendaria da. Biek amaitu zituzten ikasketak Bagdadeko Arteen Akademian, eta Irakeko indarkeriatik alde egitea erabaki zuten, bidaia klandestinoan, beste lekuren batean aterpea aurkitu nahian. Hilabete batzuk lehenago, poliziak jipoi ederra eman zion Ahmedi, kale-antzerkia eta herritarren beste askatasun batzuk eska-tzen zituen manifestazio batean. Bere telefono mugikorra hartuta, fitxa polizialeko argazkiak erakutsi zizkigun: hanka bat igeltsuarekin, eta ubeldura-bilduma galanta. Bagdadeko inauterietako eskumuturrekoa ere erakutsi zigun. Aste batzuk lehenago izan ziren inauteriak, eta jaialdiaren lemak hauxe zioen, ironikoki: Baghdad, city of Peace (“Bagdad, bakearen hiria”). Paradoxa hutsa; izan ere, herrialde horrek urteak daramatza gerra fratrizida betean, alde guztiak astintzen dituen indarkeriarekin, atentatuak jasanez egunero, eta Estatu Islamikoaren mehatxupean, beste gauza itsusi askoren artean.

INDARKERIATIK IHESI Bizimodu baketsua ez da bideragarria Iraken. Ahmedek anaia galdu zuen bonba baten ondorioz. Ama, berriz, Ahmeden arreba gaztearekin bizi da Faluya hirian, eta aita militarra da, gobernuarentzat egiten du lan. Ahmedek, indarkeriarekin kokoteraino, handik ihes egitea erabaki zuen: aurreztuta zeukan dirua mafien esku jarri, eta Mediterraneoa zeharkatu zuen on-tzi puzgarri horietako batean, bizia arriskuan jarrita. 2015ean Mediterraneoan desagertu ziren 3.700 pertsonetako bat izan zitekeen bera, edo, itsaso hori zeharkatu eta Europara iritsi nahian, 2016an itota hil ziren 5.000tik gora pertsonetako bat.

Orain, Ahmed Vienan bizi da. Erabaki zuen hemen geratuko zela bizi-tzen, hirian hainbeste antzoki, arte-adierazpen eta ikuskizun zeudela konturatzean. “Aktorea naizen aldetik, hau luxua da. Toki zoragarria”, diosku, pozarren. Ahmedek 40 euro jasotzen ditu hilean, laguntza gisa. Horrekin, jakina, ezinezkoa da hiri honetan modu duinean bizitzea. Errefuxiatutzat onar dezaten edo paperak eman diezazkioten itxaroten duen bitartean, pisua konparti-tzen du beste irakiar gazte batzuekin eta ihes egindako musikari irandar batekin. Mutil gaztea da, musika arloko prestakuntza jasotakoa; baina ihesean doa, bere jarduera artistikoaren zati handi bat ere jazarria delako. Batzuetan ahaztu egiten zaigu Europako ateetan uzten ditugun gazteetako asko, erbestearen bila dabiltzanak, beharbada, euren sorterrietako Pablo Picasso, Garcia Lorca, Pablo Neruda, Freddie Mercury, Albert Einstein edo Vladimir Nabokov izan daitezkeela. Aipatutako horiek ere, ihes egindako eta erbesteratutako jende paregabea, mundua ikusteko dugun modua aldarazi zuten.

Bitartean, Ahmedek antzezlanetan eta performanceetan kolaboratzen du, lan komunitarioak egiten ditu, harrera egin dion gizartean baliagarria izaten saiatzen da. Alemana ikasten du eta eszenografia-eskolan eman du izena, unibertsitateko ikasle gisa. Dagoeneko zenbait obra an-tzeztu ditu Vienan, gazte gay baten eta musulman baten rolean, esate baterako.